Barriketan  IV. urtea // 110. zenbakia

Amaia Basterretxea: ‘gure aurrekoak barik ez gara ezer'

www.euskal-museoa.org


Aurten be maiatzaren 18an izango da Museoen Nazinoarteko Eguna eta egun batzuen faltan, Euskal Museoa, museoen egoerea, herritarren interesa, globalizazinoa, kulturearen gizarteratzean museoen papela lako gaiak jorratzeko Amaia Basterretxea Euskal Museoko zuzendaria atrapau dogu, Historian lizentziatua da eta arkeologian doktorea, 1997tik Euskal Museoko zuzendaria.

1.- Euskal Museo Etnografikoa, Bizkaiko Arkeologia museoa, Euskal Museo Etnografiko eta Arkeologikoa, Bizkaiko Museo Historikoa, Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa, Euskal Museoa..., izen aldaketa ugari tarte txikian. Horrek ez eutson mesederik egingo museoaren irudiari...

Ez. Egia da. Euskal Museoa da izen ofiziala orain eta pentsetan dot azkenean be asmau dogula, izen laburra eta erraza dalako. Ondo esan dozun lez, ia 100 urte daukazan museoaren historian makinatxu bat izen izan ditu eta jentearen nahasmenerako baino ez da izan. Atara kontuak, kasu batzuetan Museo Enologikoa izena be entzun dogu; dana dala, etnografiaren aldetik da ezaguna museoa, batez be, urteetan bultzatu dalako mundu hori. Edozelan be, historikoa eta arkeologikoa be bada museoa, hori ez dago ukatzerik baina Euskal Museoa izenak arlo horreek danak hartzen dituala esango neuke eta identifikazinorako be egokia dala.

2.- Burdin Aroko Mikeldiagaitik eta San Andres klaustroagaitik da ezaguna Euskal Museoa baina euskal kulturearen gordeleku be bada. Kontaiguzu, bisitariak zer topauko dauen.

Danetarikoa dago hemen. Museoak 1921ean zabaldu ebazan ateak 20 bat urte bilketa prozesuan ibili ostean. Etnografiaren atala da aberatsena museoan baina arkeologiakoa be ahaztu barik, izan be, Jose Migel Barandiaranen indusketa guztiak hemen dagoz, asko oraindino ordenau edo landu barik. Historiari dagokionean, gerra ostean, museoaren izena aldatu zan: ‘Euskal’ hori kendu eta Bizkaiko Museo Historikoa izena hartu eban. Orduan hasi ziran historiaren arloa be jorratzen. Beraz, gaur egun, danetarik daukagu museoan. Euskal kulturearen berreskurapenean, euskal museo bakarra gara; lehen Donostiako San Telmo be baegoan arren...

Bitxikerien artean, keramika eta erropa edo jantzien atala nabarmenduko neukez baina II. Karlistadan, Arruti komandanteak erabili ebean jakea, euskal konsuladuko armairu bat, XVIII. mendearen amaierako pistolea, XIV. mendeko lehioburua edota Mikeldi eskultura zoomorfoa, II. Burdin Arokoa be ikusgai dagoz.

3.- Aldi baterako erakusketak be antolatzen dozuez...

Bai. Hiru atal dagoz museoan: etnografia, arkeologia eta historia eta, beraz, urtean atal bakotxeko erakusketa zehatz bat preparetan dogu. Aurten, berbarako etnografian arloan, argazki zaharren erakusketea antolatu dogu eta datorren urterako keramika arloa lantzeko amesa daukagu. Urtean bat edo bi geure objektuekaz egiten doguz baina kanpotik ekarritakoakaz be bai. Gabon bueltan, umeentzako erakusketa bereziak egitea gustetan jaku eta aurten Julio Verneren heriotzearen mendeurrena dala aprobetxau eta horri buruzko erakusketea antolatuko dogu.

4.- Museoak artelanak eta ondare kulturala biltzeko lekuak ala zeozer gehiago dira?

Ez dakit. Museoak ez dira gauzak ikusteko lekuak bakarrik, biziteko lekuak dira; bisitariak isilik eta arin ibilten dira pasiloetan, jenteak pentsetan dau museoa leku hila dala baina, ez, museoak leku biziak dira. Kontuan euki gaur biziten doguna bihar historia izango dala eta, beraz, momentu bakotxaren garrantzia nabarmenduko neuke; museoa arin-arinka behin ikusi eta dana ikusita daukiela pentsetan dabe askok baina bisita bakotxean gauza barriak deskubridu leitekez.

Horrezaz ganera, museoaren atzean zer dagoan be ez da ikusten, bilketa eta sailkapen lana, ikerketea...

5.- Historia, etnografia edota arkeologia kontuek ba ete dauke interesik gaur egungo gizartean?

Zelan ez dau eukiko? Aldatu egin dala uste dot baina galdu ez da galdu interesa. Jakina, hezkuntza arloan humanitateak galduta dagoz eta teknologia barriakaz umeak itsututa dagoz eta horrek ez dau mesederik egiten. Konsumoaren gizartean bizi gara.

