Kulturea  IV. urtea // 110. zenbakia

Ibilaldia 2005 Durangon, maiatzaren 29an


Bizkaie!

Emon bostekoa! lelopean egingo da aurtengo Ibilaldia maiatzaren 29an Durangon. Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek daukie 27. edizino hau antolatzeko ardurea eta pasa dan astean aurkeztu dabe Bilbon. Durangaldean ikastolen hezkuntza eredua ezagutzera emon eta sustatzea da euren helburua, ‘gure hezkuntza proiektuaren ezaugarri propioak zabaltzeko’.

Kurutziaga ikastola 1967an sortu zan. Hogeita lau neska-mutil izan ziran ‘Aurtxoa’ ikastolako lehenengo ikasleak. 1972an kooperatiba bihurtu zan. Gaur egun, Durangaldeko ikastolarik handiena da, 700 ikasletik gora ditu, haurtzaindegitik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara (DBH) bitarteko geletan.

Ibaizabal ikastolea askoz be proiektu gazteagoa da. 1999an sortu zan gurasoen ekimenez, ikastola ereduaren barruan euren seme-alabei DBHren osteko ikasketak emon ahal izateko eta Lanbide Heziketan eskaintza euskalduna emoteko. Gaur egun, 163 ikasle ditu eta kooperatibea da.

Kantea

Pop-rock erritmoz jantzita dator Ibilaldia 05eko kantea. Ander Ertzilla durangarrak egin dau soinua, berbak Unai Iturriaga bertsolariak jarri deutsoz eta ahotsa Ken Zazpi musika taldeko Eñaut Elorrieta abeslariak, Anderren alabatxoak, Jone Ertzillak, eta Ikastolako ikasle eta guraso talde batek.

Ibilbidea

Edizino honetako ibilbidea asfalto ganekoa izango da gehien bat (sei kilometro). Zati bat Abadiñoko lurretan egingo da.

Bost gune izango dira bidean. Lehenengoan, ‘San Fausto’, puzgarriak eta txarangea izango dira egun osoan. Ganera, zesta-puntako erakustaldia be egongo da ikusgai. Bigarrenean, ‘Astolabeitia’, rock musikea izango da nagusi Sei Urte eta Kauta taldeakaz. Hirugarrena, ‘Astola’, kirolaren gunea izango dala esan daiteke. Athleticeko neskek partidua jokatuko dabe han eta sokatirea be izango da. Laugarrenean, ‘Arta’, musikea jaun eta jaube izango da, Lor eta Muted rock taldeakaz berbarako. Bostgarrenean, ‘Ibaizabal Ikastola’, Bertsolariak eta Luhartz erromeria egongo dira. Seigarrenean, ‘Tabira’, Betizu ikuskizuna eta Tapia eta Leturia topauko dabez jaira hurreratzen diranek. Azkenik, zazpigarrenean, ‘Zuhatzola’, dantzak eta grafiti tailerra izango dira eta Urgabe amaitzeko.

Omenaldia

Durangoko San Agustin Kultur Aretoan izango da omenaldi ekitaldia goizeko 11:30etan. Protagonista nagusiak abesbatzak izango dira, euskerea eta euskal kulturea sustatzen eta zabaltzen egin daben lan itzela goraipatu nahi baita aurten.