Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna, maiatzaren 28an Billabonan
Gipuzkoako Bertsozale Elkartea
Gipuzkoako Bertso eskolek dinamika barriari ekin eutsen igaz. Bertso eskola guz-tiak alkar hartu eta etorkizuneko erronkei alkarlanean heltzeko bideari ekin eutsen, Bertsozale Elkartea lagun. Alkarlan horren emoitzetako bat da Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna. Lehenengoz antolatuko da aurten eta 8-18 urte bitarteko bertso eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak bilduko ditu Billabonan, maiatzaren 28an, zapatuan. Goiz eta arratsalde izango dira ekitaldiak, eta helburua da egun hori Gipuzkoako bertso eskolen bilgune eta jai ederra izatea, Gipuzkoako 35 bertso eskolak elkar hobetu ezagutu, dinamika barriak martxan jarri, eta aurrera begirako alkarlanaren oinarria izan daiten. Bertso eskoletan egiten dan beharraren eta gizarteari emoten deutsen ekarpenaren erakusgarri be izan gura dau Gipuzkoako Bertso Eskolen I. Egunak. Aurrera begira, asmoa da urtero-urtero egitea bertso eskolen eguna, maiatzaren azkeneko zapatuan.
Estitxu Eizagirre bertso eskolako irakaslea da eta bertso eskoletako irakasleen izenean, ondokoa adierazo dau: 'Gipuzkoako irakasleak alkarlanean jarri gaitu. Aurten bertso eskolen arteko sarea osotzen ibili gara, eta hau da sare horren lehen ekintzea. Aurrerantzean alkarlanean gauza gehiago egitea dogu helburu, esaterako, ikasleakaz bertso saioak, edo bertso eskoletarako deialdi kanpaina bat, klaserako materiala alkarregaz lantzea'... Horrezaz gan, bertso eskolako irakasleak azpimarratu dauenez, Bertso Eskolen egun hau 'ikasleakaz urte osoan egiten doguna kalera atarateko aukerea da, bertsolaritzea klasetik kanpo lantzekoa. Eta ikasleentzat propio kantauko dabe arratsaldeko saioan bertsolariek. Aukera hori be ez dabe egunero izaten: ikasleen edadearen araberako gaiak, eurek ulertzeko moduko bertsoak... Hitzetik Hortzeran edo plazetan helduentzat kantetan da, hemen eurentzat egokituta'. Azkenik, bertso eskoletako ikasleak beste herriekaz hartu-emonetan jartea da, maiatzaren 28ko Bertso Eskolen Egunaren asmoa.
Felix Irazustabarrena Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren esanetan, 'Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Bertso eskolek urtebete daroe egoerea aztertzen, eta orain etorkizunari begira eskolen iraupena ziurtatzeko oinarriak jarri behar dira. Alkarlan horren eta aurrera begirako asmoen frutua da Bertso Eskolen Eguna'.
Bertso Eskolen egunaren harian, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazo dau bertso eskolak alkar hobeto ezagutzeko bidea izango dala: 'Gipuzkoak 35 bertso eskola ditu eta danak batera alkarlanean jarteko ahaleginak egiten ari garan honetan, eskolak, ikasleak, irakasleak... euren artean hobeto ezagutzeko bidea jarri gura dau Bertso Eskolen Egunak.'
35 bertso eskola eta 350 bertso ikasle inguru
Gipuzkoan 35 bertso eskola inguru dagoz (ikastetxeetatik kanpo eta eskola orduz kanpo batzen diranak) eta 8-18 urte bitarteko 350 ikasle inguru. Maiatzaren 28an, bertso eskola guztietako ume, irakasle eta gurasoak batu nahi ditu Bertso Eskolen Egunak, eta 200 umetik gora batzea da bertso eskolen helburua. Horretarako garraioan be ahalegin berezia egingo da, eta bidaia doban egiteko modua jarriko jake Gipuzkoako bailara bakotxeko bertso eskolei Billabonara joateko.
Bertso eskolak sarean antolatuta
Bertso eskolak dira bertsolaritzearen oinarri nagusia eta Gipuzkoako bertso eskolek urtebete daroe gaur eguneko egoerea aztertu, gogoeta egin eta etorkizunerako proposamenak martxan jarten. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea be ahalegin berezia egiten ari da gai horretan. Diagnosi orokorra da Gipuzkoan bertso eskolek bultzada serioa behar dabela benetan bertsolaritzearen oinarri izaten jarraitzeko, bai antolaketan, bai pedagogia aldetik eta baita baliabideetan be. Bertso eskola guztiak bilduko dituan sarea sortzeko lehenengo pausuak emon dira eta datorren ikasturterako egitasmo orokorra zein epe luzerako proiektuak lantzen ari dira: irakasleen formazinoa, materialea, umeentzako bertso zirkuituak, bertso eskola barriak sortzeko aukerea...