Euskaldunok munduan  IV. urtea // 109. zenbakia

Jai Alaietan gero eta sake gitxiago, gero eta dejada gehiago


Iratxe Ormatza

Zesta-puntako jokoak sano ezagunak izan dira AEBetan. Floridako eta Connecticuteko frontoi edo Jai Alaietara ugari joaten ziran eta oraindino be joaten dira Euskal Herriko eta beste herri batzuetako zestalariak. Gaur egun, baina, egoerea ez da bape ona, eta aspaldion Jai Alai askok ateak zarratu behar izan ditue. AEBetan oraintxe bertan sei pelota-leku baino ez dagoz, danak Floridan.

Laurogeigarreneko hamarkadan zesta-puntan jokatzeko frontoiak jentez beterik egoten ziran. Makina bat apostu egiten zan, eta ikusleak jesarrita eta pasiloetan zutunik be egoten ziran, jokalariei adi-adi. Orduko sasoian, apostuek diru-sarrera handia ekarten eben. Berbarako, 1987an, Dania Jai Alaik berrogeita hamar miloe baino gehiago batu ebazan lau hilabetean. Azkenengo denporaldi osoan, ostera, ia berrogei miloe batu ebezan. Dania Jai Alain aste barruan gehienez bostehun persona alkartzen dira apostuak egiteko, lehen baino askoz be gitxiago.

Jai Alai frontoiek lehia handia izan dabe. Batetik, AEBetako indioek kasinoak zabaltzeko baimena lortu eben. Bestetik, gaur egun makina bat loteria dago.

Eta, azkenik, itsasontziek itxasora urteten dabe eta bertan kasinoak zabaltzeko
aukerea daukie. Horrezaz gan, beste kirol batzuek zale ugari daukie gaur egun.

1988an Jai Alaietako zestalariek huelgea egin eben aseguru handiagoak eta etekinak gehiago banatzeko eskatzeko. Hiru urtetan mobilizazinoetan ibili ostean, jokalariak atzera frontoietara joan ziranean, apustuen mundua ez zan lehengoa eta bezeroek bestelako ohiturak hartu ebezan.

Gaur egun pelota-lekuak burrukan dabilz aurrera egiteko. Izan be, hainbat frontoi zarratu behar izan dabe: Floridan Daytona Beach, Quincy eta Tampa, eta Connecticuten Bridgeport, Hardford, Montville, Newport eta Milford. Diana
Beach bera be ixtear egon da, baina legibiltzarrak apustuak egiteko sistema
aldatzea onartu dau, eta horrek arnasa apur bat hartzeko abagunea emon deutso. Frontoietan makina txanponjaleak jartzeko amesa daukie, eta asko makinetan jokatzeko baino joango ez badira be, frontoi giroa alaitzeko balioko dauelakoan dagoz arduradunak.