Ibilbide literarioak Euskal Herrian
Gabriel Aresti (Uria, Herria, Harria)
Literaturea etxe ondoko kale kantoian zure belarrien zain dagoan musikaria da, edota lorategiko bankuaren ertzetik usoei begira bizi dan gizona. Literatureak ke distirea dauka eta farola usaina. Goizero tranbia hartzen dau lantokira joateko eta Plaza Biribiletik pasetan danean, Diego Lopez de Harok agur egiten deutso eskoiko eskuagaz, ezkerrekoagaz kaskoari eusten deutsolako. Begoñako Ama Birjina itxaroten dauka San Anton zubian, uriko armarriaren paisajea beragaz erretratu bat atarateko Nerbioiko islari. Casilda Iturrizarren parkeko larre batean etxun eta Santimamiko lehoien orroak entzuten dauz. Literatura uria da. Literaturea Bilbo da.
Txango honetan, Euskal Herriko uririk handiena ezagutuko dogu. Bilbo portuagaz lotuta dago derrigorrez. Bere historia itsasadarragaz eta merkataritzeagaz batera doa: Gaztelako artileak Herbeheretara ailegau behar eban eta arrantzale portua herri merkatari bihurtu zan. Industrializazinoak, gerora, herria uri bihurrarazo eban. Labe garaiak, meatzaritzea, ontziolak... hori bera izango da geure abiapuntua be. Euskaldunako zubi ondoan oraindino azken garabien ispilua agiri da uretan, Gabriel Arestik Zorrotzako portuko kontulariak ezagutu ebazan ur bertsuetan.
Lauaxeta hil eta mende lauren eskasera jaio zan, euskerea galdu barriko familia karlista batean. Gurasoek errieta erderaz egingo eutsien arren, Arestik poesia idazten dau –besteak beste– eta euskeraz egiten dau, ikasitako euskerean, oraindino batu barik dagoan euskera klaroan. Hizkuntza bi horreen arteko zubi lanean jardun eban bere bizitzearen zati handi batean, Bilboko Zubizuri zubiak mundu bi lotzen dauzen lez.
Halanda be, asko izango dira bizitzearen ibilbide luzean ezagutuko dauzenak. Basurtun egoala Oteizari berba egiten eutson goitik beherako esaldiak idatziz, telebistarik erosteko boltsiloko zuloak uxatzen ebazan artean.
Ibaian gora, Bilboko udaletxera ailegauko gara, Arestiren ustez herritarren ahotsaren oihartzuna izan beharko leukenera. Poesiaren eta antzerkiaren bidez haren ideiak gizarteratu ebazan orduko frankismoaren kontra eta frankismoak eregiteko gizarte moldeen kontra. Bere barruan daukaz Arestik urian agiri diran kontraesanak: euskera galdua, aita Zornotza aldeko euskal familiako karlistea, ama Kantabria aldetik etorria, emaztea be etorkinen alabea...
Udaletxeko zubitik gora Albiako lorategietan zehar Plaza Biribilera helduko gara. Asko dira ikusiko ez doguzan Bilboko bazterrak, Arestik hainbestetan aitatuko dauzenak bere lanetan: Zorrotza, Otxarkoaga, Karmelo, Basurtu eta antzeko auzoak; Bilbo, bai, baina langile eta etorkinen auzoak. Plaza Biribilaren txoko batean geldi eta isilik egon ezkero, berehala ikusiko doguz Arestiren bildurrak: bizitzea, hizkuntzea, dirua... Danak. Idazleak ez ekian zer gura eban, baina baekian zer ez eban gura.
Nahiak eta ezinak olerkiz ez eze, bertsoz eta antzerki hitzez be zabaldu ebazan. Arenalean Enbeitatar bertsolari handi baten eskultura txikiak haren hitz neurtu hoskideen soinua gogora ekarten deusku. Crisostomo Arriagaren ‘Mozart’ euskaldunaren omenez eregitako antzokiak, barriz, bere ideia eta keinuen irudia marrazten deusku Boulevard kafearen espaloi aurrean.
Arestik ez eukan Bilbotik alde egiteko asmorik, Eibarren eta Ean bere bizitzaren zenbait urrats eman baebazan be. Etorkinek euskerearen arnas barria dakarre, baina uriak berak kutsatzen eta birmoldatzen dau. Euskaltzain gisa, aldatzean behera egoan hizkuntzea goratu gura izan eban. Holanik azaldu zan Arantzazuko biltzarrean, bere barruan orduz gero bizirik egoan euskera batuaz erditu guran. Bilbo zaharreko Zazpikaleek erakutsiko deuskue Gabriel Arestik bere-berea eukan uriaren bihotza; Plaza Barriko euskerearen egoitzak gogorarazoko deusku ikasitako hizkuntzak harengan bizi eban irmotasuna.
Gabriel Aresti Segurola 1975ean hil zan, goiztiar, baina bere hitzak bizirik dagoz oraindino. Inoiz oinez zabizala Zorrotzako portuan, Artxandan, Basurtun, Kirikiño kalean edo Bilboko espaloietan... bihurtu eta lurrean topauko dozuz bere aitaren etxea defendidu eban arimearen ‘antiparrak’.
Xabier Paia
Neure amak esaten dauenez, bi eratako bidaiariak dagoz: personak eta maletak. Personek bentanatik begituten dabe trenean doazenean, erretratuak ataraten deutseez gustuko daukiezan paisajeei eta souvenirrak bihotzean gordeten dabez. Maletak, ostera, trenaren mobimentuak dirala-eta kejetan dira, geldi egotea gustetan jake eta barrena hustea etxera ailegau eta berehala.
Ba horreetaz bidaiariez ganera, personen artean bigarren banaketa bat egin geinke. Batzuek euren begiz ikusten dabez gauzak, ezezagun egiten jaken hori ezin ulertuz. Beste batzuek, ostera, jomugara ailegau eta berehala bertako antiparrak jazten dabez, euren inguru barria hobeto ulertzeko.
Kontua da Euskal Herrian hilebete dala ibilbide literarioak antolatzen dirana. Hain zuzen be, honeek laurak:
Gabriel Aresti eta Bilbo
Hemingway eta Urdaibai
Victor Hugo eta Pasaia
Sarako eskola
Ibilbide literariootan hiru aspektu nagusi lantzen dira: uria, idazlea eta bien arteko sinergia. Holan, 9-18 urte bitarteko ume eta gaztetxuek Mundaka eta Busturia hurretik ezagutuko dabez Hemingway nor izan zan jakin bitartean. Euskal kultureari emon leikion urteera turistiko ona, duda barik. Esaterako, hau da Gabriel Aresti eta Bilboko ibilbideari buruz egindako aurkezpena.