Musikea  IV. urtea // 111. zenbakia

Draco izango da Lenny Kravitzen teloneroa BECeko Bizkaia Arenan


Bizkaie!

Draco New Yorkeko artisteak zabalduko dau Lenny Kravitz musikari estadubatuarrak bagilaren 17an Bilbao Exhibition Centre-ko (BEC) Bizkaia Arena pabilioian "Electric Church" birearen barruan eskainiko dauen kontzertua.

Antolatzaileek jakinarazo dabenez, gaur egun, Draco (Robi Draco Rosa) nazinoarteko musikako artista garrantzitsu, karismatiko eta berezienetakotzat joten dabe, AEBtan kultozko artistea izateaz gan.

Abeslaria, konpositorea eta produktorea da, eta Menudo taldeko kidea izan zan Ricky Martinegaz batera, "Living la vida loca" lako abesti oso famatuak konposatuz. Bere abestietan, jazza, musika latindarra, rocka eta flamenkoa buztartzen ditu.

Lenny Kravitzen telonero lez eskainiko dauen emonaldian, "Cómo me acuerdo" bere azken laneko abestiak aurkeztuko ditu. Bere emazteari dedikautako diskoa da, eta gaur egungo artista geldiezin, sortzaile eta misteriotsuenaren izakera musikala islatzen dau.

Kontzertua 20:45an hasiko da, eta Lenny Kravitzek 22:00etan igongo dau Bizkaia Arenako taula gainera. Sarrera ugari saldu dira daborduko Gaztela-Mantxan, Madrilen, Baleareetan, Katalunian zein Andaluzian.

Aurreko salmentan sarrerak 36 eta 45 euroko prezioak dabez, zutunik eta jesarrita egoteko, hurrenez hurren, gehi 2,50 euro banaketa gastuetarako; leihatilan, barriz, 39-49 euro dira prezioak. Internet bidez (www.ticktackticket.com), BBKren orotarako kutxazainetan, 902 15 00 25 telefonoan eta ohiko lekuetan erosi daitekez sarrerak.