Konpromisoaren aldeko eskumuturrekoak
Iruzurrak eta marketingaren estrategia
Bildumazaleen gutiziak ez dauka mugarik eta ez dau zuhurtziaz jokatzen: dan-dana gura dau albait arinen. Holantxe ulertu daiteke oraindino saltzen jarraitzea tsunamiak kalte egindakoen aldeko fondoak batzeko erabilten ei ziran banda batzuk be, nahiz eta Unicef-ek berak negozio honen nondik norako zehatzak emon: “Diruak iruzurgileen patrikak beteten dauz ‘tsunami relief’ leloaren pean. Persona askok sufriduten daben iruzur hau ebitetako neurri egokiak hartuko dira” ohartuarazo dau erakunde honek.
Edozelan be, joera nagusia marketingeko estrategia baten barruan sartu beharra dago. Banda bakotxaren lehenengo ale kopurua ez da lar handia izaten; ondorioz, jenteak kultu objektutzat hartzen dauz. Erostea, beraz, ekintza altruistea ez eze desafio moduko bat be bada.
Eta noiz arte iraungo dau negozio honek? Antza danez, dan-dana AEBetako bultzatzaileen irudimenaren menpe dago; gero eta bertsino gehiago merkaturatzen dihardue. Prezioak gora doaz. Bien bitartean, handizkako merkatarien artean 19 zentimoan saltzen dira. Atara kontuak.
Begiluzea
Moda honi Lance Armstrong-ek ekin eutson orain dala urtebete eta une honetan fenomeno lotuezina dala emoten dau. Alkartasuna adierazoteko helburua ei daukien koloretako eskumuturrekoen salmenteak itzel egin dau gora: Bretainia Handian umeen kontrako erasoak salatzeko urdinak erabilten dira, AEBetan larrosak bularretako bizienaren kontra, Madrilen gorriak kandidatura olinpikoaren alde egiteko, Israelen laranjak Gazako judutarren asentamentuen alde azaltzeko... Arrazismoaren kontrako zuri-baltzak agortu dira Bilbon eta “momentuz inork ez dau esan ostera be merkaturatuko diran ala ez” adierazo dau “Zubiarte” merkataritza zentroko Nikebilbao-ko saltzaile batek.
Txirrindulariak imajinau be ez eban egiten zer ipinten ebilen martxan bizienaren kontra sortutako Lance Armstrong Foundation (LAF) erakundearen aldeko fondoak batzeko eskumuturreko beilegiak merkaturatu ebazanean. Ideia oso sinplea zan: dolar baten truke (Europan euro bat) eskumuturrean edonork eroan eikean kirolari honen leloa (“Livestrong”, hau da, bizi izan gogor) grabauta eukan banda sintetiko beilegia.
Nike etxearen posturea
Nike multinazionalak gogor oratu eutson ekimen honi: fundazinoari miloe bat dolar emon eta bost miloe eskumuturreko bananduteko konpromisoa hartu eban. Baina ez zan nahikoa izan; LAFren web gunean 40 miloe baino gehiago saldu dira daborduko. Guztiak agortu ziranean, “on line” egindako enkanteak hasi ziran. Eskaerak ikaragarriak izan dira eta interesatuei, kasu batzuetan, bardin izan deutse hogei bider gehiago pageteak be. Hori guztiori ikusita, Nike-k atzera be lagundu eta bultzatuko dau eskumuturrekoen banaketea bagiletik aurrera.
Bezeroen profila 14 urtetik 30 urtera bitarteko persona gaztea da, mutila edo neskea, eta orokorrean modeari jarraitzen deutso alkartasun deialdiari baino askoz gehiago. Horixe da Bilboko hainbat saltzailek dinoena. Neka-neka eginda amaitu dabe Nikek arrazismoaren kontra martxan ipinitako lehenengo kanpainaren ostean.
Eskumuturreko zuri-baltzok euro bi eta erdiko prezioa euki dabe; batutako fondoak Bruselan dagoan “King Baudouin” fundazinora bialdu eta bertan arrazismoaren kontrako proiektuen jardunak hobetzeko ikerlan bat egingo da eta dirua alkarte sentsibilizatuen artean banandu.