Caparen biografia Edorta Jimenezen eskutik
XX. mendeko jazoera garrantzitsuenen kronikea osotzen dabe Caparen bizitzak eta lanak. Hori ondo daki Edorta Jimenez mundakarrak. Caparen biografia idatzi dau berak, prentsako argazkilaritza modernoaren aitatzat joten danaren bizitzea kontau dau. Bizkaian ataratako 700 argazki baino gehiago ikusi ditu Jimenezek Parisen eta irakurleari datu horreen barri emon guran idatzi dau argazkilariaren biografia. Aurretik baegozan beste lan bi gai beraren ganean, eta horko datuak barriro aztertuz bideratu dau mundakarrak bere azken lana. Idazleak ez dau ingelesez idatzitako biografia horreen laburpena egin gura izan, ikerketearen bidez lortutako datu barriak eskaini baino. Holan ba, Capak Euskal Herrian ataratako argazkiei emon deutse garrantzia.
Argazkilariaren bizimoduak atrapauta dauka Jimenez. ‘Haren bizizaletasuna, zelan jakin eban bizitzari aurre egiten zein maiteak zituan lagunak, zein maite emakumeak, zelan ekien jaten eta edaten, eta gero, holako batean, jan barik eta edan barik geratu ahal zala’.
Ez da lan erraza izan. Autoreak berak onartu dau: ‘gatxena, orain arte idatzi diran biografia nagusi bietan datorrena ganoraz laburtzea izan da. Laburtzea baino gehiago, berridaztea zan, kontaereari erritmoa emoteko’. Bizitasuna emon deutso kontakizunari, geldiezina zan gizonaren pasarteak gogo biziz kontau ditu mundakarrak.
Bizkaie!
Endre Ernö Friedmann Hungarian jaio zan 1913an. Robert Capa goitizenaz ibili zan munduan hara eta hona, argazki kamereagaz, eta izen horregaz beragaz egin zan ezaguna. Batez be gerra lekuetan izan zan erreportajeak egiten, Txinan, Ipar Amerikan, Italian, Euskal Herrian... Hil be, holako egoera batean hil zan, 1954an, Indotxinan.