Euskaldunok munduan  IV. urtea // 109. zenbakia

Giro euskalduna munduko unibersidadeetan


Iratxe Ormatza

Graduatuen Unibersidadeko Alkarteak Nazinoarteko Ikasle Graduatu Bikainaren Saria emon deutso Pedro Oiarzabali. Oiarzabal bilbotarra da eta doktoregoa egiten dabil Renon, Nevadako Unibersidadean, Euskal Ikasketen sailean. 'Euskal presentzia Interneten' da Oiarzabalen ikerketearen gaia. Nevadako Unibersidadean 20 bat herrialdetako 350 ikasle baino gehiago dagoz eta, danetara, graduatuen artean erdiak atzerritarrak dira.

Beste alde batetik, Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Sailak esan dau Maila Handiko Ikaslearen Douglass Dirulaguntzinoa emongo dauela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Kanpo Harremanetarakon sailak sarian parte hartuko dau. Douglass bekea jasoko dauena Euskal Herriko gaietan aditua izango da eta Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Sailak aukeratuko dau. Dirulaguntzinoa jasoten dauen bitartean, adituak ikerketa garrantzitsua egin beharko dau. Ganera, Euskal Ikasketen Sailak ikerketea argitaratzeko asmoa dauka.

Helsinki, Berlin eta Valentziako unibersidadeetan be, euskarea eta euskal kulturea ikasteko aukerea

Eusko Jaurlaritzak Kultura Sailari baimena emon deutso ituna sinatzeko Helsinkiko Unibersidadeagaz, Berlingo Freie Unibertsitat eta Valentziako Universitat-egaz. Itunari esker, unibersidade horreetako ikasleek aukerea izango dabe euskerea eta euskal kulturea lantzeko. Gauzak holan dirala, Finlandian, Alemanian eta Valentzian euskereak eta euskal kultureak aztarnak ixteko lehen pausuak emongo dabez. Euskerea eta euskal kulturearen ganeko ikastaroak eskaintzen dira Amerikako eta Europako hainbat unibersidadetan eta hori sano garrantzitsua da.