SPRIk AEBtan sustatu dau zemendian Bilbon egingo dan Elkartasun Digitalaren aldeko munduko goi-bilerea
Bizkaie!
Espainiako Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (SPRI) ordezkaritza batek sustapen lan handia egin dau Amerikako Estadu Batuetan (AEB) maiatzeko lehen astean, hurrengo zemendian Bilbon Elkartasun Digitalaren alde egingo dan munduko goi-bilerea ezagutzera emoteko.
SPRIren ordezkaritzeak, Hirien eta Toki Agintarien Informazinoaren Gizarteari buruzko Munduko II. Goi-Bilerako idazkari nagusi Josu Ocariz buru ebala, Ipar Amerikako hainbat uriko alkarte eta finantza erakundeetara jo dau, mundu osoko mila miloeka persona analfabetismo digitaletik salbetako asmoz zemendian Bilbon egingo dan topaketearen aldeko atxikipenak lortzeko asmoagaz.
Zemendiaren 9tik 11ra bitartean Bizkaiko uriburuan egingo dan Munduko Goi-bilerearen helburua inork etendura elektronikorik ez sufridutea da. Horretarako, erakunde lokalen laguntzinoa behar dau, izan be, eurak dira herritarren preminak hobeto ezagutzen dabezanak.
SPRIko ordezkaritzeagaz batu dira Washingtonen, Carlos Jarque Garapenerako Banku Inter-amerikarreko Garapen Jasangarrirako zuzendaria; Isabel Neto Munduko Bankuko zuzendaritzako kidea; eta Miguel Porrua Amerikako Estaduen Antolakuntzako (OEA/OAS) "Gobernu Elektronikoa" programako koordinatzailea. Aitatu erakundeetako ordezkari horreek Bilbon egingo dan munduko goi-bileran parte hartzeko aukerea aztertu dabe topaketetan, Nazio Batuen Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzeak eratutako beste hainbat ekimenetan izan leikien partaidetza moduan.
NBE eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz jarri da martxan martian IT4ALL sarea, mundu osoko 1.500 milioi uritar baino gehiago ordezkatzen dabezan 18.000 eskualde eta herrialderi Interneten zabaldutako plataformea, hainbat eta hainbat gairi buruzko ezagupenak trukatu dagiezan.
Era berean, aitatu bi bankuek, OEA/OAS erakundeak eta Eusko Jaurlaritzeak "Garapen faroak" sistemeari buruz egindako proposamenak aztertu dabez, hau da, bost kontinenteetako agintari lokalen laguntzinoagaz, informazinoaren teknologiakaz lotutako egitasmoak mundu osoan bultzatzen dituan sistemeari buruzko proposamenak, hain zuzen be.
SPRIko ordezkariak Filadelfia, Washington eta Atlanta urietako agintariakaz batu dira AEBtan zehar egindako bidaian. Hartu-emonen harian, euskal ordezkaritzeak konbita egin deutso Filadelfiako alkate John F. Street-i, Bilboko nazinoarteko topaketan parte hartu dagian berbaldi bat emonaz.
Atlantan, euskal ordezkaritzeak nazinoarteko topaketa batean parte hartu dau. Topaketa horretan, agintari lokalek egitasmo jakin batzuri emon leikioen laguntzinoa aztertu eben. Josu Ocarizek Bilbon egingo dan eta mundu osoko agintari lokalen 2.000 ordezkaritik gora bilduko dituan Munduko Goi-bilerearen gorabehera nagusiak zehaztu zituan. Berbaldi horretan, Euskadik Informazinoaren Gizarteagazko dauen konpromisoaren barri emon eban. Euskadik dituan bi miloe biztanletik, gaur egun erdiak baino gehiagok Internet eskura dauka bere etxean. Bestalde, Euskadik eta NBE erakundeak, informazinoaren teknologiakaz lotutako egitasmoak Hirugarren Munduan finantzatzen dituan Elkartasun Digitaleko Fondoaren sorrera bultzatu dabe.
Toki agintariak, mundu osoko biztanleriaren zati handi bat Internetetik kanpo ixteko arriskua dakarren etendura digitalaren kontrako burrukan dihardue etenik barik. Aurten, hainbat topaketa antolatuko dira, Bilbon egingo dan Munduko Goi-bilerea preparetako.