Bordeleko ardaoen ganean (II)
Médoc:
15.000 mahasti hektarea inguru landatuta dagoz lurralde honetan eta 700.000 hl. inguru ardao produziduten da. Médoceko iparraldean, Médoc izen bereko azpieskualdea dago, eta hegoaldean, Haut Médoc. A.O.C. Médoc izendapena daroen ardaoak oso desbardinak izan daitekez euren artean, batez be estilo eta lur mueta asko dagozalako tartean. Oro har, ardao baltz klase bi bereiztu daitekez. Alde batetik, gazte edateko ardao arin, dotore, eta leunak. Bestetik, botilan urte batzuetan zehar hobetzen diran ardaoak, sendoagoak eta tanizidade nabarmenagokoak. A.O.C. Haut-Médoc-eko ardaoak, baltzak gehienbat, kolorazino altukoak, freskoak, mokofinak, baina sendotasun larregi bakoak izaten dira. Frutu lurrin apartak -okarana, andere mahatsa, mugurdia, kereixea-, zedroa -puru kutxea- eta batzuetan mentola, espeziak, tabakoa, kafea eta txokolatea ekarten dabez gogora. Ardao honeek edan aurretik urte batzuetan zahartzen ixtea komenidu da, findu eta lurrin guztiak garatu daitezan.
Eskualde honetako izendazino berezi bi ezin ahaztu, A.O.C. Margaux eta A.O.C. Pauillac. A.O.C. Margaux-ko izendapenak bost herrietako lur eremuak babesten ditu. Lur urri eta harri koskorrez betetakoa kasu askotan, baina mikroklima ederragaz. Ardao honeek ezin hobeak dira urteetan gordeteko, freskoak eta dotoreak dira-eta. Médoceko ardaorik 'femeninoenak' dirala esaten da, suabeak, leunak, liluragarriak eta zeharo erakargarriak. Ardaoon lurrinak frutu gorri helduak, kereixak, okaranak, espeziak, erretxinea, bainillea, tostadak, ogia, kakaoa, kafea eta bestelako batzuk gogoratuarazoten deuskuzala esan lei. Bestalde, A.O.C. Pauillac-eko ardaoak, Margaux-ko lur mueta antzekoetan landatutako mahastietako mahatsagaz egiten dira; beraz, antzekoak dirala esan daiteke. Halan da be, badago aldea, batez be Puillac-eko ardaoak konstituzino, tanizidade eta kolore sendoagokoak izaten diralako. Usainari jagokonez, andere-mahats baltza, kereixak, okaranak, mailukia, mugurdia, larrosea, zedroa, bainillea, mentola, espeziak, narrua, kafea, tostadak eta erregaliza aitatuko doguz.
Graves:
Bordeletik 50 km. hegoalderuntz doan lur-saila hartzen dau eskualde honek; 5.000 hektarea inguru dagoz landatuta, horreetatik bi hirurenak bariedadez baltzak –cabernet sauvignon, merlot eta cabernet franc, batez be- eta hirurena, bariedade zuriak –semillon eta saivignon blanc, gehienbat-. Lurralde honetan, ardao baltz zein zuri preziatuak egiten dira, baina batenbat goraipatzekotan, Sauternes eta Barsac-eko ardaoen artean, zuri gozoak azpimarratuko neukez. Herri honeetako izena daroen ardaorik estimaduenak, eskualde osoaren izena mundutik zabaldu dabenak, usteltze noblea jasan daben mahats zuriakaz egindako ardao gozo eternoak dira. Ardao honeek egiteko, Hungariako Tokayak lez, 'Botrytis Cinerea' onddoa zabaldu behar da, eta hau, ez da urte guztietan pasetan; horrenbestez, Sauternes eta Barsac-eko ardaoak urriak eta oso karuak dira. Ganera, mahasti bateko mahatsagaz ardao kopa bat -asko jota bi- egin daitekezala jakinda, atara kontuak. Zuri honeek egiteko semillon bariedadea erabilten da gehien eta horrek gorputz berezia emoten deutse ardaoei, sendotasuna eta koipea; ezti kutsua, melokotoiak, irasagarra edo menbrilloa, laranjak, mandarinak, anana eta antzekoen usaina dakarre. Sauvignon Blanc bariedadea be erabilten da (% 20-30). Bariedade honek freskurea emoten deutso ardaoari, gozotasuna orekatzeko hain zuzen.
