Euskaldunok munduan  IV. urtea // 111. zenbakia

Ibilaldia 05 Renon be egingo da


Bizkaie!

Maiatzaren 29an izango da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia eta 24 orduko jaia iragarri dabe. Durangon hasiko da, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek antolatuta, eta Durangokoa amaituta Atlantikoaren beste aldean jarraituko dau Ibilaldia 05ek. Han, Renon, Nevadako unibersidadeko campusean ekingo deutse Ibilaldia 05 jaiari.

Eguerdiko 12etan (hemen baino 9 ordu beranduago) unibersidadeko campusetik urtengo dabe euskal jatetxean alkartzeko asmoz. Antolatzaileek adierazo dabenez, 'egun berean danok egoteko euskerearen alde eta beren beregi Durangoko ikastolen alde'. Holan esan dabe Reno euskal etxeak, Zazpiak bat euskal klubak (Nevada) eta Nevada unibersidadeko euskal gaien zentroak.

Euskal Herriko zortzigarren lurraldea

Berrogeita hamargarren hamarkadan sortu zan Nevadako euskal etxea hara joandako euskal inmigranteakaz. Gaur egun 300 bat familia batzen dira horren inguruan, bai Hegoaldekoak zein Iparraldekoak. Ordutik zazpi lurraldeetako kulturearen eta izakera euskaldunaren bidegurutze bihurtu da Reno eta urteen porasuz Ipar Ameriketan dagoan euskal kulturearen erreferentzia izatea lortu dau. 1959an esaterako, AEBetako mendebaldeko kostaldeko lehenengo euskal jaialdia egin zan eta hari jarraituz urtero egiten diran euskal komunidadeen jaialdiak ugaldu egin dira AEBetan.

1989an diasporako titularretara itzuli zan barriro Reno Euskal artzainaren omenezko monumentua jarri ebenean.

Urtero Renoko euskal etxeak hainbat ekintza antolatzen ditu: euskal historia, kultura eta zinemaren gainean egiten diran seminarioak zein garagarrilean egiten dan euskal kulturearen astea (aurten, garagarrilaren 17tik 22ra izango da).

Beste alde batetik, Center for Basque Studies edo euskal gaien zentroa 60 hamarkadaren amaieran sortu zan, 1966an, hain zuzen. Helburua Euskal Herriagaz lotutako hainbat gairen gainean ikertzea eta irakastea da (euskerea, antropologia, migrazinoa, politikea, euskalgintzea, zinea…). Gaur egun euskal gaien zentroak euskal kulturearen ganeko ikastaroak on line egiteko aukerea emoten dau bai eta campusean sei hilero egiten diran ikastaroak be. Euskal liburutegian 50.000 liburu eta bilduma baino gehiago dagoz eta urtero mundu osoko irakasle eta ikasle asko hartzen ditu ikerketa zentroak.

Ibaizabal eta Reno

Ibaizabal ikastoleak aukerako ikasgaietako bat, Euskal Herriko historia, ingelesez egiteko aukera eskaini deutse ikasleei. Lehenengoz egin daben eskaintzea da, baina aurrerantzean asmoa dago beste ikasgairen bat be ingelesez eskaintzeko. Arlo horretan, diasporearen garrantziaz jaubetzeko Euskal Herriko zortzigarren lurralde legez hartu dabe diasporea; holan deitzen deutse diasporako kideek eurek osotzen daben komunidadeari. Center for Basque Studies alkarteagaz jardun dabe gaia lantzen, izan be, handik jaso dabez ikasgaia lantzeko artikulu eta testuak. Astero hiru orduko saioa dago hamabi ikaslerentzat, ingelesez jasoten daben Euskal Herriko historiari buruzko ikasgaia, hain zuzen be. Euskal gaien zentro horretako Gloria Totorikaguena, euskal diasporearen buru eta koordinatzailea izan dabe lagun. Berari esker Renoko Zazpiak bat klubagaz hartu-emonetan jarri da Ibaizabal ikastola eta Ibilaldia Renon antolatzeko aukerea alkarlan horretatik sortu zan.