Encore, Gonzalo Tejadaren hirugarren lana
Bizkaie!
Gonzalo Tejada kontrabaju-joleak bakarkako hirugarren diskoa kaleratu barri dau. Lanaren izenburua Encore da eta zazpi kantaz osotuta dago.
Jazz munduko lau musikari ezagun izan ditu ondoan Tejadak: Iñaki Salvador (pianoa), David Xirgu (bateria), Daniel Perez (gitarra) eta Chris Kase (tronpeta). Eurekaz gustura lan egin dauela autortu dau Tejadak eta, musikariez gan, teknikarien lana be nabarmendu dau.
Disko heldua eta ongi landutakoa egin dabe danen artean, kalidade handikoa. Pianoaren eta tronpetearen melodiaren jolasek kontrapuntua jarten deutse kontrabajuak eskaintzen dituan erritmoei eta, azkenean, Elkar diskoetxeko arduradunek zehazten daben legez, ‘lan atsegina eta sinisgarria’ jarri dabe entzungai. Igazko abenduan grabau ebezan abestiak, hiru egunetan. Kanta gehienak mikrofonoak zabaldu, joten hasi eta geratzen ziran legez jaso dira diskoan. Horrek zeozelako naturaltasuna emon deutso lanari, freskotasuna.
Hurrengo pausua lan barria jentaurrean aurkeztea izan beharko litzateke baina oraindino Tejadak ezin izango dau kontzerturik eskaini, ‘Euskal Herriko eta Espainiako jazz jaialdiek hurreko musikariei ateak zarratzen deuskuezalako’. Halanda be, Encore lana laster plaza eta aretoetan batean entzungai egotea espero dau.
Gonzalo Tejada donostiarra Euskal Herriko jazz musikan erreferente garrantzitsua da. 1982tik aurrera ibilbide bikaina izan dau eta sari ugari irabazi ditu, besteak beste, Donostiako Jazzaldiko Lehen Saria (1982) eta Getxoko Jazzaldiko Bakarlari Onenaren Saria (1993).