Barriketan  I. urtea // 13. zenbakia - 2002ko zemendiaren 1a

Oihana Bartra (bertsolaria): 'plaza gitxi, bertsolari gazte asko eta danontzako lekurik ez'

Bertsolari gazteen artean oso indartsu dator Oihana Bartra bilbotarra. Bertsolari Gazteen BBK Sariketan, birritan irabazi dau txapela. Bizkaiko Eskolartekoan, 2000. urtean 14 eta 16 urte bitartean eta 2001ean 16-18 bitartean txapelduna izandakoa. Euskal Herriko Eskolartekoan, 2001ean bigarren. Aurten, Bizkaiko Eskolartekoan bigarren eta Euskal Herrikoan lehenengo lauren artean. Eskualdeetako txapelketan be polito, bigarren, oso oker ez bagagoz.

1. Zorionak Oihana, honezkero Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurreetan zaitugulako. Arrigorriagako kanporaketan bigarren geratu zinan Gorka Ostolazaren atzetik baina, batzuk aitatzearren, Onintza Enbeita, Igor Muniategi edo Joseba Gojenola zu baino atzerago geratu dira. Ze balorazino egiten dozu honezaz?

Eskerrik asko. Nire ustez, puntuazino desproportzionatuak egon dira. Jenteak esan izan dau gure saioko puntuazinoa altuegia izan zala edo besteek beharbada puntu gitxiegi lortu zituela, baina nik hori ezin dot balorau saio guztietan ez nazalako egon. Egia da, sorpresa itzela izan dala guztiontzat, batez be niretzat, bigarren geratu izana eta erdifinaletarako txartela lortzea, baina holan suertau da eta ni behintzat oso pozik nago.

2. Bizkaiko Bertsolari Txapelketea hasi baino lehen, besteak beste, eskualdeetako txapelketak eta Bertsolari Gazteen BBK Lehiaketea izan dira aurten. Bertsolari gazteok ez dozue plaza faltarik, ala bai?

Bai, egia da txapelketa horreek izan doguzana, baina zoritxarrez gaur egun txapelketa inguruko saioak dira gazteok izaten doguzan plaza bakarrak, eta txapelketetan ezin da hartu plazetan hartu leitekezan esperientzia eta segurtasuna. Gazteon plaza faltea danon ahotan dagoan gaia da, eta argi dagoana da plaza gitxi eta bertsolari gazte asko dagozala eta ez dagoala danontzako lekurik. Orduan txapelketa garaia da bertsolari gazteon aukera eta motibazino nagusia.

3. Gazte-gaztea zara, 18 urte baino ez dozuz. Noiz hasi zinan bertsotan eta zerk edo nork eraginda?

Bertsozalea betidanik izan naz, baina nire bertsoakanako grina edo pasinoa ikastolan 5. mailan klase orduetan bertsolaritzea emoten genduanean sortu zan. Orduan, lagun batek animauta ikastolako orduetatik kanpo baina ikastolan bertan bertsolaritza klaseak emoten hasi nintzan. Ondoren, bertsoen munduan apur bat sakonago sartu gura nebanez, nire amaren bitartez Santutxuko bertso eskolan hasi nintzan. Han gustura ibili naz beti, eta gaur egun arte bertsotan.

4. Santutxuko Bertso Eskolan zabilz aspalditik eta Iñaki Aurrekoetxea eta Juanjo Respaldiza dira zure maisuak. Maisu onak dira?

Bueno, egia esan orain gazte-gazterik hasten diran umeakaz konparauta, ez nintzan hain gaztea be hasi nintzanean. Hamalau urtegaz emon nituan lehenengo pausuak eta gaur egun 14 urteko umeek bertsotan ederto egiten dabe. Juanjo nire lehengo irakaslea izan zan ikastolan hasi nintzanean, baina denpora laburrean. Halan da be, oso gustura egoten ginan haren klaseetan eta giro ederra geunkan. Santutxun Iñakigaz hasi nintzan eta bera nire bigarren aita lakoa izan zan: beti laguntzen, aholkuak emoten eta geugaz lan berezi eta gogorra hartuta. Oraindino be geugaz konpromisoa handia dauka. Halan da be, tartean beste irakasle batzuk be izan dodaz, berbarako Marta Ortiz, eta orain Arkaitz Estiballesegaz be banabil, eta asko lagundu deust laguntzinoa behar izan dodanean.

5. Azaldu eiguzu Bertso Eskolan zelako beharra egiten dozuen

Bertso eskolan gehien bat bapateko bertsoa lantzen dogu, batez be txapelketa garaia ailegetan danean; baina beste alor batzuk be jorratzen doguz, besteak beste, bertso doinuak, errimak... ; horrezaz ganera, bertso zaharrak be kantetan doguz sarritan.

6. Orain arte maila polita lortu dozu bertsotan. Gaur egun erosoago edo nasaiago ikusten dozu zure burua oholtza ganean zagozanean?

Bueno, kontu horreek astiro doaz; apurka-apurka hartzen noa nasaitasun handiagoa. Gogoratzen dot nire lehenengo bertso saioan zelan dardar egiten eustan ahotsak. Dana dala, oholtza ganera igoten nazan bakotxeko urduritasun apur bat sentiduten dot, beti saio muetearen arabera, ze, jakina, txapelketa baten beti handiagoa edo nabarmenagoa izaten da artegatasuna.

