Kulturea  IV. urtea // 111. zenbakia

Getxoko XXII. Eskulangintza Azokea maiatzeko azken astegoienean


Bizkaie!

Maiatzaren 27tik 29ra bitartean egingo da Getxoko Eskulangintza Azokearen XXII. ekitaldia. Danetara, 113 artisauk hartuko dabe parte azokan, 99 Areetako geltokiko plazako 2.500 metro koadroko karpan, eta beste 14 Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean, Getxoko Kultur Etxeak iragarri dauenez.

Hainbat espezialidade erakutsiko dira azokan: egurra, beira, larrua, metala, harria, papela, bitxigintzea edota galdaragintzea. Danetara, 22 izango dira Getxon ikusi ahal izango diran eskulangintza arloak.

Aurten, Euskal Herri osotik heldutako eskulangileez gan, Leon, Madril, Bartzelona, Asturias, Zaragoza, Kordoba, Ciudad Real, Soria, Toledo, Huesca, Pontevedra, A Coruña, Kantabria, Lleida eta beste hainbat lekutatik heldutako eskulangileak egongo dira Getxon.

Gauzak holan dirala, produktu ezagunak eta ez hain ezagunak eta eskulangintzea beste era batera ulertzeko bidea emoten dabenak eskuratu ahal izango dabez bisitariek. Aurten, ganera, Irlanda, Portugal, Italia, Frantzia eta Kubako artisauek be parte hartuko dabe.

Horren guztiaren bidez, azokara hurreratzen diranek bila dabizena edo gustoko produktuak lortu ahal izan dabez, kalidade handiko produktuak hain zuzen be, bai eskuz eginda dagozalako, bai eta egiteko erabili dabezan materialeak kalidade handikoak diralako be. Produktu honeek bakarrak dira.

Ohikoa dan lez, lehiaketa bi izango dira azokan: erakustoki eta diseinu lehiaketak, hain zuzen, produktuen kalidadea eta postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten daben ahalegina saritzeko. Horregaz batera, antolakuntzeak urtero erosleen artean egiten dauen zozketea be izango da aurten, eta zeozer erosten daben bisitarien artean eskulagintza produktuak zozketatuko dira.