Zinea  IV. urtea // 110. zenbakia

Kingdom of heaven


Seguru nago gurutzadak ez jakezana hain luze egin ez mairuei, ezta kristinauei be. Halan izan balitz, gaur egun Jerusalengo konfesino nagusia budismoa izango litzateke. “Kingdom of heaven” filma ez da abenturetako kontakizun bat, ezpada gerren aurkako alegatu asmo onekoa baizen sinple eta inozoa; ganera, Ridley Scott-en filmik gehienetan jazoten dan lez, attrezzoak mamina itoten dau gura izan barik be.

Behin gurutzaden ganeko birsorkuntza luxuzko baina zehaztasun bako honetan apur baten aztarrika egin eta gero, ordu bi eta erdiko iraupen osoan ez dogu topauko ikus-entzuleak hunkitzeko moduko ezer. Dan-dana lar hotza eta urruna da; ez da ezelako ahaleginik egin pelikulearen eta ikusleen arteko lotura emozionalik eratzeko.

Bestalde, filmak ez dauz asebeteko sekulako ikusgarritasunaren zain dagozan ikusleak. Produkzinoa eta diseinua bikainak izanagaitik be, Ridley Scott-en lan honek minutu bakar batzuetako burruka labur batzuk baino ez deuskuz opetsiko eta, ganera, horretariko batzuk zur eta lur itxiko gaitue, berbarako Saladinoren gizonak Jerusalemen sartzea oztopatzen dauen hormea jausten danekoak.

Horrezaz ganera, personaiek dimentsino bi besterik ez daukie. Gaiztoak txar-txarrak dira eta onak zintzo-zintzoak. Orlando Bloom-en antzezpena ez jako inori sinisgarri begitanduko, baina bigarren mailako antzezleen lana, behinik behin, nahiko txukuna dala esan beharra dago. Horren artean, Jeremy Irons, David Thewlis, Brendan Gleeson eta Eva Green-en antzezpenak aitatu behar dira.

Laburbilduz, filmaren ikusizko alderdia ona izanagaitik be, guztiz indargea da narrazioak entretenitzeko eta hunkitzeko daukan gaitasunari jagokonez.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Ridley Scott.
- Herrialdeak: AEB, Erresuma Batua eta Espainia.
- Iraupena: 145 minutu.
- Antzezleak: Orlando Bloom (Balian), Eva Green (Sibylla), Jeremy Irons (Tiberias), David Thewlis (Hospitalario), Brendan Gleeson (Reynaldo), Marton Csokas (Guy), Liam Neeson (Godofredo), Alexander Siddig (Imad), Ghassan Massoud (Saladino), Velibor Topic (Almaric).
- Gidoia: William Monahan.
- Argazkia: John Mathieson.
- Muntaia: Dody Dorn.