Ardura deusku Uzbekistanen jazotakoak?
Independentzia esaten dogu, baina ez dogu esaten askatasuna lortu ebenik. Sobiet Batasunetik sortutako errepublikak ez dira ezelan be herrialde demokratikoak. Lantzean behin jatorkuzan barrien arabera, errepublika honeetan errejimen autoritarioak dagoz indarrean (‘indarrean’ berbeak zentzu bi daukaz). Diktadore sobietarren modura, bertoko agintariek be ez dabe ezelako errespeturik euren herritarrakazko. Holan, ez da harritzekoa lantzean behin protestak izatea errepublika horreetan.
Orain gitxi jakin izan dogu Ukranian eta Kirguizistanen matxinadak izan dirala gobernuen kontra hauteskundeetan iruzurra egin izan ebelako. Turkmenistanen eta Bielorrusian oso errejimen gogorrak dagoz. Putinen Errusia be ez da askoz goxoagoa. Eta Uzbekistanetik etorri jakuzan barrien arabera, gobernuak matxinatutako uritarren kontra egin dau. Ondorioz, ehundaka persona hil dira.
Nazinoartean ez da protesta handiegirik izan Uzbekistaneko gobernuaren kontra. Berehala gura izan eban bertako gobernuak errua ganetik kendu matxinatutakoak islamiarrak zirala esanez. Islamiarrak aurrean dagozala esatea, antza, jaboirik onena da errejimen batek eragiten dauen odola garbitzeko. Lerro artean esaten jaku Uzbekistanen estadubatuarren baseak dagozala eta, batzuen salaketen arabera, Mendebaldeko potentzia askok kartzelak daukiez bertan. Kartzela honeetan mundu osoko islamiarrak dagoz, informazinoa lortu guran. Eta jakin badakigu informazinoa lortzeko orduan herri batzuetan giza eskubideak berba hutsak dirala, are gehiago terrorismoaren kontrako burrukan.
Interes handiak dagoz kiribilduta herri hareetan. Jakin badakigu zonalde haretan lehengai estrategikoak dagozala. Badakigu, ganera, leku estrategikoa dala, Afganistanegaz mugan dago eta. Baina nire ustez, demokrazian, pasau behar ez diran mugak dagoz, derrigor mantendu beharreko printzipioak. Badago adi egoteko beharra, bai hemen zein urruneko herri hareetan, giza eskubideak gizaki guztiei zor jakez eta.
Iñaki Atxutegi
Ez da erraza gure mugetatik kanpoko jazoeren ganeko eretxirik emotea. Egia da gure herria informazino iturri aberatsa dala eta gure informazino egarria bertoko kontuakaz asetzen dogula. Kanpoko jazoerek oso deigarriak izan behar dabe gure arretea erakarteko.
Honexegaitik ez deutsagu garrantzia berezirik eskaini Uzbekistanen jazotakoari. Akordetan gara bai komunismoa desagertu zanean eta orduko Ekialdeko herrien iraultzak ezagutu genduzanean zirrara moduko bat sentiduten genduala. Gero, apur bat ahaztu doguz Alemaniatik harantza dagozan herriak.
Urrun dagozan ekialdeko herri gehienak, apurka apurka, instituzino europarretan sartzen dabilz edo sartuko dira hemendik gitxira. Ahaztu egin dogu, hala eta guztiz be, Sobiet Batasuna desegin zanean, independentzia lortu eben Asiako herri batzuen egoerea.