Kulturea  IV. urtea // 110. zenbakia

Triunfadoreen galdera garratzak


Hori kontuan hartuta, ulertzekoa da Antzerkiola Imaginarioko kideek Alfred Jarryren ‘Ubú errege’ eta Samuel Becketten ‘Godoten zain’ moduko komedietan hartu izana erreferentziak, eta, zelan ez, absurduaren gainean berbetan gagozanez, Ionesco be izan da euren zutabe nagusietako bat: jatorri errumaniarreko autorearen ‘Errinozeroa’ hartu eta, metafora lez, Ander Lipus eta konpainiak hipopotamoaren figura erabili dabe. Metaforea, zerena? Ba animalia motel, ardurabako, astun eta patxadazale bihurtzearena: gaur egun, koherentzia mantentzea ze gatxa dan erakutsi gura dabe. Persona askok, erosotasunaren truke, arimea be salduko leukie, eta hori da gure garaiko ezaugarrietako bat, hipopotamo bihurtzen gabilzala astiro-astiro. Hain zuzen be, lana hipopotamo bihurtzearen bildurretik hasten da: Madame Faneka, Bala Gizona eta Gazte Nihilista zubi baten dagoz, euren buruaz beste egiteko prest. Koherentzia bizitza osoan gorde gura dabe, eta, hipopotamo bihurtu baino lehen, gurago dabe suizidau. Desenkantua, amesei uko egitea, koherentzia eza... balore (edo baloreen gabezia) horreen inguruan mobiduko da lana, eta, lanagaz batera, taula gaineko zazpi aktoreak: Ander Lipusen zuzendaritzapean, Verónica Fernández, Alex Gerediaga, Iker García, Na Gomes, Terri Florido, Gabriel Ocina eta Ainhoa Jauregi dira garai barrietako galdera mingarriei erantzuten saiatuko diranak.

Hobeto esanda, galdera mingarriak planteauko dabez, erantzunik emon barik. Jon Gerediaga idazle eta gidoilariak esan eban moduan, ‘planteetan diran galderei erantzunak bilatu gura deutsen personak txarto egin dau zeozer. Beharbada galderak txarto egin ditu. Egoerea aurkeztu dogu, baina nik neuk ez daukat erantzunik’. Halanda ze, triunfadorea izatea zer dan ez deuskue azalduko. Ez deuskue azalduko, era berean, Europan zergaitik gabilzan hipopotamo bihurtzen: zoriontasunaren patxadeak bihurtu gaitu hipopotamo, ala munduagazko ardurabakoak garalako ete da? Ez dogu jakingo, baina galderak hortxe dagoz, eta ez da gitxi, behin baino gehiagotan esan izan da-eta artearen funtzinoa ikusleari kezkak sorrarazotea dala.

Lan handia egon da ‘Au revoir triunfadoreak!’ honen atzean. Antzerkiola Imaginarioaren lanean ohikoa danez, esperimentazinoak, laborategiak eta taldeko lanak itzelezko garrantzia euki dabe oingoan be, eta, Ander Lipusen esanetan, ‘gogorra izan da’: hamazortzi hilebete emon ditue lanean antzezlana taularatu aurretik: ‘laborategiaren kontzeptua muturreraino eroan dogu’, autortu dau Lipusek. Baina, azken baten, horixe da Antzerkiola Imaginarioaren beti-betiko lanabesetako bat: esperimentazinoa eta taldeko lana: euren web orrian (www.antzerkiola.com) argi definidu dabenez, Antzerkiola Imaginarioa ‘antzerki ikerketarako laborategi lez sortu zan’ 1998an. ‘Antzerki lengoaia propio baten bila gabilz geroztik, formula dramatiko jakinen ezarpenari uko eginez’. Eta lortzen dabe, bai jauna.

Julen Gabiria

Antzerkiola Imaginarioa ez dago geldi egoteko gogoz. Egotekotan, esperimentetako, aztertzeko, harritzeko eta beti aurrera egiteko gogoz dago, eta holan erakutsi dau oraingoan be, ‘Ezekiel’ lana egin eta ‘Yuri Sam’ proiektuagaz Donostia Saria irabazi ostean beste obra interesgarri baten murgildu diranean. ‘Au revoir triunfadoreak!’ lana gaztelaniaz estrenau zan martian, eta euskeraz maiatzaren 6an taularatu eben lehenengoz, Zornotzan. Donostiako Egia Kultur Etxean hiru egunez emonaldiak eskaini ostean, Bilboko Arriaga Antzokian be eskaini eben.

Antzerkiola Imaginarioaren berbetan esateko, ‘Au revoir triunfadoreak!’ lana ‘garai barrietako komedia tristea’ da. ‘Yuri Sam’ edo ‘Ritos’ lanetan tradizinoen mundua arakatu ostean, Bilboko Mina Espazioan sortutako taldea umore absurduaren bidetik sartu da oingoan, Ander Lipusek proposatu eta Jon Gerediagak eta Na Gomesek idatzitako testuan. Halanda ze, argi itxi gura dabe hau komedia dala, baina hori bai: komedia tristea. Izan be, jorratzen dituan gaiak kontu serioak dira, mina emoten daben gaiak, baina tragediatik urrundu guran eta antzerki antropologikorik egiteko asmo barik, garraztasuna leundu gura izan dabe, umore puntua gehituz. Hori bai: Ander Lipusek azaldu ebanez, ‘umorea gure erako umorea da, Antzerkiola Imaginarioaren erakoa. Gusto garratza ixten dauen umorea da. Izan be, sensibilidadeari barre egiten deutson Europa honetako egoera soziala ikusita, gauza gatxa da umorea egitea’.