Bildurraren zooa
Pandak dagozan lekura heltzeko bideko oharrak segiduten doguz. Lorategi txiki baten atzean dagoala uste dogu. Baldosa grisa dago lurrean eta kristalezko atetik, astiro, buru bat ikusi dogu, zuria, belarri baltzakaz. Begietan be orban baltz bi daukaz. Ate atzean ostentzen da barriro eta, handik segundu batzutara, barriro agertzen da. Bizilekuari ondo begiratzen deutsagu eta, harrigarria bada be, oso txikia da. Atzeko partean kristal bat dago eta bertatik ikusten da animalia. Bakarrik dago eta atzeko hankak lurretik altzau barik dabil. Burumakur doa, hara eta hona, mobimentu mekanikoak eginez, behin eta barriro gela hotzetik sartu eta urten baino ez dau egiten.
Handik metro gitxira, soka bategaz taket bati lotuta, gamelu bat urduritu egiten da bedarrez betetako gurdia begien aurretik pasetan ikusten dauenean. Larrua kenduta dauka eta artega dago.
Zootik urtetako gogoagaz, terrariumerantz goaz, arin. Bidean kaiola txiki batzuk ikusi doguz. Ia ilunetan dagozan arren, animalia uletsu eta bildurtuak ikusi doguz barruan. Kartel ziztrinean ikusitako krokodilo itzelak etorri jataz burura eta hantxe ikusi doguz, eskailera borobil batetik igon ostean. Kaiola batzuen barruan dagoz, lur aglomeraduaren ganean, eta ia kabidu be ez dira egiten. Sugeak, kiribilduta, kristalezko kutxatan dagoz eta zorionekoenek, ahoa esparatrapuagaz lotuta ez daukienek, kutxearen dimentsinoa kalkulau leikie erdibitutako mihia atarata.
Ordurako nahiko triste gagoz. Alboan, interes larregirik barik zooa ikusten dagoan turista batek frutu sikuen boltsa bat atara dau. Makurtu eta kakaz betetako kaiolan dagoan karraskari itzel bati jaten emon gura deutso. Animalia ez da mobiduten eta emoten dau gaixorik dagoala.
Burdin hesien artetik kakahuete bat bota deutso eta animalia jo ostean, potxingo batera jausten da. Mobidu be ez da egiten. Triste, emakumeak alde egiten dau, krokodiloei zarata egiten deutsen bitartean. Handik lasterrera, animaliak jatekoa aurreko hankakaz hartu eta gogo biziz jaten dau.
Gaurkoz, nahiko euki dogu. Zigorrek monoen alboko postu batean kakahueteak erosi ditu eta animalia gaixoari emon deutsoz. Ni, barriz, ez naz kapaz ezer jateko. Akaso hobe izango litzateke hilten ixtea...
Urteerako bidea hartu dogu, isilik. Goizean telebistan nazien genozidioaren ganean entzun dodan albistea etorri jat burura, bildurraren amaierea, tratu txarrak jaso dabezan gizakien askatasuna. Noiz itxiko deutsagu animaliak torturatzeari?
Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama
Txinako Guilin uriko bigarren parkerik handienean zoo bat dago. Eta ez edozelako zooa, ganera. Sarrerako kartelean tigre asiarrak, pandak, monoak, sugeak eta krokodriloak ikus daitekez. Ni aurrerantza noa, Zigor pauma zaratatsu bategaz geratzen dan bitartean. Kartelak ekarri nau honaino, leku honek ez dauka interes berezirik eta. Baina tigrearen irudia barru-barruraino sartu jat. Hain da polita! Hagin indartsuek benetako grina erakusten dabe.
Atetik sartu eta segiduan 25 metro koadroko kaiola bat dago. Barruan, edadeko gizon bat dago egunkaria irakurten, masa naranja baten aurrean. Animalia itzela erdi lo dago, zaindariak nire interesa ikusi dauen arte. Orduan, atea zabaldu eta tigrea izartu dau. Errezeloz beteta hurreratzen naz, ikutu egiten dot, eta animalia mobidu be ez da egiten. Erdi lo dago eta nik ez deutsat enbarazurik egin gura, ez. Argazkia atarateko euro bi pagau behar dira eta beraren ganean jesarten naz, burua ikutzen deutsadan bitartean. Kaiolatik urtetan dodanean, azkenekoz begiratzen deutsat. Lodi dago eta aharrausi baino ez dau egiten. Gogorik barik mihia hankatik pasau ostean, barriro zarratzen ditu begiak.