Indarkeriaren kontrako Ituna hilda dago. Eta orain zer?
IƱaki Atxutegi
Joan dan astean, Madrileko Diputaduen Kongresuan, Estaduaren Egoerari buruzko Eztabaidea izan zan. Zapatero gobernuburu espainiarra eta Rajoy oposizino burua aurrez aurre ikusi doguz Estaduaren kontuen ganean eztabaidan. Bero-bero ibili dira, jorratu beharreko gaiak ez ziran edozelakoak eta. Ez da konpromisozko eztabaidea izan ondorio politiko argiak izan dira eta.
Duda barik, euskal gatazkearen konponbidea izan da berbagai garrantzitsuena. Gaur egun Espainiako gobernua eta ETA erakunde armatua hartu-emonetan dagozala inor gitxik iminten dau dudan. Oraindino hartu-emon horreetako parte-hartzaile, berbagai eta bestelako nondik-norakoen ganean zurrumurruak baino ez dagoz. Ebro ibaiaren alde honetan asko espero da alkarrizketa horreetatik: "P" letreagaz hasten dan berbea da gogoan daukaguna.
Ez dago oraindino esaterik kontaktu horreek espero doguzan fruituak ekarriko ete dabezan baina begibistan dago kontaktu horreen ondorioz eszenatoki politikoa goitik behera aldatu dala. Alde batetik, ikusten dogunagaitik eta, bestetik, igarten dogunagaitik. Esandako moduan, ez dakigu nor, nogaz eta zeren ganean dagozan berbetan. Egunkarietan agertu diran ustezko informazinoak manipulazinoak izan daitekez. Pentsetan dogu alkarrizketen ondorioz edo alkarrizketak errazteko EHAK hauteskundeetan egotea ahalbidetu dala, eta atentadu bako epe luze bat. Eta hau zorioneko aro baten hasikerea izan leiteke.
Pasa dan asteko saioak beste ondorio bat itxi dau agirian: apurka-apurka PSOE PPtik aldentzen hasi dala. Rajoyk Zapaterori botatako salaketek Aznarren sasoia ekarri euskuen gogora. Zorionez, iraganeko kontuak dira.
Zapaterok konfidantzea eskatzen eutson oposizinoari indarkeriagaz amaitzeko. Bestelako bideari eutsiko deutsola emoten dau, alkarrizketearen bideari hain zuzen be. Emoten dau Zapaterok berba eginaz konpondu gura dauela indarkeriaren arazoa Rajoyk eta Aznarrek kontra egin arren. Jarrera horrek hankaz gora jarri dau aurreko urteetan Espainiako gobernuak aplikau dauen estrategia politikoa. Beste era batera esanda, Madrileko Gobernuak uste dau poliziak eta epaileak ez dirala indarkeriagaz akabetako tresna bakarrak.
Beraz, horrenbesteko handiusteagaz PPk eta PSOEk sinatu eben indarkeriaren kontrako ituna hilda dago. Alderdi Sozialisteak eta Espainiako gobernuak beste bide bat hartu dabe. Nire eretxiz Anoetako erronkeari baietz esan deutso Zapaterok. Holako keinuak pareko erantzuna merezi dau ustez mahaiaren bestaldean dagozanen aldetik. Holan izango ete da?