Beste alde batetik, film historikoak eta ‘Indiana Jones’ lakoak ugari doguz azken aldian eta etnografiaren eta historiaren benetako edukina islatu ez arren, positiboak dira jentea mundu honetara erakarteko. Ez dogu ahaztu behar horreek barik gu ez garala ezer, badakizu ‘izan diralako gara eta garalako izango dira’. Aurrera begiratzea ondo dago baina atzean daukaguna ahaztu barik.

6.- Globalizazinoak lekuan lekuko kulturak itolarrian ixten dituala entzun dogu sarri. Konturatu barik, geure nortasunaren zati bat galtzen gagozala pentsetan dozu? Zein da museoen egitekoa globalizazinoaren aurrean?

Duda barik globalizazinoagaz geure nortasunaren zati bat galtzen gagoz. Museoen egitekoa zein ete dan? Gure kasuan, Euskal Herriak denporan zehar euki izan dituan bizitzeko moduen lekuko diran objektuak eskuratzea, horreei eustea eta ezagutarazotea dira asmoak baina hortik aurrera, gauza handirik ezin geinke egin, izan be, erakunde eta politikoen babesaren eta, kasuan kasuko hezkuntza programen pentzutan gagoz; politika kulturaletan, etnografia, historia eta arkeologia lako arloak eta museoak bultzatzeko jarrera argirik ez badago gauzak egiteko gaitasuna mugatuta geratzen da.

7.- Bizkaian 19 museo dagoz baina pastelaren zati handiena Guggenheim Museoak hartzen dau. Eraikina bera ei da deigarriena eta barrukoa ez horrenbeste baina Euskal Museoa be eraikin barroko batean dago kokatuta...

Ez dot pentsetan Guggenheimek besteak jaten dauzanik, Guggenheimek mesede egin deutse ganerako museoei. Guggenheim, jenteak esaten dauen lez amerikanua da, baina hemen dago eta geurea da. Gauza barria da, modernoa, kanpotik ekarritakoa, beste kultura baten ikurra eta hori positiboa da. Horrezaz ganera, museo txikiagoak be badagoz geure kulturearen eredu eta uste dot Guggenheimek geurea eta kanpokoa bereizteko eta ondare kultural unibersalaren aberastasunaz jaubetzeko balio izan dauela.

Ganera, Guggenheimen antzera, geuk be Euskal Museoaren lagunak doguz eta Guggenheimegaz erdibana dogu sarrerea.

8.- Zelakoa da Euskal Museora hurreratzen dan bisitariaren perfila?

Lehen eskola edo ikastetxeetatik taldeak etorten ziran ugari baina azken aldian bakarkako sarrerak be polito saltzen doguz. Gaur egun, bakarkako sarrerak saltzen doguz gehiago taldekakoak baino; beste alde batetik, igaz, bisitarien % 15 atzerritarrak izan ziran. Edadeari dagokionean, jente heldua da gehien hurreratzen dana.


9.- Maiatzaren 18an, Museoen Nazinoarteko Eguna izango da ‘Museoak kulturen arteko zubigintzan’ lemapean. Gaur egun, egun guztiak dira aldarrikapenetarako egunak; beharrezkoak dirala pentsetan dozu?

Bai, zergaitik ez. Propagandea da. Besterik ez bada, mundu guztiak daki Museoaren Nazinoarteko Egunean sarrerea dobanekoa dala eta hori be inportantea da ze egun horretan jente gehiago joaten da museoetara.

Ganera, egun aproposa da jenteari ezagutarazoteko aurrerantza begiratzeko atzera begiratzea be komeni dala edo, beste modu baten esateko, gaur egungo egoerea edo artea aztertzeko lehengo denporetan bizi eta sortutakoak ezagutzea be nahitaezkoa dala.

10.- Bisitau dozuzan museoan artean, bat nabarmentzekotan, zein?

Galdera gatxa. Arkeologoa nazan aldetik eta piezen garrantziaren aldetik, British Museum nabarmenduko neuke, Pariseko Louvre, Berlineko Pergamo... Dana dala, AEBetan dagozan museo bi aitatuko deutsudaz: Wyoming-eko Cody herrian dago bat, naturearen erdi-erdian, Buffalo Bill Museum. Indioen kultureari buruzko sekulako museoa da. Bestetik, Kanadako Toronton, Bata Shoe Museum be zoragarria da. Zapaten ganeko museo txikia; etnografia eta historia aldetik, zapatak eta euren bizia, zapaten jaubeen bizia, gizartea eta enparauak erakusten dituana. Ederra, benetan.

11.- Ze erronka edo proiektu dozu buruan?

Historiaurreko museoa eregiten dagoz Bilbon, Mallona-Dolaretxen eta oraingoz ez dago jakiterik arkeologia saila hara eroango daben ala ez. Bien bitartean, geure museoaren egokitzapen plana preparaten gagoz. Museoen Legea be badator eta ikusi beharko da geurea zelan geratuko dan. Hori bai, Euskadin lehenengo museoa hauxe izatea gurako neuke. Gustoko beharrean nabil, beti pentsau dot bideak eta zubiak ez dirala fisikoak bakarrik, kultura eta gizarteen irudi be badira; gure aurrekoak barik ez gara ezer.

Koldo Isusi Zuazo