Benito Ansola (EZBBko burua): 'gaietan eta esateko moduetan, antxinako filmak hobeak ziran'
Lekeitioko 25. Euskal Zinema eta Bideo Bilera (Zemendiaren 21, 22 eta 23an)
Euskal zinemagintzan krisi hotsak zabaldu diranean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Industria Saila eta EITB alkarlanean dabilz ikus-entzunezkoen munduaren beharrak eta bakotasunak aztertzen eta ikus-entzunezkoen politikea zehazten, era horretara sektoreari aparteko bultzadea emoteko asmoagaz.
Giro horretan, aupada galanta merezidu dabe azken 25 urteotan Lekeitioko EZBB antolatzen dabilzanak. Hasikerako pausuetan, Zestoako Topaketakaz batera, baina gaur egun lekeitiarrak bakarrak dira amateur mailan euskerazko ikus-entzunezkoak erakusten eta bultzatzen.
Benito Ansola, Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bileraren 'aita'-gaz jarri dogu hitzordua, eta aurretiaz zehaztutako lekuan eta orduan gure zain topau dogu.
1. Zorionak Benito, diktadurearen ostean, orain 25 urte bidea urratzeagaitik eta urte honeetan guztietan sekulako beharra egiteagaitik. Orain 25 urte heldu barria zinan Lekeitiora, jaioterrira parroko zereginak beteteko. Ordutik hona gorabehera asko izan dira, baina kontaiguzu zelan gogoratzen dozuzan hasikerako momentu hareek.
Sasoi haretan bospasei lagunek ekin geuntson abentureari, eta esango neuke zoroak ginala, ze ez geunkan ezer; urtebete lehenago Zestoako Jaialdia hasi zan eta han aurkezten zituen beharrak gipuzkoarrek egindakoak ziran, ez egoan bizkaitarren beharrik tartean. Hori ikusita, Bizkaiko zinegile amateurrei aukerea emotea pentsau genduan. Dinotsudan legez, ezer barik hasi ginan beharrean eta esango deutsut Udalak emon euskun laguntzinoa 15 mila pezetakoa izan zala. Herri mailan ibili ginan babes bila, eta BBK izan zan gehien lagundu euskuna; ordutik urtero izan dogu haren laguntzinoa. Zestoan aurkeztutako behar batzuk eta Gotzon Elorzak 16 milimetrotan egindako Euskal Herriaren ganeko behar batzuk proiektau genduzan lehenengo edizinoan.
2. Zine zaletasuna edo afizinoa nondik nora jatortzu Benito?
Gerra denporan Lekeitiotik urten egin behar izan genduan. Zazpi urte nituala Bilbora heldu ginan; geroago, aita kartzelan sartu eben Bilbon bertan (Hotel de las Cuarenta Columnas) eta ni jatekoa eroaten joaten nintzan egunero; ostera horreetan, 9-10 urtegaz zine aretoak ezagutzen hasi nintzan: Ideal Cinema, Olimpia, Vizcaya, Coliseo Albia, Gayarre...; txiki-txikitan sartu nintzan mundu horretan. 13 urtegaz seminariora joan nintzan. Abade eginda gero Etxebarri eta Barinagara bialdu ninduen eta lanbide eskolan klaseak emoten nituan, eta filmak emoteko areto bat be atondu genduan. Donostian zine ikastaroak egin ostean, liburu eta guzti, zine ikasgaia emoten neban. Bizkaian eta Gipuzkoan be ibili naz zine eskolak emoten. Labur esateko, bizitza osoa egin dot zinearen inguruan.
3. Hirurogeita hamarreko hamarkadearen amaiera aldeko euskerazko ikus-entzunezkoen produkzinoak ez dauka zerikusirik gaur egunekoagaz. Alde horretatik, helburu berari eusten deutsazue, hau da, euskeraz egindako filmak zabaltzeari?
Hasikera-hasikerako asmoa izan da euskeraz egindako filmak eta zine zaletasuna bultzatzea. Antxina, itsasoan ibilten ziranak kanpotik super 8ko aparatuak ekarten zituen, etxeko eta familiarteko kontuak grabetako, baina besterik ez. Guk jentea animau gura izan genduan sormenari lekua eginaz tresna horreek gehiago erabili eiezan. Ganera, diktadura osteko momentu hareetan jenteak zabalago jokatzen eban, giro hobea egoan eta beharrerako sekulako gogoa, gaur baino gehiago duda barik; horren erakusgarri, 25. urteurren asko ospatu doguz azken boladan eta, sasoi haretan, kultura arloan zeozelako loraldia izan zala esan gura dau horrek. Hara gauzak zelan aldatzen diran: gaur egun, otso amorratuen antzera dabilz euskerearen kontra. Gauzak holan dirala, betiko helburuari eusten deutsagu orain be. Orain 25 urte erderazko produktuetarako baegozan aukerak Donostian eta Bilbon.
4. Filmak erakuste hutsetik lehiaketea antolatzera pasau zinien, super 8tik bideora eta hasikerako urteetan amateurren beharrak baino ez zenduezan onartzen eta, geroago, profesionalei be lekua egin behar izan deutsazue. Sasoian sasoikoari ezin uko egin?
