Euskaldunok munduan  IV. urtea // 110. zenbakia

New Yorkeko Euskaldunak liburua argitaratu barri dabe


Bizkaie!

Nevadako Euskal Ikasketa Guneak ‘Euskal emigrazioa eta diaspora’ izeneko liburu-sortearen lehenengo alea argitaratu dau, Gloria Totoricaguena irakaslearen Euskaldunak New Yorken: Esperientzia Kosmopolita lana, hain zuzen be. Eusko Jaurlaritzeak ikerketa bera kaleratu eban orain urte batzuk, Urazandi egitasmoko edizino berezi baten barruan, baina gaur egun agortuta dago.

New Yorkeko Euskal Etxea AEBetako erakunderik zaharrena da, XX. mendearen hasierakoa. 1905an, New Yorken bizi ziran euskaldunek alkartea sortu eben alkarri laguntzeko, eta, horri esker, gaixo egozan beharginek soldatea jasoten eben. Ganera, Euskal Herrira itzuli behar ziranen bidaiak alkarteak pagetan ebazan askotan.

New Yorkeko Euskaldunak liburuak Ekialdeko Kostaldera joandako lehenengo euskaldunen istorioak ekarten ditu gogora, protagonistek kontauta. Horrezaz ganera, lanak Eusko Jaurlaritzeak New Yorken izan eban Delegazinoa aitatzen dau, baita euskal politikeak (euskereak, katolizismoak, musikeak, dantzeak…) New Yorkeko biztanleakan izan dauen eragina be. Ganera, gaur egun New Yorken bizi diran euskaldunen bizimoduaren barri emoten dau.

Amerikako Euskal Ikasketa Elkartearen historia agertzen da liburuan, Elkarteak urte askotan izan dau-eta egoitza New Yorken.

Liburua Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Gunean eros daiteke. Danetara, 367 orri dira eta 90 argazki ditu.