Zinea  IV. urtea // 109. zenbakia

Die fetten jahre sind vorbei


Mundua irauli eta aldatzeko ideiari ikuspuntu askotatik oratu dakikeo. Film honetako gazteek estrategia original baizen antzu bat aukeratu dabe: hutsik dagozan handi-mandi eta aberatsen lujozko etxeetan sartu eta altzari guztiak hankaz gora imintea. Erasoari sendotasuna emon guran edo, biktimei honako mezua ixten deutsee: “aberastasun egunak amaitu jatzuez”, dirua galtzeko bildurrak lasaitasun osoa kenduko deutselakoan.

Gero eta gehiago eukiteko esklabo bihurtzen gaituen mundu honen aurkako protestea da film honen oinarrian dagoan aldarrikapen mezua. Pelikulako gazteek maitasun triangelu batek sortu eragindako jelosiari be egin beharko deutse aurre eta, aldi berean, etxe barruan topautako jaube aberats eta eukitsu baten bahiketeari urtenbide egokia emon.

Alpeetako aterpetxe bat izango da hiru gazte iraultzaileek eta gaztetan 68ko mobimentu ezkertietan ibilitako bahituak euren arteko hartu-emonetan sakontzeko eukiko daben eszenatoki idilikoa. Kontraesanak hortxe azalduko dira: batetik, eskuragarri dagoan guztia euki bai baina ezer gastetako eta bizitzaz gozetako astirik ez daukan bahituaren buruhausteak eta, bestetik, eurek pentsau baino askoz konbentzionalagoak diran sasi-iraultzaile gazteek maitasunaren inguruan daukiezan jaubetza sentipenak.

Horra hor filmaren mamina; beraz, abiapuntua interesgarria izanagaitik be, esan beharra dago pelikulearen erritmoa nahiko geldoa eta motela dala, metrajea lar luzea eta personaien karakterizazinoa estereotipatuegia. Bestalde, konsumismo eta kapitalismoaren ganean egindako hausnarketak ez dira nahikoa gazte honeek sentiduten daben hutsunea azaltzeko. Ikusten badozue, bakotxak bere ondorioak atara daizala.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Hans Weingartner.
- Herrialdeak: Alemania eta Austria.
- Iraupena: 126 minutu.
- Antzezleak: Daniel Brühl (Jan), Julia Jentsch (Jule), Stipe Erceg (Peter), Burghart Klaussner (Hardenberg), Peer Martiny (etxearen jaubea), Petra Zieser, Laura Schmidt, Sebastian Butz, Oliver Bröcker, Knut Berger, Claudio Caiolo (Paolo).
- Gidoia: Katharina Held eta Hans Weingartner.
- Argazkia: Matthias Schellenberg eta Daniela Knapp.
- Muntaia: Dirk Oetelshoven eta Andreas Wodraschke.