7. Bertsolari ona izateko zer da garrantzitsuagoa, imajinazino eta ausardia handia izatea ala hizkuntzea ondo menperatzea?

Betsolari ona eta osoa izateko biak dira behar-beharrezkoak. Edozelan be, hizkuntzea ondo menperatu arren imajinazinorik ez badozu, nekez izan zeintekez bertsolari ona. Imajinazinoa badozu, hizkuntzea lantzea askoz errazagoa edo eskuragarriagoa izan leiteke.

8. Hizkuntzea lantzeko aukerak badagoz egon, baina imajinazinoa berezko edo jaiotzazko zeozer ete da? Badago imajinazinoa lantzeko aukerarik?

Bueno, hori aurreko galderan komentau dodana da. Nik esango neuke ideien lanketa bat egitea posible dala, baina beti egongo dira personak hori berezkoa dabenak eta horreek errazago iznago dabe bertsolari izatea edo bertsotarako gaitasun hori lantzea.

9. Euskal Filologia ikasten hasi zara aurten, bertsotarako lagungarri izango dalakoan?

Ez eta bai. Nik Euskal Filologia ez dot bertsotarako lagungarri izango dalako ikasiko, baina badakit bertsotarako aberasgarri izan daitekela lehen aitatutako hizkuntza zuzentasun hori lantzeko. Hori bai, euskal kulturea gogoko dodala izango da bertsoaren eta filologiaren arteko loturea.

10. Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketara bueltan etorrita, 24 bertsolari zarie 25 urtetik beherakoak. Urtetik urtera kopurua hazten doa. Harrobia ziurtauta dagoala pentsetan dozu?

Bai. Egia da gero eta gazte jente kopuru handiagoa datorrela atzetik sakaka, baina oraindino heldutasun handiagoa dabenak dira hor goian dagozanak. Lana ondo egiten jarraitzen bada, Bizkaiko bertsolaritzearen etorkizuna segurtauta dago nire ustez.

11. Txapelketan Juanjo Repaldiza da 38 urtegaz beteranoena eta gazteenak, barriz, zu eta Miren Ibarluzea zarie 18na urtegaz. Gazteen freskotasuna eta beteranoen esperientzia. Baieztapen horren ondoan zeozer gehiago ipiniko zeunke?

Ez. Nik uste dot horreexek dirala berbarik egokienak.

12. Finalaurreetan 18 bertsolari zagoze eta finalean zortzirentzako lekua baino ez dago. Finalaurrekoetan, kanporaketetako irabazleakaz eta puntuazinoaren arabera sailkatutakoakaz batera, 2000ko txapelketako finalistak be kantuan ikusiko zaituegu. Nerbioak eta enparauak zer moduz?

Bufffff!!!!!Lar ondo ez. Ilusino handia egiten deust hareekaz batera kantetea, baina egun horretan izango dodazan nerbioak ez dira makalak izango. Ganera, normalean ohituta nagoan baino jente gehiagoren aurrean kantauko dot seguru, eta han beste munduko ezer egiteko presinorik ez dodan arren, nire burua beti asko estututen dot eta nire buruagaz gustura geratzen banaz ondo joango da dana.

13. Besteek egin leikienari begira egon barik, oso garrantzitsua izaten da norberaren aukeretan sinistea. Alde horretatik zelan dabil Oihana?

Bueno, esan deutsudan legez, nik ez daukat aspirazinorik finalaurrekoetan. Ilusinoa bai, baina besterik ez; nik ahalik eta ondoen egingo dot dana, baina badakit zeintzuk diran neure mugak. Aurrera egiteko aukerarik ez dot ikusten baina luziduteko (nire mailan) eta lan polita egiteko gogoagaz nago; jarrera horregaz igoko dot oholtza ganera.

14. Bertso Saioetako karteletan betiko izenak ikusten doguz kasurik gehienetan. Sariketa edo txapelketa jakin batzuetan bai, baina bertsolari gazteak nekez agertzen dira taula ganean. Zein da bidea plazetan lekua hartzeko?

Nire ustez plazetan lekua hartzeko modu bakarra, txapelketetan emoitza onak lortzea eta besteakandik nabermentzea da; izan be, horixe da zure burua ezagutuarazoteko modu bakarra; Amets eta Sustrairen kasuak hor dagoz. Ezaguna ez bazara inork be ez zaitu deituko bertso saio baten kantetako.


15. Non ikusten dau bere burua Oihana Bartrak bost urte barru?

Pufffff!!!!, bost urtetan gauza asko pasau leitekez, baina nik espero dot bertso munduan segidutea, bertsolaritza arloan asko ikastea eta, amesetan jarraituz, mailarik oneneko bertsolariakaz egotea plazaz plaza, baina badakit hori oso gatxa dana.

16. Andoni Egaña ala Maialen Lujanbio?

Joooooooo, ezin daiket aukeratu. Niretzat biak dira bertso munduan jenioak, bakotxa bere estiloan.

17. Fermin Muguruza ala Mikel Urdangarin?

Mikel Urdangarin.

18. Gran Hermano ala Operacion Triunfo?

Biak.

19. Nork irabaziko dau 2002. urteko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea?

Hori be galdera gatxa da, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren artean lehia handia egongo dalako, baina nire ustez, Igorrek irabaziko dau. Dana dala, abenduaren 8an jakingo dogu txapela nork irabazten dauen.

Koldo Isusi Zuazo