Hormigas en la boca
Zine baltzeko thriller honek Castroren iraultza aurreko Habanan kokatzen gaitu Eduard Fernández eta Ariadna Gilen eskutik. Errepublikano batek hainbat urte igaro dauz kartzela frankista batean eta Kubara ailegau da lapurreta bateko kide bat eta, aldi berean, maitalea topau guran.
Mariano Barroso zuzendariak Batistaren diktadurearen menpeko azken urtea irudikatu dau distira eta glamour handiagaz, anaia Migelen nobela batean oinarrituz. Melodrama ikutua daukan thriller interesgarri honek iraganaren eta nortasunaren bila dabilen protagonistearen ibilbidearen barri emongo deusku. Hori dala eta, ikusleak mundu klasiko eta ia galdu batean sartuko dira bete-betean. Era berean, filma girotzeko egindako beharra benetan aitagarria da eta horrek Kubako uriburua topaketa eta konspirazinoen protagonista nagusienetariko bihurtzen dau.
Hala eta guztiz be, istorioaren hariari jarraitzeko, flash back ugari erabiliagaitik be, pelikuleak ez dauz hain puntu ilunak argitzen, berbarako Juliak izandako jokabidearen zergaitiak; ganera, unekada batzuetan emoten dau pasarte eta egoerek ez daukiela zuzeneko loturarik eta horrek kalte egiten deutso zuzendariak atondu eta mamitutako kontakizunaren sinisgarritasunari. Interesari eutsi arren, alde horretatik nahiko film mengel eta makala da. Kontuak kontu, ikuslea errez be errez sartzen da trikimailu eta azpikeriez betetako film honetan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Mariano Barroso.
- Herrialdeak: Espainia eta Kuba.
- Iraupena: 95 minutu.
- Antzezleak: Eduard Fernández (Martín), Ariadna Gil (Julia), Jorge Perugorría (Freddy), José Luis Gómez (Dalmau), Samuel Claxton (Despanier).
- Gidoia: Alejandro Hernández, Mariano Barroso eta Tom Abrams; Miguel Barroso Ayats-en "Amanecer con hormigas en la boca" nobelan oinarritua.
- Argazkia: Javier Agirresarobe.
- Muntaia: Luisma del Valle.