Musikea  IV. urtea // 110. zenbakia

Badator jazz denporaldia

Gertxoko Jazzaldia ate joka


Richard Galliano

Getxo Jazz 2005eko azken eguneko izarra Richard Galliano musikari ospetsua izango da. Mundu guztian da ezaguna, eskusoinua hainbat erregistrotan sartzeko daukan era bikaina dala eta. Cannesen (Frantzia) jaio zan 1950ean, eta arin sartu zan musikearen munduan, aitaren eskutik.

Diskografia luzea dauka Gallianok eta erritmo barriak sortzen jarraitzen dau. Mediterraneoko sustraietatik Frantziako abestietara, tartean musika klasikoa eginez, bere estiloak bilduma bereziak osotzen ditu.

Bizkaie!


Getxoko XXIX. Jazzaldia garagarrilaren 1etik 5era bitartean izango da eta daborduko badaukaz izen propioak. Aurten, Getxora hurreratzen diranek John Scofield eta Richard Galliano lako artistak ikusteko eta entzuteko aukerea izango dabe. María João eta Baldo Martínez ‘Proyecto Miño’ izango dira edizino honetako protagonista nagusiak. Halanda be, kontzertu horreez gan, beste aukera batzuk be egongo dira, Hirugarren Milurtekoa sailekoak eta Jam Saioetako kontzertuak hain zuzen be.

Kontzertu nagusiak Biotz Alai Plazan izango dira, 21:30etatik aurrera; Hirugarren Milurtekoa sailekoak, barriz, Getxo Antzokiko Plazan izango dira.

María Joãok hasiko dau Getxo Jazz 2005, Mario Laginharen laguntzinoagaz, garagarrilaren 1ean. Hurrengo egunean, garagarrilaren 2an, John Scofield artista ezagunak eskainiko dau kontzertua. Garagarrilaren 3an, ‘Proyecto Miño’ egitasmo barritzaile eta orijinala izango da protagonista. Pirineos Jazz Orchestraren emonaldia izango da garagarrilaren 4an. Taldean, Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako 19 musikarik hartzen dabe parte.