Eskolartekoan neskatoak nagusi
Bat-batekoaren txandea orain
Bizkaiko Ikastolen Federazinoak antolatzen dau eskolarteko txapelketea, eta aurreko astean aurreratu geuntsuen moduan, bat-bateko bertsoen jardunak hartuko dau idatzizkoenaren lekukoa. Honek garrantzia handiagoa dauka, Bizkaiko eskolarteko txapelak banatu ez eze, bertan erabagiko dalako Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan zeintzuk kantauko daben. Euskal Herrikoan bi maila bereizten badira be (14 urtera artekoak eta 15-18 urte bitartekoak), Bizkaian hiru mailatan egiten dabe (14ra arte, 15-16 eta 17-18). Erdiko adin tarte hori bereiztea orain dala urte batzuk egin zan lehenengoz, 14tik gorako bertsolari gazteen kopuru handiagaitik batetik, eta erdiko adin tarte horretako bertsolariei, nagusiagoei txapela eta Euskal Herriko finalerako txartela kentzea gatxa izanda, sikeran txapel bat jokatzeko motibazinoa emotearren. Azken urteotan baina, 16 urtetik gorako bertsolarien kopurua bajatu egin da, baita mailea be, eta ondorioz antzeko mailea emon izan dabe 15-16 eta 17-18 urtekoek. Uste genduan arrazoi horregaitik aurten bateratu egingo ebezala bi mailak. Ez da holan izango, baina jakin dogu lan bardina iminiko deutsiela bi mailako finalistei, eta azkenean bi mailak kontuan hartuta bi puntuazino onena lortzen daben bertsolariak joango dirala Euskal Herriko finalera. Gauzak holan badira ez dogu ulertzen zergaitik ez dabezan bi mailak bateratzen, bide batez Bizkaiko eskolarteko final luzeegia arean laburtuz.
Lehenengo eta bat finalera pasau egin behar da. Kanporaketak asteon bertan hasiko dira. Maiatzaren 20an Bermeoko Eleizalde ikastolan ezagutuko dira 14 urtera arteko Bizkaiko finalistak. Hurrengo astean, 23an 15-16 urtekoen txandea izango da Markinan, eta 24an, Ondarroan kantauko dabe 17-18 urtekoak. Igaz 60 ume eta gaztetxu aurkeztu ziran bat-bateko txapelketako kanporaketetara eta 16k pasau eben finalerako galbahea. Umeen mailan ez dogu labakada barriaren barririk, baina beste bietan seguru gagoz neskatoek euren agintea finkatu gurako dabela; hor izango doguz lehian barriro Ipar Uribeko Itxaso Paia, Arrate Illaro eta Jone Uria, Olatz Ibarluzea mungiarra, Miren Amuriza berriztarra... Euskal Herriko finala Altsasun izango da aurten, eta aitatu doguzan izenetako bi han izango dira, Bizkaiko bertsogintza gaztearen ordezkari. Baietz!
IƱaki Aurrekoetxea
2005eko Bizkaiko ume eta gaztetxuen Bertsolari Txapelketeak bete dau daborduko bertso idatziei jagokon atala. Joan dan barikuan jokatu zan azken fasea Gernikan. Seber Altube ikastolan batu ziran herrialdeko ikastola eta eskoletatik azken fase horretara sailkatutako ume eta gaztetxuak. Bertso idatzien txapelketan, emondako gai eta oinakaz hiru bat bertso idatzi behar izaten dabez parte-hartzaileek, ordubete inguruko tartean idatzi be, eta autortu beharra dago lan polita egin ebela barikuan. Izan be aurretik eskualdeetako kanporaketetan ondoen ibilitakoak batzen dira finalean, eta bertsoen kalidadean eragin zuzena dauka horrek.
Sari banaketea Kultur Etxean egin zan. Sari banaketea atsegina izaten da, bertan sarituek eurek egindako bertsoetako bat kantetan dabelako garaikurra hartutakoan. Sei mailatan banatutako txapelketea izan arren, ez dau luzeegi joten sari banaketeak, eta udaletxeko plazan batutako parte-hartzaile, haren irakasle eta gurasoak eta pasoko herritarren bat edo bestek gustura entzuten dabez gaztetxuek Kultur Etxeko balkoitik kantetan dabezan bertsoak. Aurtengo sarituak honeek izan dira mailaz maila:
LH 5. maila:
1. Karmen Urionaguena (Maiztegi herri eskolea).
2. Nerea Ibarzabal (Bera Kruz ikastetxea) eta Olatz Nienbro (Bihotz Gaztea ikastolea).
LH 6. maila:
1. Imanol Uria (San Nikolas ikastolea).
2. Ibai Zulaika (Berango).
DBH 1. maila:
1. Aitor Monasterio (Andra Mari ikastolea).
2. Josu Ugarte (Ander Deuna ikastola).
DBH 2. maila:
1. Xabier Iturraspe (R. M. Azkue ikastolea).
2. Unai Arriola (Gernika BHI).
DBH 3. maila:
1. Jone Uria (San Nikolas ikastolea).
2. Miren Amuriza (Berriz BHI) eta Ane Bernas (Txintxirri ikastolea).
DBH 4. mailatik 18 urtera:
1. Itxaso Paia (Ander Deuna ikastolea).
2. Olatz Ibarluzea (Larramendi ikastolea) eta Arrate Illaro (Betiko ikastolea).
Bistakoa da neskatoen nagusitasuna gorengo mailetan. Azken urteotako joerea da hori, bat-bateko txapelketan be igarten dana. Eta eskualdeka Ipar Uribetarren presentzia kontuan hartzeko modukoa da. Ezagun da Bizkaia mailan ume eta gaztetxuakaz lan eraginkorrena egiten dauen eskualdea dana. Algortako Bertsolari Eskoleak zerikusi zuzena dauka horretan, eta bereziki aitatzekoa da Fredi eta Xabi Paia anaiek irakasle eta dinamizatzaile moduan egiten ari diran lan polita.