Zinea  IV. urtea // 111. zenbakia

Star Wars III. Revenge of the Sith ikusgai daborduko


Arrakasta handia Cannesen

Star Wars-ek jarraitzaile asko daukaz munduan zehar, eta askok, ganera, izugarri miresten dabe Lucasen obra nagusia. Horregaitik, Los Angeles urian jarraitzaile askok hilebete emon dabe begira Hollywoodeko Txinatar Antzokiaren aurrean, filma ikusten lehenak izateko. Dana dala, Hollywooden gauzak beti era handikian egiten dabez, eta Txinatar Antzokian begira egondako ikus-entzuleak ez dira filma ikusi daben lehenak, pelikulea maiatzaren 12an Hiesaren aurkako ongintza ekitaldi batean estreinau zan eta.

George Lucasek 1978an Star Wars-eko 9 pelikula egingo ebazala esan eban, baina Rick McCallum produktoreak adierazo dauenez, maiatzaren 19an estreinau dan Episode III: Revenge of the Sith filmak itxiko dau istorioa.

Ganera, Marco Tullio Giordanaren 'Quando sei nato non puoi piu nasconderti' eta Carlos Reygadasen 'Batalla en el cielo' Urregorrizko Palmondoa eskuratzeko lehian ibili dira; edozelan be, 'Star Wars, episode III: Revenge of the Sith' filma lehiaketatik kanpo emon arren, egun berean pantailaratu zan ezkero, azken honek eskuratu eban prentsearen arreta osoa Canneseko zinemaldian.

Joseba Terreros

George Lucasen Star Wars pelikulen saila betiko itxiko ei da hirugarren eta azken atala estreinaukeran. Zale guztiek Anakyn Skywalker jedi gaztea Darth Vader maltzur eta zitala izateko saltoa egiten ikusi ahal izango dabe pantailetan. Gauzak holan dirala, hemendik aurrera zineko gerrarik ospetsuenaren seigarren filma ikusi ahal izango dogu.

George Lucas zuzendariak lehenengo filma 1977an egin eban, eta ha laugarren atala izan zan. Oraingoan ikus-entzuleak amaierearen jakinaren ganean dagoz daborduko: indarraren alde ilunak erakarriko dau Anakin gaztea (Hayden Christiansen), eta Luke eta Leia neba-arreben aita dana jakingo da. Ikusle gehien batuko dauzen filmetako bat izango da ezelango duda barik.

Hirugarren eta azken atal honetan kontetan dana 1977an filmautako Star Wars filmeko istorioaren aurrekaria da. Clon gerrak hasi eta hiru urte geroago abiatzen da. Burrukaldia amaierara ailegetako zorian da buruzagi independentistarik gehienak hil dabezalako, eta Palpatine kantziler gorenak Jedi guztiak hilteko agindua emongo deutso Klonen gudarosteari. Palpaine-gaz batera, Anakin Skywalker Jedi gaztea dago; honek bere arimea saldu dau "Indarra" erabilteko sekretuen truke.

Filmak aurreko eta ondorengo ataletako sekretu guztiak buztartzen dauz, eta era horretara, Luken eta Leiaren jaiotzea eta banaketea, Joda eta Enperadorearen, eta Obi Wan Kenobi eta Anakin Skywalkerren arteko burrukak ikusi daitekez.

Revenge of the Sith 2003 urtean hasi zan filmetan, eta aurten amaitu da. George Lucasek barriro be aurreko filmeko hiru protagonistakaz egin dau behar, Natalie Portman, Ewan McGregor eta Hayden Christensen aktoreakaz, hatan be. Lehen trilogia positiboa zala eta oraingoa, ostera, iluna dala esan dau Lucasek, oraingoan filmak adiskidetasunaren amaierea eta arimearen ustelkeria daukazalako gai nagusi. Hori dala eta, Lucas berak eskatu eban filma AEBetan hamahiru urtetik beherakoei galarazotea.