Barriketan  IV. urtea // 111. zenbakia

Mikel Arredondo: 'beti geratzen zara beste gauzaren bat egiteko gogoagaz'

Bizikletaz etorri da hitzordura, hainbeste ordutan bidaia-lagun izan dauen bizikleta horiaren pedalei Bilboko kaleetan zehar gogor emonez.

Hiru hilabeteko bidaia izango zana urte biko abenturea bihurtu zan Mikel Arredondorentzat. Behin hasita, etxera bueltan etorri baino hamaikatxu ikusteko eukazala pentsauta, Amerikan egoala mendebalderako bidea hartu beharrean ekialderantz jo eban. Mundu zabaleko hainbat herrialdetan ibili da Arredondo eta, bidaiaren gora beheren ganean zeozertxu gehiago jakiteko, hona hemen beragaz egindako berbalditxua:

1.- Euskera-klaseak emoteari itxi eta hiru hilabeteko abenturea egiteko hartu zenduan Erdialdeko Amerikarako bidea. Zeren bila joan zinan?

Ez da erraza horri erantzuten. Bidaia nahiko arin preparau neban. Buruan baneukan zer egin gura neban baina betiko kontuak egozan tartean, dirua, hilabeteko oporrak baino ez... Pisukidea be horretan ebilen, bidaia luzea egin guran. Niri beti gustau izan jat bizikletea eta bidaia luzea egiteko sasoia zala pentsau neban. Ordura arte beti ibili izan naz estu denpora aldetik eta kontuan hartu behar da bizikletea ez dala autoa edo autobusa lakoa. Erritmoa desbardina da eta gauza asko egin arren, beti geratzen zara beste gauzaren bat egiteko gogoagaz. Horregaitik, eszedentzia eskatzeko aukerea izan neban legez, momentua zala pentsau eta Kubara joan nintzan.

Nire asmoa Kuban hilabete pare bat edo hiru egitea zan. Bertan nengoala esan eustien ezin nebala hilabete bi baino gehiago egon bisadua luzatu barik. Orduan, Costa Ricara joan nintzan, han neukan lagun batengana. Han nengoala, iparralderantz jo neban eta Nicaraguako mugara hurreratu nintzan. Aurrerantz egitea erabagi neban eta sei hilabete emon nebazan Nicaraguan, Costa Rican eta Panaman. Costa Rican nengoanean, indigenakaz lan egiten eban, Terueleko mutil bat ezagutu eta neu be indigenakaz joan nintzan, herrialdearen hego-mendebaldean. Orain urte bi egon nintzan eta orduan sortu eben jentea hartzeko ostatu antzeko bat, handik dirua atarateko. Bertan pare bat aste egin eta gero Panamara joan nintzan. Panaman goitik behera aldatu zan bidiaia.

2.- Bertan, bizikletaz hasitako ibilbidea gatx egin jatzun eta etxera etortea erabagi zenduan. Zer pasau zan orduan?

Panamara arte nahiko ondo ibili nintzan. Kuba oso herri polita da eta oso erraza bizikletaz ibilteko. Baina Erdialdeko Amerikan, eta batez be Panaman, oso gatxa egin jatan bide ertzean bizikletaz ibiltea. Arriskutsua zan eta bidaiaz nazkatzen hasi nintzan orduan. Susto pare bat euki nebazan eta jausi be egin nintzan. Bildurra hartu neban eta etxera etortea pentsau neban.

Orduan, etxera nentorrela esanez lagunari mezu bat idazten nengoala, atzean lagun bi egozan. Bata kolonbiarra zan eta bestea alemaniarra. Ingelesez egozan berbetan eta nik ingelesa... orain apurtxu bat, baina sasoi haretan, ezebez. Zeozer ulertu neban eta, lagunari mezua bota ostean, zeren ganean berba egiten egozan itaundu neutson kolonbiarrari. Berak esan eustan alemaniarrak munduari belaontzian birea emon gura eutson lagun bat eukala eta jentea behar ebala. Arratsaldean bertan urtetan eben Hego Pazifikorantz eta neu be animau nintzan. Orduan, lagunari beste e-posta bat bialdu neutson, belaontzi baten Polinesiara ninoiala esanez. Harrituta geratu zan, baina animau egin ninduan. Beste bat behar izan ezkero, deitzeko eskatu eustan. Bera Bolivian egoan eta kapitainak baiezkoa emon eta astebetera, lagunak, kapitainak eta hirurok Polinesiarako bidea hartu genduan, bizikletea etxera bialdu ostean.

3.- Itsasontzian sartu eta Pazifikoa zeharkatzeari ekin zeuntsan. Ingelesik jakin barik eta itsasgizon lanetan inoiz ibili barik, momentu gogorrak be biziko zenduzan.

Lagunak, behintzat, ingelesez egiten eban eta itsasgizon lanetan egun batzuk egin genduzan, ikasteko.

Momenturik gogorrenak lehenengo egunetan bizi nebazan. Itsasoan... ez nekian ezer be ez eta kapitainak alemanieraz eta ingelesez baino ez eban egiten ganera. Itsasontzian, traste bakotxak bere izena dauka eta kapitainak agintzen ebanean, derrigorrez jakin behar neban zer egin, momentuan bertan. Subertea euki genduan, eguraldi ona egin eban eta haizeak be ondo joten eban.

4.- Eta zein da bizi zendun momenturik zoriontsuena?

Panamatik Galapagoetarako bidean, arratsalde-iluntzeetako itsazo zabala zoragarria zan. Edonora begiratu eta ez dozu ezer ikusten. Trankil egoteko aukerea izaten genduan hor. Goizak be ikusgarriak ziran.


