Internet sarearen tripak
Zerbitzaile horren kokapen fisikoa be nahikoa bitxia da. Internet sortzeko momentuan, Errusiaren eta Estadu Batuen arteko hartu-emon hotzak zirala eta, Estadu Batuetan bildur ziran halako eraso nuklearren menpean egozalako, eta hori dala eta, armadearen ordenagailuak leku desbardinetan ipintea erabagi eben; hori bai, ordenagailu horreek euren artean konektauta egozan, eta baten informazinoa galdu ezkero, beste baten informazinoa salbetan zan. Horreexek izan ziran Interneten lehenengo pausuak, baina orain be antzeko arazoak doguz: alboko mapan ikusten danez, erro zerbitzaileok nahiko hur dagoz, eta multzo bitan bananduta, batzuk Kalifornia aldean (lau zerbitzaile) eta beste sei Ekialdeko Kostaldean, Virginian eta inguruetan.
James Bond agentearen filmetan bezela, egunotan ikusi dogunez, gaizkileek gune horreek eraso leikiez duda barik ,eta holan bai amaitu daitekezala Interneteko kontu honeek, bai. Baina hori filmetan baino ez da pasetan …. ala ez?
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Sarea bazter guztietara zabaldu da, aramu sare baten antzera, hau da, bide guztiak ondo lotuta eta alkarren arteko hartu-emonakaz. Aramu sare edo arbola baten adarren antzekotzat be hartu geinke: arbola horren adartxuak beste adar loditxuago batzuen bitartez lotu eta zabaldu egiten dira. Baina arbola guztiek legez, Internetek baditu 'erroak', sustraiak, eta Sarearen kasuan hamahiru ordenagailu edo zerbitzaileakaz osotuta dagoan sustrai mordoa: arbolearen erro honeek 'Domeinu izenen erro zerbitzaileak' deitzen dira (DNS Root Servers, ingelesez).
Interneten bihotzak hiru parte ditu: alde batetik 'erro zerbitzaileak', bigarrenez DNS protokoloa eta hirugarrenez 'root zone' artxiboa.
Erro zerbitzaileak
Hamahiru zerbitzaile honeen beharra hauxe da: guk Inteneten erabilten doguzan domeinu izenak (adibidez, bizkaie.biz ) berari jagokon IP helbidera itzultzea, hau da, ulergatxa dan zenbaki zerrenda batera itzultzea (berbarako, 56.15.22.98). Sarera konektetan garanean, gure ordenagailuak holako zenbakiak erabilten ditu nabegetan gagozan bitartean, hau da, gure ordenagailua DNS zerbitzaile batera konektetan da (Interneten sartzeko kontratau dogun enpresearena) zenbakiak jagokezan helbideetara itzuli daizan eta, era horretara, gure nabegazinoa errezagoa izan daiten. Sarean dagozan DNS zerbitzaile guztiak konektauta dagoz eta azken baten, hamahiru erro zerbitzaile honeekaz konektauta.
DNS (Domain Name Server) protokoloa
Esan dogun moduan, hemen zenbakiak ulergarriagoak diran helbide batzuetara bialtzen dira, eta baita alderantziz be, izena helbide batetik eta holan zenbaki lerro bat lortzen da. Azken baten, Interneten zenbakien bitartez mobiduten gara; baina hori errazagoa izan daiten, 'izenak' gogoratzen doguz, bizkaie.biz esaterako.
'Root zone' artxiboa
Erro zerbitzailera konektetan dira beste hamabiak. Hemen lehen mailako domeinuen ganeko informazinoa gordeten da, hau da, .com, .org, .net , .biz, .it, .uk eta holako domeinuak kontroletan dira. Zerbitzaile hau behar-beharrezkoa da nabegetako edota posta elektronikoa erabili ahal izateko.
Hamahiru zerbitzaile horreen artean, hamar Estadu Batuetan dagoz (jakina, Internet hantxe bertan jaio zalako edo), beste bat Suedian (Stockholmen), hamabigarrena Ingalaterran (Londresen) eta azkena Japonian (Tokyoko Unibersidadean).
Zerbitzaile honeen izenak alfabetoaren lehen hamahiru letren izenak dira: A Zerbitzailea, B Zerbitzailea, eta abar. Egon badago halako erakunde bat, bere lana zerbitzaile horreen kontrola eta mantenimentua dana, ICANN (Internet Corporation System Advisory Committee). Mantenimentu honen barruan, zerbitzaleon segurtasun sistemak martxan ipintea be sartzen da, hau da, zerbitzaile bat edo bi jokoz kanpo gelditzen badira, bertatik abiatzen dan informazino-trafikoa beste zerbitzaile batzuetara desbideratzen da sistema osoak funtzionau daian.
Internet ukutu ezinezko mundua ete da?
'The Washington Post' amerikar egunkariak adierazo dauenez, sekula izan ez dan erasoa izan dabe hamahiru zerbitzaile ospetsu horreek. Ordu beteko erasoaldiaren ondorik, azkenean erasotzaileek ez eben gauza handirik lortu, baina sustoa itzela izan zan. Urriaren 21ean, gaueko hamaikak aldera hasi zan erasoa, eta nahiz eta alarma guztiak martxan jarri, Interneteko erabiltzaileok ez genduan ezer igarri, akaso apur bat astiroago joiala kontua. FBIko ikertzaileek oraindino ez dabe ezer esan, baina txostenak ikertzen dabilz, erasotzaileak nortzuk ziran jakin guran.
Zelakoa izan zan eraso hori?
Teknikarien esanetan, hamahiru zerbitzaile horreen artetik lau edo bost izan ziran erasoari eutsi eutsienak. Erasoa 'DDos' izenagaz ezagutzen da. Ordenagailu bat zerbitzaile batera konektetan da, zerbitzaileak erantzuna emoten deutso, gure ordenagailuak web orrialde bat eskatzen deutso zerbitzaileari eta honek eskaini egiten dau, horretarako bitarteko eta prozesu batzuk erabiliz. Erasoaren kasuan, zerbitzaileak gure ordenagailuari erantzuten deutsonean, gure programeak ez deutso ezelako orrialderik eskatzen (zerbitzaileak prozesuak eta bitartekoak 'jaten' dituan bitartean), eta gure ordenagailua ez eze beste askok be gauza bera egiten badabe; azkenean zerbitzailea bitarteko barik gelditzen da eta 'jausi' edo 'eskegi' egiten da. Erasoa, sistemearen gainkargea izan zan.
Antza, segurtasun sistemek zelan edo halan eutsi egin eutsien erasoari; baina lehenago izandakoak zerbitzaile bakar baten kontra izan ziran, eta ez oraingo moduan sistema osoaren kontra. Kontua da ze segurtasun neurriak beharrezkoak dirala eta, ganera, argi dago Interneten ezin dirala gauza guztiak kontrolau; izan be, halako erasoak gaur, bihar edo etzi be errepetiduko dira.