Euskerea berbagai  IV. urtea // 109. zenbakia

ETB1, ez atzera ez aurrera


ETB1en biziraupenaren sekretua kirol saio eta marrazki bizidunek daukie. Ez da lehenengo aldia inork entzungo dauena euskerea askorentzat ume eta txakurren (eta euskera ikasle mozkorren) berbakerea dala eta horren apologiaren ondorioa da ETB1ek jaso dauen audientziaren emoitza. Eguneko orduak aztertu ezkero, euskerazko kateak goizean eta arrastian daukaz emoitzarik onenak, marrazki bizidunak emoten dabezan orduetan. Batez be, arratsaldeko 14:00etatik 17:00etara. Kontuan hartuta marrazki bizidunak kanpotik jatorkuzala Euskal Autonomia Erkidegora, “zorionak” esan gura deutset bikoizketarako itzulpenetan lanean dabizen danei.

Edozelan be, marrazki bizidunen ganetik kirola dago euskal ikus-entzuleen gustuen zerrenda gaietan. Kirol saioek ETB1 euskerazko katearen audientzia kontroletan dabe. TNS enpresearen 2004ko urtekaritik ataratako datuen arabera, ETB1 telebista katean 2004. urtean ikus-entzule gehien izan ebezan 17 emonaldi ikusienak kirol arlokoak izan ziren: Reala-Real Madril eta Euskadi-Honduras futbol partiduek alkartu ebezan ikus-entzule gehien euskerazko telebistaren aurrean.

Bestela, ETB1eko saio ikusienen klasifikazinoan, futbol partiduen ostean, bost pilota partida ageri dira. Oso atzera, 18. postura joan beharra dago kiroletakoa ez dan saio bat topetako, eta hau marrazki bizidunena da: Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Triki-traka Triki-tron saioa. Zerrenda horretan atzerago egin ezkero, 20. lekuan, Goenkale telesaileko atal bat ageri da, eta 23. tokian Shin Chan ume atorrantearen marrazki bizidunak. Alde horretatik, kirolen nagusitasuna bestelako datuetan be nabarmen geratzen da. Izan be, 2004an, astegunetan, ETB1ek, batez beste, % 4,4ko audientzia izan eban; zapatuetan, ostera, ehuneko hori bikoiztu egin eban euskerazko kateak (% 8,6) kirol saioen eraginez. Domekan be, astebarruan baino ikus-entzule gehiago batzen da ETB1eko saioetara ( % 6,3). Ganera, bada azpimarratzeko beste datu bat be: ganerako telebista guztiek (ETB1 ez beste guztiek) audientzia handiagoa daukie astegunetan asteburuan baino. Eta hori zeozerren seinale da.

Euskereari eta euskal munduari jagokonez, argi dago Euskal Telebistearen lehenengo katea orain hamaika urteko proposamen bardinakaz dabilela ondino; neurri batean, esan leiteke ETB1 umeakaz hasten dala eta zaharrakaz amaitu, baina erdiko tarterako alternatibak pentsatu beharko leukez. Aurreko artikulu baten esaten neban lez, euskereak ezingo dau normaltasuna lortu gizartean bere presentzia ez bada gizarte-esparru danetan bermatzen eta horretarako ezinbestekoa da euskerazko kaka egotea, baina kaka gustagarria. Beste era batera esanda, gaur egun egiten diran programa asko eta asko didaktikoak dira, dibulgatiboak bestela, eta ez dabe aparteko jentetzarik erakarten, gizakia ez dagoelako beti ikasteko prest. Batzuetan ahazteko gogoz dabil, baina aukera hori ez dauenez euskeraz topetan, mandoa (ez animalia) eskuetan hartu eta txipa aldatzen dau. Zappinga ala hil!

Xabier Paia

Azken 11 urteotan ETB1 euskerazko telebista katearen audientzia ez da ezer be igon.

Ganera, euskerazko saioen ikus-entzule kopurua ez da apenas aldatu azken 11 urteetan, estatistikek erakusten deuskuenaren arabera. ETB1 euskerazko kateak % 5,5eko audientzia eukan orain 11 urte, 1993an; igaz (2004), barriz, 11 urte pasauta, % 5,3ko audientzia izan eban. Beraz, 11 urteko tartean euskerazko telebistak ez dau bape audientziarik irabazi, eta hori kontuan hartu beharko geunkela euskerearen ezagutzeak gora egin dauela.

Hain zuzen be, EUSTAT estatistika erakundeak EAEko biztanle erroldeari buruz emondako datuen arabera, azken hamar urteotan (1991-2001) 113.363 euskaldun irabazi dauz EAEk. Ganera, inoz baino euskaldun gehiago bizi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: 656.980 euskaldun. Hala eta guztiz be, euskaldun kopurua handitu izana ez da igarten ETB1en ikus-entzuleengan. Bidenabar, esan daigun ETB2 gaztelaniazko kateari jagokonez, 1993an, audientziari % 10,7ko batez bestekoa eukan eta 11 urte geroago % 17,1ekoa dau: ia zazpi puntu gehiago.