5.- Zelanda Barrian hotel batean egon zinan lanean. Zelan ataraten zenduan beste lekuetan bizimodua aurrera?

Hemen nengoenean, ez neukan diru askorik aurreztuta baina furgoneta bat neukan. Furgonetea saldu eta diru horregaz joan nintzan bidaian. Kontua da kanpoan zabizenean gitxi gastau behar dala. Aurrekontu txikiagaz jakin behar da ibilten. Ganera, bizikletan zoazenean aurrekontua txikia izaten da, ez da asko gastetan. Lehenengo sei hilabeteetan, gitxitan egin neban aterpeetan lo. Gehienetan kanpin-dendan pasetan neban gaua, edonon, hondartzetan askotan. Arratsaldean heldu, kanpina montau, lo egin eta hurrengo egunean, barriro bizikleta ganera. Barkuan be, bidaia lanaren truke izan zan eta gero, Zelanda Barrian, lan eta lan. Barkuan gengozala pentsau genduan daborduko bederatzi hilabete pasau zirala eta lan egin behar genduala. Jatetxe batean be egin neban lan. Hori bai: Polinesian (bide batez, ha paradisua dala aitatu behar dot), egunean batez beste hiru euro gastetan nebazan.

6.- Etxetik urrun, familiaren eta lagunen berotasun-faltea igarri dozu?

Bai, askotan. Baina gaur egun Internet dago. Munduan, edonon topau zeinke cyber-leku bat. Denpora asko mezuak irakurri barik egoten nintzanean eta 25-30 mezu neukazala ikustean... ilusino handia egiten eustan. Familia eta lagunak hurrago sentiduten dozuz. Halanda be, inguruko bateren bat gaixorik dagoala jakiten dozunean eta triste sentiduten zara, ezin dozulako ezer egin.

7.- Horrenbeste herrialdetan ibilita, jente ugari ezagutzeko aukerea euki dozu. Nor nabarmenduko zeinke?

Bai, bidaiariak eta bertakoak, lokalak. Kuban jente asko ezagutu dot eta Polinesian be bai. Han, Mahai izeneko mutil bat ezagutu neban eta atentzinoa deitu eustan lehenengo gauzea izena bera izan zan. Markesieraz egiten eban berba eta ingelesez bapez. Hiru egunetan egon nintzan haren etxean eta komunikazinoa begiradetan eta keinuetan oinarritzen zan. Oso ondo, gustura egon ginan. Berbarik ez genduan egiten eta, egia esan, egin beharrik be ez egoan. Kartetan egiten genduan.

Oro har, Asia guztian oso ondo hartzen zaitu jenteak. Asiarrek zeozer berezia daukielako izango da hori... Mongolian familia nomada bategaz ibili nintzan eta oroimen politak daukadaz.

8.- Kuba, Costa Rica, Zelanda Barria, Indonesia, Laos, Tailandia, Vietnam, Mongolia, Asia erdialdea... Zeinetara joango zinake barriro, aukerea euki ezkero? Zergaitik?

Ez dakit ba... pentsetan hasi ezkero, ‘guztietara’ esango neukizu. Akaso, Indonesiara, ezagutzen ez dodan zatira. Laos herriagaz maitemindu egin nintzan baina nahikotxu ezagutu neban. Tailandia be nahiko ezagutu neban. Bertako jenteak enkantu eta xarma berezia dauka... Indonesian gauza gehiago ikusteko gogoagaz geratu nintzan. Nik Bali, Java eta Sumatra baino ez dodaz ezagutzen eta inguruko ugarte txikitxuetara joan gurako neuke. Zonalde hori interesantea izan behar dala uste dot.

9.- Danetariko jentea ezagutzeko aukerea euki dozu, tartean baita indigenak be, Costa Rican eta Mongolian berbarako. Ze desbardintasun nabarmenduko zeunke batzuen eta besteen artean?

Bizimodua oso desbardina da. Costa Rican oihanean bizi dira, klima tropikalean. Mongolian, zero azpitik egon behar izaten dabe urteko sasoi hotzenetan. Costa Rican, ni egon nintzan komunidadean berrogei bat lagun ziran, zonalde txiki batean. Mongolian, hamar familia ziran eta zonaldea Costa Rica osoa lakoa zan. Distantziak oso desbardinak dira batean eta bestean.

Mongolian ohiturak Costa Rican baino askoz be garbiago mantentzen dabezala nabarmenduko neuke. Costa Rican oihanean bizi dira, emakumeak erropa tipikokaz jazten dira baina gizonezkoak ez. Europako edo Ipar Amerikako eredutik hurrago dagoz Mongoliako jentea baino. Mongolian, ohitura zaharrak bizirik dagoz, bai etxea antolatzeko orduan, bai familia barruan bakotxak daukan zeregina, kanpotarrak hartzeko modua... Uste dot garbiagoa, mendebaldearen eragin gitxiagokoa dala Mongoliako bizimodu hori bestea baino.

10.- Zein izango da Mikelen hurrengo abenturea?

Nahiko neuke Hego Amerika bizikletaz egitea. Hori antolatzen nabil lagun bategaz. Gure asmoa antolatzea da eta jentea animetea gurako geunke. Baina talderik ez bada sortzen, gu geu joango gara.

Hango udan izan behar da bidaia, hemengo neguan beraz. Abendua, urtarrila bueltan izatea gurako geunke.

Saioa Torre Gereketa