Iraultza teknologikoa
Duda etikoak
Edozein kasutan be, teknologia eta gorputza buztartzen dauzan etorkizun honek duda eta ezbai etikoak sortu eragiten dauz.
Teknologiak gure erropen, bitxien eta azalaren zati garrantzitsua beteko badau, zorrotz eta patxadaz pentsau beharko da horrek gizakiei ekarriko deutsenaren ganean.
Teknologiako akademiko eta adituek Londresko Royal Society-n emondako berbaldi batean, Susan Greenfield neurozientzialariak adierazo eban 'ezin garala etorkizunera abiatu lo ibiltariak bagina lez'.
Adierazpenak adierazpen, teknologia hori guztiori guregana hurreratzen doa. Daborduko erropatan erabili daitekezan konputagailu eta sentsoreak egin dira. Japonian MP3ko irakurgailuak txertatuta daukiezan jakeak eta txamarrak saltzen dira, elektrizidadea eroateko gauza diran oihal batez eginak eta besoei jositako tekladu eta guzti. Azken honeek dendan daukaguz eta hori ez da zientzia fikzinoa, errealidade hutsa baino.
Begiluzea
Seguru antzean, 2020an dei bat egiteko eskuko telefonoak erabiltea modaz kanpokoa izango da. Ordurako, sakelako telefonoak eskumuturretan edo gorputzaren edozein ataletan zuzenean txertatuta eukiko doguz, beti be Ian Pearson futurologoak baieztatzen dauenari jarraituz.
'Interkonektaturiko mundu modura ezagutzen dan kontzeptua da; mundu horretan mikrozirkuituak nongura azaltzen dira', azaldu dau Pearson-ek.
Futurologo honek ez dauka kristalezko bola bat; beraren lana eta zeregina zera izaten da: gaur egungo zientzia eta teknologiaren jokaeren eta ideien ganean hausnartzea, industriak hurreko etorkizunean gidatu ahal izateko.
Lan horren aurreikuspenen arabera, hainbat objektuk gugaz batera jardungo dabe; gauzak holan dirala, inguratuta egongo gara kaleetan, etxeetan, gorputzetan, bai eta seguru antzean buruetan be; toki honeetan guztietan informazinoa prozesatzeko eta, beraz, neurri batean 'pentsetako' gauza diran objektuak eukiko doguz.
Ikuspegi barriak
Beti sortzen izan doguz teknologiaren inteligentzia, txikitasun eta ikusezintasunaren ganeko ideak. Orain arte etorkizuneko teknologia modura nagusitu diran irudiak buruari edo eskumuturrei lotutako tramankulu eta tresna elektronikoak izan dira.
Edozelan be, ikuspegi barriak eratzen hasi dira eta, horreen arabera, hasteko eta behin erropak erabiliko doguz funtzionaltasun, forma edota estetikea handitzeko. Material horreek daborduko hainbat tresna elektroniko diseinetako itxurea aldatzen hasi dira.
Une honetan gehien eskatzen dan tresnetariko bat, MP3 irakurgailua, desagertu eta gure erropetan txertatu leiteke, Pearson-ek adierazotakoaren arabera.
'Halanda ze, gure poltsikoak beteten dabezan artikuluak, oihaletan sartzen doguzanean, leku asko berreskuratuko dogu. Ganera, tresna elektronikoak ez doguz ikusi behar izango', erantsi eban futurologo ospetsuak.
Teknologia eroangarriak gorputzaren berotasuna erabiliko dau kargetako; era berean, 'bideo tatuajeak' edo ikutzeko lente inteligenteak telebistako pantaila lez erabili ahal izango dira, esate baterako bidaia bat egiten dabilzanen kasuan.