Jakina. Gizarteak eta munduak marketan daben bideari jarraitu behar jako. Gaur egunean, berbarako ia-ia ezinezkoa da super 8 formatuan filmetea, baina geroago ataratako formatu batzuk be honezkero desagertu egin dira; teknologiaren abiadea geraezinezkoa da. Geldiro-geldiro, nahitaez, bideoak eta profesionalen beharrak be sartzen joan gara.
5. Azken urteotan sekulako aurrerapena edo iraultzea izan da arlo teknologikoan eta gaur egun oso erraz erabilten diran kamera digitalakaz 'edozeinek edozer' grabau leike. Orobat, antxinakoakaz konparauta azken urteotan EZBBra aurkeztutako lanak hobeak dira?
Ez dot uste hobeak diranik. Desbardindu egin behar da zelan egiten dan eta zer egiten edo zer kontetan dan. Jakina, baliabide, aurrekontu, tresna eta profesionalen aldetik sekulako gorabeherak dagoz film batetik bestera, baina filmetako gaia, hau da, zer esaten dan be kontuan hartzekoa da. Gaietan eta esateko moduetan, antxinako filmak hobeak ziran. Lehen, gaiak beste modu baten tratetan ziran eta ikusleakan emozino gehiago sortuarazoten eben.
6. Hogeita bost urteotan hamaikatxu film proiektau dozuez Lekeition. Dana dala, kategoria bakotxeko bat aukeratu behar izan ezkero (sormenezkoa, dokumentala, argumentuzkoa) zer esango zeunke?
Gatxa da erantzuna emotea. Lehenengo 3-4 urteetan ez genduan saririk emon, baina hasikerako edizino hareek gogoratzen dodaz: Juan Jose Francok egindako dokumental bat ez daukat ahaztuteko. Jose Luis de la Torrek super 8an egindako 'Herriaren artegintza' izeneko lana be aitatuko neuke. Bestalde, nik esatea ez dago ondo, baina 1980an 'Beranduegi' fikzinozkoa aurkeztu neban, eta adituek dinoe ezaugarri horreetako lehenengoa izan zala. 'Bai nahi dut' eta 'Itxoiten' Juan Miguel Gutierrezek egindakoak edota Azpeitiko Zine-klubak aurkeztutakoak azpimarratuko neukez.
7. Urteurren berezirako hainbat ekitaldi preparau dozuez: Euskal Zinema eta Bideo Bileraren historia jasoko dauen liburua, omenaldiak, gerra aurreko filmak, berbaldiak, dantzea. Oso gitxi falta da zemendiaren 21erako eta oso lanpetuta ibiliko zarie, ezta?
Bai, lanpetuta, baina pozik, aurtengoa berezia da eta. Ganera, inoiz baino bideo gehiago hartu doguz; beste urte batzuetan 30 inguru izaten dira eta aurten 43-46 aurkeztu ditue. Bideo Bileran hiru egun baino ez dira eta bildur naz labur ez ete jakun geratuko, ze ekitaldi bereziak be antolatu doguz: gerra aurreko pelikulak, berbaldiak, dantza ekitaldia eta aurreko edizinoetan gehien parte hartu dabenei omenaldia egingo deutsegu. Horrezaz ganera, liburua preparetan dabil IƱaki Goiogana.
8. Sasoi bateko Antzoki-zinema eta Ikusgarri aretoa be txiki geratu dira. Igaz, pantaila erraldoia ipini zenduen Isidro Salinas plazan. Hurrengo pausua zein izango da?
Hurrengo pausua filmak hondartzan emotea izan daiteke. Hogeita bost urteotan arazoak be izan doguz, besteak beste, pare bat urtetan zine areto barik egon gara eta proiekzinoak polikiroldegian egin behar izan doguz. Urte batzuetan, ziklo bereziak be antolatu doguz eta plazan, haize zabalean eta eleizpean be emon izan doguz pelikulak. Aurten be, Salinas Plazan pantaila erraldoia eta karpa bat be jarriko doguz, eguraldiak laguntzen ez badau jentea estalpean egon daiten. Inoizkorik handiena da aurtengo aurrekontua: hirurogei bat mila eurokoa hain zuzen be.
9. Orain arte egindakoak eginda, ze asmo dozue datozen edizinoetarako?
Gauza zehatzik ez. Lehengo egunean, gure artean 35 milimetroko filmak onartzeko aukerea aztertzen ibili ginan, hau da, zine aretoetan emoten diran pelikulak; izan be, holakoak aurkeztuteko badagoz beste aukera batzuk, baina gure kasuan euskerazkoak onartuko geunkez. Halan da be, oraingoz ideia baino ez da.
10. Urtero legez, aurten be Donostiako Zinemaldian egon zara. Zeintzuk dira zure faboritoak Oscar sari banaketearen 75. edizinorako?
Oraindino asko falta da eta ezin deutsut gauza handirik esan. Atzerriko film onenari jagokon sarirako batzuk ikusi nituan Donostian Zabaltegin eta Roman Polanskiren 'El Pianista' eta Bernard Tabanierren 'Salvoconducto' nabarmenduko neukez.
Benito Ansola
(Lekeitio, 1928)
Abadea. Euskal Zine eta Bideo Bilerako Zuzendaria. Hamairu film labur amateur egin ditu, ondokoak besteak beste: Beranduegi (1980), Asarre eguna (1981), Kazkinak eta Kazkindunak (1983), Itsasogintza (1988) eta Ostirala 13 (1991).
Koldo Isusi Zuazo