Kanadako Newfoundlandeko (Ternuako) lagunak Euskal Herrian
Ternuaren eta bertako arrantza jarduerearen ganean sakontzeko nahitaezkoak:
- Red Bay-ko (XVI. gizaldiko euskal itsasgizonen Buttus zaharra) Euskal Museoa.
- Derrigor bisitau beharrekoak: Saint John's, Ternuako uriburua, Norris Point, Gros Morne Parke Nazionala, Viking Trail, Plum Point, Port-au-Choix...
- Selma Huxley Barkham historialariak idatzi eta zuzendutako 'Itsasoa. Los Vascos en el marco del Atlántico Norte, siglos XVI y XVII' (Donostia, 1987) eta 'The Basque Coast of Newfoundland' (Saint John's, 1989).
Bizkaie! /
Henrike Knörr, EHUko katedratikoa eta Euskaltzaindiako Buruordea
Oraintsu, urriaren 24tik 27ra egon dira gure artean Carolyn Lavers, Ternuako Portutxoako (gaur egungo Port-au-Choix) alkatea izandakoa, Eric Smith, Ternuako urteroko simposiumeko hizlaria eta Selma Huxley Barkham, anglosaxoniar-kanadiar historialaria. Begikotasun handia daukotse euskaldunei eta inoiz euskal kostaldea ikusi barik egon ostean, harri eta zur geratu dira Gernika eta Orio bitartean egindako osterakaz.
Orain urte batzuk
1994an Ternuako Plum Pointera (Ferrol Zaharra / Old Ferrolen egungo izena) joan ziran Eako Alberto Galarza Erkiaga eta Josu Benedicto kapitaina. Lagun bi honeek plaka bat eroan eben Eatik Ternuara bertakoei Ea eta inguruko herri eta parajeen barri emoteko.
Gaur egun plaka hori abendualdiko eleiza anglikanoaren sarreran eskegita dago eta urtean behin oroimenezko eleizkizuna egiten dabe Selma Huxley Barham historialariaren ekinbidez eregitako Basque Memorial Garden aretoan, batez be Eako Juan gogora ekarteko; lagun hori Mutrikuko San Pedro itsasontzian hil zan, kapitain zereginetan Antonio Iturribalzaga ebilela (Antonio de Gaztarrietaren aitita); Iturribalzaga jaunak testamentua idatzi eban 1632ko bagilaren 7an Saint George Muturraren iparraldean egoan Saint George uhartean (48 1/2 graduko latitudean).
Eako Juan gaisorik egoan testamentua egiten egoala, baina ez zan segiduan hil, pare bat aste beranduago baino, San Pedro barkua Ferrol Zaharrera (egungo Plum Point) heldu zanean hain zuzen be. Hantxe lurperatu eben. Horregaitik, Plum Point eta inguruetako herritarrek Doniene edo San Joan egunaren inguruan ospatzen dabe Ternuako mendebaldeko kostan hildako lehenengo arrantzaleen adorea edo balentria. Zeremonia hori itsasoan hildako arrantzaleen omenez be egiten dabe urtero. Tartean hiru erlijino-kantu abestuten dira, horreetako bat Martin Rickart alemaniarrarena, Felix Mendelssohn-Bartholdyk egokituta (Nun danket / Now thank we all our God).
Oñatiko artxibo baten gordeta dagoan Eako Juanen testamentuko klausula batek argi dakar Matias abadeak urtero mezea emon behar dauela haren arimearen alde, eta miraria bada be, gaur egun Matthias Osborne abadeak egiten dau zeremonia berezi hori.
Atzera begirakoa
Vikingoak orain mila urte baino gehiago heldu ziran Ternuara. Geroago euskal arrantzaleak be hurreratu ziran (makailaotan lehenengo eta balea arrantzatzen gero), eta gizaldi bitan arrantzearen monopolioa eurena izan zan. Merkataritzarako beren beregi sortutako pidgin edo hizkuntza mistoen barri be badago, Peter Bakker hizkuntzalariak erakutsi dauenez; toponimian be begi bistakoa da euskal usaina: Baia Ederra (gaur egun Bonne Bay), Portutxoa (egungo Port-au-Choix), Barratxo (egungo barachois), badietan sortzen dan lur zati txikiari esateko....
Horrezaz ganera, itsas bideen ganeko liburuak be idatzi zituen euskal itsas gizonek; lehenengoa, Ziburuko Martin Oihartzabalek idatzi eta 1579an argitaratu eban Bordelen; gizaldi bat beranduago, Donibane Lohitzuneko Piarres Etxeberri 'Dorre' ezizenez ezaguna zanak euskerara itzuli eban liburu hori eta datu interesgarri asko gehitu zituan; 'Itsasoko nabigazionea' izena ipini eutson. Etxeberri berak uhartearen mapa garrantzitsua be egin eban.
Ternuan eta Labradorren euskal herritarren ibilerak Garibay eta Isasti historialariek be kontau zituen eta euskal literaturan be ibilera horreen ganeko aitamentxu batzuk ageri dira: 'Ternua da mortu hotza / eremu triste arrotza / laboratzen ez den lurra / neguan bethi elhurra'.
Bitxikeria legez, 1497ko bagilean, Giovanni Caboto (John Cabot) itsasgizon eta esploratzaile veneziarrak Ternuako islea Ingalaterarren izenean hartu eban. Bidaia horretan, euskal bale-arrantzaleak topau zituan eta lur barri horreen izena galdetu eutsen. Erantzuna 'bakallau' izan zan eta, hortik aurrera, Cabotok 'Terra de Bacallaos' izenagaz bateatu eban lur hau bitakora koadernoan.