Txinak (edo geuk) eukiko dauen (dogun) arazoa: hizkuntzea
Gotzon Plaza,
informatikoa
Askotan egin da berba Txinaren teknologia arloko etorkizunaren inguruan: urte gitxi barru, punta-puntako herrialdea izango da. Hamar urtetan emon dauen aurrerapausua ez da izan ez makala eta, esate baterako, gaur egun prozesatzaileak egiteko kapaz dira. Ez dira punta-puntakoak, baina jakin daigun mundu osoan dozena bat enpresa baino ez dirala kapaz prozesatzaileak garatzeko eta egiteko. Ganera, orain arte danak izan dira estadubatuarrak.
Hemendik aurrera, txinatarrek merkaduan lekutxu bat topetan hasiko dira eta, euren prezio merkeak (oraingoz behintzat) kontuan hartuta, laster izango dabe pastelaren zati ederra euren eskuetan. Baina hemen arazo larri bategaz aurrez-aurre topauko dira: hizkuntzea.
Gure mendebaldeko herrialdeotan, nahiz eta hizkuntza ugari euki, arlo edo esparru bardin bategaz jokatzen dogu: alfabeto edo abedea bardintsua da hizkuntza gehienetan, salbuespen batzuk izan ezik (gaztelerazko ‘ñ’ ikurra eta norbegiar edo suediar ikur batzuk berbarako). Alfabeto latinoa erabilten dogu hizkuntza guztietan. Ordenadorearen istorian (azken urteotako teknologiaren istorioan) ingelesa nagusitu da: ordenadoreek ingelesa daukie oinarrian. Tekladuak horretarako preparauta dagoz, bardintsuak dira danontzako eta idazteko arauak be ia antzekoak dira. Maiuskulak eta minuskulak, idazteko orduan ezkerritik eskumarantz joatea, puntuak eta komak, komatxuak, parentesisak... mendebadeko edozein hizkuntza hartuta be, bardinak (edo sikeran, antzekoak) izango dira erabileran.
Eta beste herrialdeetan? Danetariko dago. Joan gaitezan, berbarako Errusiara edo Greziara. Bertako hizkuntzen alfabetoa ez da latinoa, zirilikoa eta grekoa baino. Edo arabiar herrialde batera joan ezkero, beste arazo bat gehiago eukiko dogu: eskumatik ezkerrera idazten dabe. Arabiar bat gure herrietako ziberkafeleku batera badoa arazoak izango dauz: arabiar alfabetoa erabilita ezin izango dau ezer idatzi eta bere herrialdeko edozein webgunera sartu gura badau, IP helbidea (zenbaki hutsak) imini behar izango dau. Ganera, gunera sartzen danean, akaso bertako arabiar testuak ez dauz ondo ikusiko, hemengo ordenadoreek ez dabelako arabiar alfabetoa onartzen.
Arazo honi aurre egiteko merkatuan programa bereziak dagoz. Alfabeto batetik bestera pasauko deuskuez letrak eta idazteko norabidea be aldatuko deuskue (arabiarraren kasuan). Baina hau guztia hizkuntzok oinarrian letrez osotutako alfabetoa daukielako. Baina, zer pasetan da txinereagaz?
Txinerea (edo japoniera edo Koreako hizkuntzea, besteak beste) ez da alfabeto baten oinarritzen, ‘ideograma’ izeneko ikurretan baino. Ideograma bakotxak ideia bat azaltzen deusku, esaldi osoa. Ganera, beste berezitasun bat be badaukie: zentzuari jagokonean sinboloa berbera izan arren, desbardin ahoskatzen dira. Hau dau, persona bik (bata Beijingoa eta bestea Txinako beste muturrekoa) hizkuntza desbardina darabile baina idazterakoan, ideograma bera marrazten dabe. Persona horreek, ahoz, ez dabe sekula alkar ulertuko. Idatziz (marraztuz hobeto esanda), bai.
Txinak 1.300 miloe biztanle baino gehiago daukaz. Prozesatzaileak garatzeko eta egiteko prest dagoz, hardware-a egiteko kapaz dira. Orain arte euki daben softwarea amerikarra izan da baina euren barruko merkadua lortu gura badabe, soft txinatarra garatu beharko dabe. Soft-egile onenakaz egingo dabe lan, Indiako programatzaile, ikertzaie eta teknikariakaz hain zuzen be. Herrialde bien indarrak batuz, Txinak hardwarea iminiko leuke eta Indiak softwarea. Azkenean, mendebaldeko enpresakazko daukien menpekotasuna apurtuko leukie eta eurek oso-osoan garatu eta egindako produktua lortuko leukie. Txinako biztanleriari Indiakoa gehitzen badeutsagu (batak 1.327 miloe eta besteak 1.088 miloe), munduko bi herenak eukiko geunkez, eta merkadu zabal horren zatirik handiena lortzen badabe, hemendik urte batzutara gauzak polito aldatuko litzatekez.
Merkatu handi honen % 10ean edo %20an ordenadoreak saldu ezkero, ingelesaren buruzagitzea (eta alfabeto latinoarena be bai) kolokan egongo litzateke. Batek daki, txinatar ordenadore baten aurrean prozesatzailearen mezuak ingelesez edo ideogramaz osotuta egondo diran.