Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 110. zenbakia

World Series txapelketako lasterketariko bat Bilboko kaleetan


Sarreren erdia salduta

Behin ibilbidea zehaztu eta sarrerak salgai imini eta gero, lasterketa honen sarreren ia erdia saldu da lau eguneko epean. Zaleek zirkuitua garagarrilaren 15, 16 eta 17an ikusteko izango diran 25.000 sarreretarik 10.000 baino gehiago erosi dabez salgai imini eta lau eguneko epean.

‘Sinistuta gagoz sarrera guztiak salduko dirana’, adierazo eban aurreko astean Rikardo Barkala ekonomi sustapeneko zinegotziak. Antolatzaileek 25 gune atondu dabez lasterketa hau ikusi ahal izateko. Tribunak, harmailak eta pelouse-a dagoz; azken horrek dira ikuspenik txikieneko lekuak, baina merkeenak be. Ikusle guztiek jesarrita ikusi ahal izango dabe norgehiagokea. Lehenengo kasu bietan euren jesarlekuan. Hirugarren kasuan, jesarleku luzeetan.

Txartelen prezioak 120 eurotik 30 eurora bitartekoak izango dira; karuenak tribuna nagusikoak eta merkeenak pelouse-ko jesarleku luzeetan. Sarrera bakotxak norgehiagokako hiru egunak ikusteko eskubidea emoten dau. Egunik erakargarriena World Series by Renault probearena izango da. Gidariek eta automobil taldeek 450 potentzi zaldiko ibilgailuen lasterketa hau Formula 1era pasetako plataformatzat hartu ohi dabe. Ikuskizun hau ez eze, beste hiru proba puntuagarri be ikusi ahal izango dira Bilbon: jesarleku bakarreko eta litro 2ko ibilgailuen txapleketea, “Megane”-ren prototipoena eta aldez aurretiko prestatutako 'clio' ibilgailuena.

Segurtasuna

Sarrerak beste persona bati itxi dakikeoz egun oso baterako. Gorago aitatu dogun lez, pistan lasterketea ikusteko 25 eremu izango dira eta ikusle guztiek euren jesarlekua eukiko dabe. Ibilbidea hormigoizko hormez eta hesiez inguratuta egongo da, lasterketetan ezbeharren ondorioz jaregin leitekezan objektuek kalterik sortu ez daien.

Segurtasun neurrien ondorioz, ikusle kopurua murriztu eta 25.000 sarrera baino ez dira izango. Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta ekitaldiaz arduratzen dan RPM enpreseak daborduko adierazo dabe toki kopurua ez dala nahikoa izango, are gitxiago azken urteotan ibilgailuen txapelketa honeek euki daben gorakada handia kontuan hartuta.

Edozelan be, behin eta barriz azpimarratu da “Bilbao Urban Circuit” izeneko ekimen honen bitartez Bizkaiko uriburuaren irudia 80 herrialdetara helduko dala, telebistako transmisinoei esker.

Begiluzea

Bilbo uri barruan ‘World Series by Renault’ txapelketako lasterketak ikusteko aukerea izango da datozen hiru urteetan. Akordioa igazko zemendian izenpetu eben Bilbon, Udalak, Bizkaiko Aldundiak, Renaultek eta RPM Racingek. Horri esker, 2007. urtera arte Bilbon jokatuko dira txapelketa honetako hainbat proba.

Gauzak holan dirala, Bilboko kaleak World Series by Renault txapelketako lasterketen lekuko izango dira 2007. urtera arte; izan be, hiru urterako akordioa izenpetu da. Ganera, zirkuitua atontzeko, 5 edo 6 milioi euroko aurrekontua euki dabe.

Zirkuitua 3.980 metrokoa izango da eta, gitxienez, 10 metro zabal izango da; ibilgailuek ezkerretara hemeretzi errebuelta hartu beharko dabez, eta eskumatara hamalau. Paddock-a, barriz, Zorrotzaurren iminiko dira.

World Series txapelketako lasterketeagaz eta entrenamenduakaz batera, Megane Trophy, Europako Renault Formula, F-Renault 2000, F-1600 eta Clio Kopa txapelketatako probak jokatuko dabez Bizkaiko uriburuko kaleetan.