Diasporea Eusko Ikaskuntzaren eskutik: Euskal Herria Mugaz Gaindi
Jardunaldietan hasi barriak badira be, dagoeneko adituen artean beharrizan
bat aitatu eta azpimarratu dabe behin eta barriro: diasporeagaz lotutako artxiboak eta dokumentuak batzeko eta katalogetako erakunde bat sortzeko beharra.
Iratxe Ormatza
Aurten, Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazinoarteko bigarren Jardualdiak antolatu
ditu Eusko Ikaskuntzak, maiatzaren 4tik 31ra bitartean. Igaz antolatu ebezan jardunaldiak lehenengo aldiz eta erantzuna sekulakoa izan zan.
Jardunaldiak Eusko ikaskuntzak eta EHUko Historia Sailak antolatu dabez. Aurtengo gaia: ‘Munduan euskal herritarren presentziaren ganeko ikerketak’.
Euskal Herritarrek aztarna ugari itxi izan dabe munduan zehar, eta gaur egun be disporea sano garrantzitsua da bai munduan bai Euskal Herrian. Izan be, zortzigarren herrialdea be esaten jako munduan zehar sakabanatuta dagozan euskaldunei, euskal etxe eta alkarteei.
Adituek eta arloan sartu barri diran ikerlariek parte hartuko dabe jardunaldiotan. Egin daben beharren barri emoteaz gan, helburua be bada alkar ezagutzea eta ikasketei buruzko informazinoa trukatzea eta hartu-emonak lantzea. Parte hartuko dabenen % 40 kanpotik etorriko dira, berbarako AEBetatik, Argentinatik, Uruguaitik, Mexikotik, Kanadatik, Italiatik, Poloniatik, Frantziatik eta Espainiatik. Dana dala, Euskal Herriraino etorri ezin izan diranek aukerea izango dabe bideo-konferentzia bidez jardunaldietan parte hartzeko.