Ardaoaren onurak osasunerako
Europar ikerketa batzorde batek ikerketea egin dau gizakiakaz eta emoitzek eurek erakutsi dabe ardaoaren ezaugarri onuragarrien ganean eginiko hipotesiei onarpen zientifikoa eta enpirikoa falta jakela. Ikerketa hau hiru urtetan egin da eta Bartzelonako Clinic ospitaleak koordinatu dau. Bertan, Frantzia, Italia eta Britainia Handiko instituzinoek parte hartu dabe. Horreez gan, Elikagai eta Ardaoen ikerketarako Fundazinoak (FIVIN) be lagundu dau.
Ikerketa honen ondorioei jagokenean esan behar da gaur egun, neurriz edan ezkero, ardaoaren eta beste edari alkoholiko batzuen ezaugarri babesleak onartuta dagozala (30 gm. alkohol egunean gizonezkoa bada eta honen erdia, 15 gm., emakumezkoa izanda).
Onurak modu zientifikoan dagoz ikertuta. AEBetako Kardiologia Batzordeak onartua dau edari alkoholikoak neurriz kontsumidu dabezanen artean bihotzekoak jota gaixotzeko arriskua % 30 edo % 40 bajuagoa dala inoiz edaten ez dabenen artean baino. Horrezaz ganera, neurrian egindako alkohol kontsumoak zirkulazino koronarioan eragin babeslea daukala be erakutsi ahal izan da.
Bestalde, gaur egun daukaguzan datuek dinoe ardaoaren eragin babeslea beste edari alkoholikoena baino handiagoa dala, etanolaren beraren osogaiak eta polifenolak daukazalako. Izan be, ardaoaren polifenolek LDL kolesterolaren joera oxidatiboa ebitau eta, ondorioz, arterioesklerosia atzeratzen dala erakutsi da.
Beraz, ardoa elikagaitzat hartu behar da eta elaborazinoan ezaugarri organoleptikoak nabarmendu behar dira. Izan be, epe laburrera baliteke botilearen etiketan ardaoaren osogai polifenolikoa agertzea, kontsumitzaileak ardoaren polifenolen ‘ezaugarri medizinalak’ kontuan hartzeko.
Imanol Sarasola,
enologoa
Antxina-antxinatik, ardaoa herri askotako oinarrizko elikagaia bat izan da, batez be Mediterraneo aldean. Era berean, antxinatik esaten da ardaoak, beti be neurrian edaten bada, onura asko ekarten deutsozala osasunari. Halanda be, arazo askoren sortzailea be bada, osasun, familia eta lan arazo askoren eragilea hain zuzen be.
Gehiegizko kontsumoaren eragin negatiboa bistakoa izanda be, gizarteak osasunerako onuragarritzat jo dau ardaoa baina, gehienetan, ezelako onarri zientifikorik barik.
Honen harira, azken bi hamarkadatan hainbat eta hainbat ikerketa argitaratu dira. Ardaoaren kontsumoak eta beste edari alkoholiko batzuenak, neurriz beti be, hilkortasuna eta, batez be, hilkortasun kardiobaskularra murrizten dauela erakutsi da. Beste organu batzuentzako be onuragarria da ardaoa.