Entre-deux-Mers:
Esan dogun moduan, Garona eta Dordogne ibaien artean dagoan lur zatia da. Lur oso emonkorra. Orobat, ardao baltzak Bordeaux eta Bordeaux Superier legez botilaratzen dira, A.O.C. Entre-deux-Mers izendapena ardao zurietarako erreserbetan dalako. Zuri honeek semillon, sauvignon blanc eta muscadelle bariedadeakaz egiten dira.
Eskumaldeko ibaiertza:
Gironde eta Dordogne-ko alde honetan hainbat herri dagoz, bakotxa bere izendapenagaz, eskualde amankomun eta piramide gisako estruktura barik. Hau da, izendapen generikoak eta herri-izendapenak topau geinkez, eskualde-izendapenik ez dagoalako. Herri izendapenik esanguratsuenak, A.O.C Saint Emilion eta A.O.C. Pomerol dira.
Saint Emilionen, Merlot bariedadea da nagusi, eta bertako ardaorik gehienak bikainak dira, kolore ilun, biribil eta eskuragarriak. Lurrinen artean, fruta helduak –masustak, kereixak, mailukiak-, frutak – abrikotak-, ereinotz erramua, kanelea, lore kutsukoak, narrua eta lur susmoa dabenak – trufea- eta antzekoak topau leitekez. Bestalde, tanizidade altukoak izan arren, estruktura zabalekoak eta malguak dira.
Pomerolen, Saint Emilionen moduan, Merlota da nagusi. Bertako ardaoak, era berean beteak, indartsuak, malguak eta oso frutatsuak izaten dira. Lurrinen atalean, masustak, kereixak, mugurdiak eta okaranak, eta batzuetan marmeladak eta frutu lehorrak agiri dira. Pentsamendu lorea, bainillea, espeziak, tostadak, ehizea, narrua, erregaliza eta kanelea eta trufea be usaindu leitekez. Ahoan krematsu, koipetsu, mamitsu sentiduko doguz, eta biribilak, sarri mineral ukutuakaz. Gazte edateko ez dira onak. Pomerol arruntenak edan aurretik, lau-bost urte itxarotea komenidu da, baina zazpi edo zortzi urtekoak apartekoak izaten dira.
Iban Alberdi,
Enologoa
Bordeleko ardao klasifikazinoaren ganeko ezaugarriak modu abstraktuan ikusi eta gero, orain jatorri-deiturarik esanguratsuenak kokatu eta zehaztuko doguz.
Lehenengo eta behin, argitu behar da Bordeleko mahastiak 100.000 hektarea inguru hartzen dituela, eta horreetatik 660 miloe bat botila produziduten dirala urtero. Kopuru honen % 40 gitxi gorabehera, izendapen orokorren babespean merkaturatzen dira (Bordeaux, Bordeaux Superier eta Cremant de Bordeaux); ganerako % 60 beste 54 izendapen berezi desbardinen artean banantzen da. Datu esanguratsua eta kontuan hartzekoa, produkzino osoaren % 5 baino ez dala joten eliteko edo kalidade goreneko ardaotzat -Errioxan portzentajea ez da altuagoa izango-. Ondorioz, Bordeleko jatorri-izendapen desbardineko ardaoak erosterakoan edo probaukeran, izendapenak berez, bere balioa izan arren, ez da kalidadea ziurtatzeko nahikoa, eta kontuan hartu beharrekoak dira upeldegiaren ezagutza eta beste parametro batzuk, batez be norberaren esperientziaren araberakoak.
Bordeleko mahastia lau zatitan banandu daiteke, La Gironde itsasadarra muga natural moduan kontuan hartuta. La Girondeko ekialdean Médoc dago, eta La Gironde eta La Garona ibaiadarrak bat egiten daben puntutik behera, Graves. Puntu berean iparraldetik datorren Dordogne ibaiak La Girondagaz bat egiten dau. Beraz, La Garona eta Dordogne ibaiek beste lurralde bat bereizten dabe, Entre-deux-Mers izenekoa. Azkenik, La Girondeko eta Dordogne eskumaldean, aparteko beste jatorri-deitura batzuk dagoz.