Sekretua horren seinale txarra ez danean
Iñaki Atxutegi
Joan den astean esaten neban aldaketak somatzen nebazala euskal politikagintzan. Eretxi bardinegaz jarraitzen dot. Eta aldaketok ez daukie zerikusirik orain gtxi izandako hauteskundeen emoitzakaz bakarrik.
Seguru nago alderdi politiko gitxi geratuko zala pozik lortutako emoitzakaz. Edo bapez. Azken finean ez eban inork nagusitasun nabarmenik agertu Eusko Legebiltzarrean. Baina eszenatoki barriak eragile politikoei adierazo deutse danok beharrezkoak dirala eta ezin dala inor kanpoan laga ondorengo hilabeteetan.
Ibarretxe Lehendakaria eta Zapatero presidentea alkarregaz egon ziran joan dan astean. Alderdi Popularra eta bere sokako komunikabideak hasarre bizian agertu dira ez dabelako jentaurrean esan zeren ganean egin eben berba. Eskaera "berezia" gagozan egoerean, erantzukizunagaz zerikusirik ez daukana. Pare bat egun lehenago Ibarretxek ilegalizautako Batasunaren ordezkariak hartu ebazan Ajuria Enean. Honek sutan imini ditu bat baino gehiago, bilera bat bestearen jarraipena zalakoan.
Jeltzaleen inguruko batek baino gehiagok bere mesfidantzea agertu eban sozialista eta ezker abertzalearen arteko isilpeko alkarrizketearen aurrean. Euren ustez, pake prozesua atxakia lez erabilita, Katalunyako moduko gobernua osotu eitekean, jeltzaleak gobernutik kanpo lagata. Sormen handia behar zan popularrak eta sozialistak EHAKgaz batera Lehendakari bat izentetan irudikatzeko. Holako ikuskizuna errealidadean ikusteko urte batzuk pasau beharko dira oraindino.
Goitik behera aldatu beharko litzateke egoerea Ibarretxe berraukeratua ez izateko. Bidea ez jako erosoa egingo, halanda be. Orain arte Jaurlaritzan egon diran hiru alderdiak ahulduta geratu dira hauteskundeen ostean eta ahulezia hori agertarazoko dabe oposizinoko alderdiek hamaika biderrez legealdian zehar.
Horrezaz ganera, jakin badakie oposizinoko alderdiek EAJ-EA koalizinoak daukan aktiborik haundiena Lehendakaria bera dala. Beraz, ez dabe aukerearik galduko haren lidergoa ez dala horrenbesterako agertzeko. Horren erakusgarri, Legebiltzarreko mahaiaren presidentzia aukeratzeko ezagutu doguzan komeriak (eta ezagutuko doguzanak). Ondorioz, legealdi nahasia izango dala aurreikusi leiteke gobernagarritasunari jagokonez.
Pakegintzeari jagokonez, barriz, baikorra naz. Ez dot esaten hemendik gitxira indarkeriaren arazoa konponduta egongo danik. Esan behar dot arazoaren konponbideari aurre egin ahal izateko lehenengo pausuak emon dirala. Alderdi popularra artega agertzen da ez dalako adierazo zeintzuk izan diran alkarrizketako berbagaiak. Nire eretxiz, seinale ona emoten da holako kontuen ganean jentaurrean berbarik egiten ez danean. Aurrera goazela emoten dau. Eta ganera, danok danokaz berba egiten hasi dirala ikusteak musika ederra eroaten deust belarrietara, berbagaiak ezagutzen ez badoguz be.
Baina ez gaitezan larritu, alkarrizketen sekretua bermatuta dago. Letizia printzesa haurdun dago eta aurrerantzean ez da Espainian beste gairik izango Felipe eta Letiren poza baino. Ganerako gai guztiak bigarren mailara pasauko dira. Gure kasuan, zorionez esan beharko dogu…