Les soeurs fâchées
Frantziako aktoresa helduak itzel gustetan jataz. Sekula ez dira zahartzen, urterik urtera erakargarriago dagoz eta denporearen podesuz gero eta antzezpen lan hobeak egiten dabez. Zinearen benetako andreak dira eta pantaila menperatzen dabe euren adikune, keinu eta berbei esker. Glamour bako edertasunez betetako Hollywood-eko star system femeninoa ordezkatu eta eskubide osoz oratu deutsie Bette Davis-ek, Garbok, Katharine Hepburn-ek eta ganerakoek itxitako lekukoari.
'Les soeurs fâchées' film atsegina da. Antzezle nagusi biren arteko norgehiagoka ahaztezina eskaintzen dau; edozelan be, Catherine Frot probintziano, bizi eta atseginaren eta Isabelle Hupprert uritar, zital eta garratzaren arteko lehia honetan ezin naiteke objektiboa izan. Gurago dot Martine Demouthy personaia frigido, zakar, hotz, aldarte txarreko eta ederraren lana. Baina, zaletasunak zaletasun, film hau komedia eta dramearen arteko film ona egiteko eredu bikaina da. Larregikeria, moralismo, dobako gaitzespen eta amaiera zoriontsu barik. Desbardinak baizen inperfektuak diran ahizta biren bizitzako hiru egun. Horren atzean, adulterioa, burrukak, irainak eta Paris, betiko Paris zoragarria.
Joseba Terreros
-Zuzendaria eta gidoia: Alexandra Leclère.
-Herrialdea: Frantzia.
-Iraupena: 93 minutu.
-Antzezleak: Isabelle Huppert (Martine Demouthy), Catherine Frot (Louise Mollet), François Berléand (Pierre Demouthy), Brigitte Catillon (Sophie), Michel Vuillermoz (Richard), Christiane Millet (Géraldine), Rose Thiéry (Fernanda), Bruno Chiche (Charles), Jean-Philippe Puymartin (Editor), Antoine Beaufils (Alexandre).
-Argazkia: Michel Amathieu.
-Muntaia: Hervé de Luze eta Jacqueline Mariani.