Bidaide  IV. urtea // 111. zenbakia

Txinan oporretan


Gure alboan, familia frantsez bat dago eta mahaia danetariko platerakaz beteta daukie: okelea saltsa gazi-gozoan, bertoko barazkiak, baporetan egindako jakiak eta ume guztiek jaten daben hanburgesea patata prijiduakaz. Australiarrak be ikusi doguz eta, atzo, esaldi bakotxeko begia ixten eban holandar handi bategaz joan ginan autobusean. Baina egunotan, txinarrak ikusten dira gehien. Maiatzaren lehenegoa beharginen eguna izan da eta zorionekoek aste beteko oporraldia daukie. Jai eguna dala-eta, hotelen eta garraio-publikoen prezioak bikoiztu egin dira, jente gehiago dabilelako. Jatetxeak eta kaleko postuak turistaz beteta dagoz. Errekatan, banbuz egindako ontzitxuetan dabiz bisitariak, bertoko jenteak kanaberakaz gidatuta. Dendak be ganezka dagoz, konsumismoaren erakusle.

Batzutan, oso gatxa da kalean zehar ibiltea puntako teknologiako kamerearen eta argazkian agertuko danaren artean sartu barik. Baina oraintsu izandako euri-zaparradeak kaleak hutsitu ditu, apur bat behintzat, eta lantzean behin baino ez doguz ikusten turistak.

Eguna eguzkitsu eta bero etorrela ikusita, edadeko europar turista talde batek bizikletak alokatu ditu, ingurua ezagutzeko. Oraintxe bertan heldu dira, astiro, pedalei nekez eragiten, jentea eurei begira dagoala jakinda.

Kontrako bidean neska bi doaz, ortozik, guardasolari bien artean oratuz. Alboan emakume bat dago, ulehoria eta lodia. Barruko erropea ikusten jako, kamisetea bustita daukalako. Minutu batzuk geroago, eguzkia hodei artetik urten eta laster sikatuko dan harrizko lurrean islatzen da. Jadezko zigiluak, bizikletak, danetariko guardasolak eta batek baino gehiagok naturearen kapritxoen kontra botatako juramentu ulergatxak be desagertuko dira.

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Banderatxu berdea hara eta hona dabil, euripean. Txapel berdedun artzainak daroa, artaldeari nondik joan behar dauen erakusteko. Hogei bat txinatar dira, edade guztietakoak. Batzuk busti-bustita eta, beste batzuk, emakumeek goizean eguzkitik babesteko ataratako guardasol ziztrinen azpian (herrialde honetako emakumeek gauza bi gorrotatzen dabez: beltzaran-kolorea hartzea eta kamerearen objektiboaren aurrean ezezagunen bat jartea). Baina euritako tolesgarriek ez dabe ekatxaren indarra aguantauko eta jaubeak bildurrez dagoz, noiz apurtuko diran itxaroten. Segundu gitxira, turistak desagertu egin dira eta oinezkoentzako kalea hutsik geratu da. Oroigarrien dozenaka denda euren produktuak tapetan dabiz, euritik babesteko. Jadezko zigiluakaz ez dago arazorik; txapelak eta kamisetak, barriz, horretarako preparautako plastikuakaz babesten dabez. Eskuz pintautako pergaminoek ez daukie suberte on bera. Dendariek arin kentzen dabez hormatatik, arbola eta txori exotikoen margoa busti eta alperrik galdu baino lehenago.

Ura kalean behera doa, hustubideetara heldu arte. Eskailera batzuk ur-jauziak sortu dabez. Ikuskizuna atsegina da eta otordua girotzen dau. Hemen, oso ohikoak dira bat-bateko euri-zaparradak eta horreetataikmiges egitea gatxa da. Hori bai, giro beroari esker ez dago hotzitzeko edo gaixotzeko bildurrik. Gauzak holan dirala, arrozezko fideoak jaten amaitzen dogunerako, erropea ia siku daukagu.