Euskaldunak munduaren tontorrean
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Oinez 13 ordu egin arren, gizon biak aurrera jarraitzen eben euren asmoagaz: munduko mendirik altuenera igotea. Atzean, kantsau-kantsau eginda geratu ziran Juan Ignacio Lorente gasteiztarra eta honegaz joian gidaria. Baina gure bikote nepaldar-euskaldunak helburua eskura eukan. Azkenean, ezinezkoa izango zala emoten ebanean, eremu baltza ikusi eben euren begi aurrean, baltza begitandu jakon behintzat hernaniarrari. Baina baltza edo iluna agertzen zan eremua gailurra zan, munduaren tontorra eta gizon biak alkarri begiratu, besarkatu eta azkenean, deskantsua hartu eben, irabazleen deskantsua.
Arratsaldeko hiru t´erdiak ziran. Martin Zabaleta eta Pasang Temba sherpa edo gidaria Everest mendi puntara heldu ziran. Lehenengoz ikurrinea munduko mendirik altuenaren tontorrean jarri eta helburua beteta egoan.
Holan amaitu zan, euskaldunek 1980an Everest mendia zapaltzeko antolatutako espedizinoa. Hurrengo lerroetan, aurten “abentura” honen 25. urteurrena ospatzen danez, espedizinoaren historiari emongo deutsagu begiradatxua.
1980koa ez zan izan Everest mendia igoteko euskaldunen lehenengo ahalegina. 1974an euskaldun talde txikia osotu eta beharrezko baimenak lortu ostean, maiatzean prest egozan; Tximist izeneko espedizinoa zan, pila eta bateria enpresa horrek pagau ebalako. Lehenengo egunetan, ezelako arazorik barik, hegoaldetik ekin eutsen mendia igoteari. Maiatzaren 11an Felipe Uriarte pasaiarrak eta Miarritzeko Angel Rosenek ekin eutsen bideari baina 8.530 metroko altueran haize bolada gogorrakaz beherantza joatea erabagi eben.
Bigarren ahalegina 1982rako antolatu zan, barriro be behar ziran baimenak lortzeko lan handia egin ostean. Edozelan be, subertea euskaldunen alde egoan antza ze errusiar espedizino bategaz trukea egin eta euskaldunek 1980ra aurreratu eben euren espedizinoa.
Gauzak holan dirala, 12 euskaldunez osotutako espedizinoa eratu zan: bost gipuzkoar, Martin Zabaleta, Ricardo Gallardo, Juan Ramón Arrue, José Urbieta eta Felipe Uriarte; napar bi, Javier Garaioa, eta Xabier Erro; arabar bi, Juan ignacio Lorente eta Luis Maria Saenz de Olazagoitia, Iparraldeko bat, Angel Rosen eta bizkaitar bi, Emilio Hernando eta Enrique de Pablos.
1979ko zemendian behar ziran material guztiak batu eta Indiara bialdu ebezan. Hurrengo hilabetean abiatu ziran Xabier Erro eta Quique de Pablos, materialaren kargu egiteko. 1980ko urtarrilean eta zezeilean Errok eta De Pablosek materiala Kathmandura arte eroan eben. Zezeilean urten eben Madriletik Kathmandurantz espedizinoko ganerako kideak.
Martiaren 5erako mendizaleak 3.400 metrora dagoan Nambhe herrira heldu ziran, eta hurrengo egunetan altuera haundietara ohituteko ahaleginak hasi ebezan.
Martiaren 18rako beheko kanpamentua jarri eben euskaldunek 5.400 metrotan.
Gauzak ondo joiazan eta dana etorren bat aurretik pentsautakoagaz. Baina martiaren 30ean sherpa edo gidarietariko bat zulo baten sartu zan eta espedizinokideen laguntzinoagaz bizirik ataratea lortu arren, ezbeharrak mendiak gordeta eukazan arriskuen barri erakutsi eutsen mendizale euskaldunei.
Arazoak arazo eta istripuak istripu, apirilaren 3an barriro ekin eutsen lanari. Bigarren kanpamentua 6.400 metrotan jarri eben. Gorantza jarraitzeko Uriartek lehenengo eta Rosen eta Hernandok gero egindako ahaleginak alperrekoak izan ziran haizearen eta hotzaren eraginez. Bardin pasau jaken aprilaren 16an Quique de Pablos eta Javier Garaioari. Azkenenan, apirilaren 16an sei sherpen laguntzinoagaz, Ricardo Gallardo eta Martin Zabaletak Hego aldeko mendi katera heltzea lortu eben. Tontorra hur euken.
Maiatzaren 4an, sherpa bategaz batera, Gallardok, Garaioak eta Rosenek mendi tontorrera heltzeko lehenengo ahalegina egin eben, baina eguraldiak ez eutsen bape lagundu. Handik hiru egunera beste ahalegin bat egin eben espedizinoko hainbat mendizalek, baina barriro be atzera egitea tokau jaken.
Maiatzaren 13an, Felipe Uriarte, Martin Zabaleta eta Juan ignacio Lorente, gidari bigaz batera, Hego Mendilerrora heldu ziran.
Maiatzaren 14an, Lorente, Zabaleta eta sherpa bik goizaldeko ordu bi t´erdietan urten eben kanpamentutik. Lorentek eta sherpa batek atzera egin behar izan eben, baina Pasang Temba eta Martin Zabaletak gora jo eta arratsaldeko hiru t´erdietan Everesten tontorrera, munduko tontorrera, heldu ziran.
Helburua bete zan. Hillaryk igon ebanetik 104.a zan Martin Zabaleta eta lehenengo euskalduna.
Hurrengo egunetan, Kathmandu aldean deskantsurako egun batzuk hartu eta gero Euskadira itzuli ziran. Harrera ezin hobea egin jaken, izan be, milaka lagun batu ziran orduko Bilboko Aireportua zan Sondikan Everesteko heroiei ondo etorria emoteko. Hogeita bost urte joan dira.