Euskerea berbagai  IV. urtea // 110. zenbakia

Oihutegia: irudi bidezko euskal txata


Baliabide teknikoak

Honeek dira oihutegian amaraunean sartzeko gitxieneko baldintzak:
 Flash-eko azken bertsinoa instalauta euki behar da.
 Pentium II edo hortik gorakoa izan behar dau ordenadoreak.
 64 MB RAM edo gorakoa izan behar dau.
 Internet Explorer 5.0 edo hortik gorako bertsinoa behar da.
 Mac ordenadoreetatik be ibili daiteke.

Xabier Paia

Etxean zagozala berba egiteko gogoagaz? Nor edo nogaz berba egin gura dozula baina euria daragoio eta ezin dozu kalera urten? Zoaz Bilboko Plaza Barrira eta ezagutu jendea!

Aurkezpen honegaz agertzen da irudi bidezko lehen euskal txata. Bizkaieko irakurleek ederto jakingo dozue zer dan txat bat eta ederto jakingo dozue zein dan euskerearen presentzia sarean. Hobeto esanda, presentzia ezaz berba egin beharko geunke. Horri aurre egin guran, oihutegia web gunea sortu da, egungo idatzizko mezu trukaketak eta irudien barritasunak dakarren euskerazko lehen irudi bidezko txata.

Oihutegia txat bat da, berbatoki bat, baina ez edozelakoa: txat grafikoa da eta euskeraz dago oso-osorik. Berbatoki honetan jarduteko, norberak bere etxurea diseinau behar dau eta etxura horregaz urtengo dau plazara, barriketan, ligetan edo adarra joten. Irudidun berbatoki honetan Bilboko Plaza Barria agertzen da baina ikusteko dago bizkaierea edo Bilboko euskerea ze punturarte entzuten dan. Tira, kontua da barriketarako gogoa dogunean, Bilboko Plaza Barrira joan beharko dogula eta han topetan doguzan lagunakaz jardun.

Oso erreza da oihutegian sartzea. Horretarako, hasteko sartu www.oihutegia.com web gunean. Bertan izena emon behar da, etxurea aukeratu, plazako alderik gustukoena aukeratu, eta barriketarako prest! Jokoan parte hartzeko, izena emon behar da eta pertsonaia birtuala sortu behar da. Horretarako, sartzen danak bere gustuen barri emon eta oihutegian zer egin gura dauen adierazoko dau. Izena emon ondoren, etxurea aukeratu behar da. Horretarako, ondorengo gauzak aukeratu behar dira:

 Orrazkerea.
 Arpegia.
 Gorputza
 Besoak.
 Galtzak.
 Zapatak.

Erropa eta gorputz atalak aukeratzean, kontuan izan behar dogu gauza bakotxak zenbat balio dauen. Izan be, kreditua zaindu egin behar da. Gustuak eta etxura zehaztutakoan, plazako zein gunetara joan gura dan zehaztu behar da. Horretarako, pantaila bat dago eta gune bakotxean zenbat jente dagoan ikus leiteke pantaila horretan. Leitekeana da gune bat beteta egotea eta lekurik ez izatea. Orduan, lekua izan arte egon behar da, edo plazako beste gune batera joan.

Izena emoteagaz batera, 500 kreditu lortzen dira eta kredituei esker, erropak eta gorputz atalak eros daitekez. Izan be, erropa edo gorputz atal bakotxak prezio desbardina dauka. Horregatik, erropea aldatzen dan bakotxean, kredituak gastau egiten dira. Halan be, oso erreza da kredituak lortzea. Horretarako, SMS bat bialdu behar da eta SMS bakotxeko 1.000 kreditu lortuko dira. Halan be, oraingoz Espainiatik bakarrik eros daitekez kredituak SMS bidez.

Ondino mobimentu handirik ikusten ez bada be, pentsau gura neuke proiektu honek emoitza onak izango dauzela, ekimen polita dalako. Jakinda Euskal Herriko 13-25 urteko gazteen talde handi bat sarean eta txatetan sarritan ibilten dala, web gune honetan aukera ezin hobea topau leikie euskerea euren bizitza informalean barruratzeko.