Peiremans + & Berri Txarrak
Berri Txarrak ez dagoz geldi
Berri Txarrak taldeak joan dan astean Viñarock eta Cardedeu jaialdietan eskainitako kontzertuen ondoren, amaitutzat emon dau disko barria grabau aurreko bira laburra. Hiruko moduan trebatu eta estudioan sartu aurretik euren zaletuekaz zuzeneko tratua izateko balio izan deutse.
Disko barrirako abesti barriak preparetan dabiz gaur egun eta oraingoz gauza larregi ezin da aurreratu; antza, aldaketak igarriko doguz lan barrian. ‘Gure bosgarren diskoa garagrrilean grabauko dogu eta abuztuan Ameriketara goaz, Kansas-eko Black Lodge estudiora hain zuzen be, Ed Rose produktoreagaz diskoa nahastera’. Ed Rose ezaguna da Nirvana, Coalesce edota The Get Up Kids lako taldeakaz lan egin dauelako. Masterizazinoa, barriz, New York-en egingo dabe. Edozelan be, hori ez ei da izango Berri Txarrak taldearen disko barriaren inguruan egongo dan ezusteko bakarra...
Gotzon Uribe
Peiremans + proiektu barri bat dogu, hain zuzen Imanol Ubeda Bide Ertzean-eko kantariak, Txiki, Kashbad taldeko bateriajolea izandakoak eta Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko kitarrajole eta abeslariak sorturikoa. Izena, Errealean ibilitako jokalari baten omenez jarri dabe, bi denboraldi osotan partidu bat be jokatu ez eban Frederick Peiremans futbol jokalariaren omenez.
Bost abestiz osoturiko disko laburra grabau dabe eta Tolosako Bonberenea Ekintzak zigiluak produzidu eta argitaratu dau diskoa. Txiki Peiremans (bateria), Imanol Peiremans (gitarra, ahotsa) eta Gorka Peiremans (baxua, gitarra, ahotsa) dira taldeko hiru kideak. Esandako moduan, Kashbad, Bide Ertzean eta Berri
Txarrak taldeetako partaideak dira hirurak. Euren ohiko taldeetatik kanpo zeozer barria egitea erabagi eben baina Berri Txarrak taldeko Gorkak argi eta garbi adierazo dau proiektu hau puntuala dala eta Berri Txarrak eta Bide Ertzean taldeek beti izango dabela lehentasuna.
Edozelan be, aitatu hiru musikariak ez eze, Txap (soinu hartzailea), Screech (argazkiak) eta Zigor (diseinua) be ibili dira zeozelan beharrean Peiremans taldearen lanean. Bost kantu eder entzun daitekez Peiremans taldearen disko txikian; doinu sendoa, giro gazi-gozoak, energia eta pasino handia igarten dira kantuetan eta euren barruko indarra zuzenekoetan atarateko prest dagoz. Peiremans taldeak jentaurreko hainbat emonaldi egingo ditu datozen asteetan, euren lehen laneko kantuak aurkezteko.