Kulturea  I. urtea // 13. zenbakia - 2002ko zemendiaren 1a

Nontzeberri: euskeraz egindako kultura-ataria


Aurkezpen eguneko eretxiak

- Lutxo Egia (Nontzeberri): informazinoan, sorkuntzan eta interaktibidadean oinarritutako euskerazko lehen kultura-ataria da Nontzeberri.com.

- Lorea Bilbao (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Zuzendaria): teknologia barriak eta euskerea buztartzea da Administrazinoan dogun erronkea.

- Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusia): euskerea altxorra da eta teknologia barrietan be lekua behar dau. Proiektu integratzailea, gazte jenteari begira pentsautakoa.

http://www.nontzeberri.com

Bonny

Esangurak esangura eta konnotazinoak konnotazino, nontzeberri, kuxkuxero eta begiluze sinonimotzat hartu leitekez, eta berbon barrenera joan ezkero, jakinminez dabilenari esateko erabilten dira. Nontzeberrikoek aparau dabela esan leiteke. Kulturea oso-osoan hartuta, literaturea, musikea, artea, eszenea, bertsolaritzea eta ikus-entzunezkoen mundua jorratzeko asmoa erakutsi dabe. Euskeraz egindako kultura ataria da Nontzeberri, euskal kulturgune interaktibo eta gaztea, kulturea on eta line, Suspergintza Elkartearen ekinbidez eta Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz.

Nontzeberri euskerazko lehen kultura-ataria da. Euskal Herriko eta mundu zabaleko kulturara euskeraz hurreratzeko gaitasuna eskainiko dabe internauten egarria asetzeko beste. Gauzak holan dirala, gure herriaren kultureaganako hartu-emonak estutzeko eta sendotzeko bidea eskainiko dauen webgunea da. Nontzeberrin euskerea da komunikazino hizkuntzea, baina leitekeana da inoiz atal zehatzetan erderea be sartzea (Kale Sound, Net-Art).

Nontzeberri.com-eko helburuak, besteak beste, ondokoak dira: kulturearen inguruan gazte euskaldunak batzea, interaktibidadearen eta sormenaren bidez, gazteen topalekuak sortzea eta euren ideiak eta ardurak plazaratzeko leku bihurtzea, hizkuntza normalizazinoari laguntzea Sarean, kulturea oso-osoan gazte jenteari euskeraz emotea eta munduan sakabanatuta dagozan euskaldunakana heltzea.

Diseinuaren aldetik, Nontzeberri ez da webgune klasikoa. Ataria izan arren, horreen irudiagaz apurtzea da asmoa. Hasikerako orrian, atalak ez dagoz goitik behera edo ezker-eskuinean kokatuta eta ez dago ezelako scrollik. Diseinu anarkikoa baina harmonikoa. Dana dala, diseinua ez da behin betiko izango, aldian-aldian aldatzea da asmoa.

Nontzeberriren helburu nagusia atari aktibo, kreatzaile, dinamiko eta interaktiboa izatea da, eta beharra hiru ardatzetan banandu dabe: Informazinoa, Sorkuntzea eta Interaktibidadea, baina hori bai, bigarrenari eta hirugarrenari emon gura deutse garrantzirik handiena:

Informazinoa

Informazinoari jagokonez, kulturea ahalik eta zentzun zabalenean jorratuko da, hurreko ekimenei lehentasuna emonaz. Barriak, alkarrizketak, jaialdiak, liburu zein disko barrien aurkezpenak eta bestelakoak agertuko dira.

Sorkuntzea

Beste alde batetik, webguneak sortzeko aukerea emongo dau, hau da, webgunea tresna legez erabili ahal izango dabe sortzaileek euren beharrak plazaratzeko. Kantuak edo olerkiak MP3 formatuan, poema bisualak, argazkiak, animazinoa, marrazkiak, diseinua, bertso-jolasak, jolas literarioak...

Interaktibidadea

Interaktibidadea be ezin ahaztu; erabiltzaileak webgunea manipuletako aukerea izango dau eta, horrezaz ganera, Nontzeberrik aukerea emongo dau internautak alkarregaz hartu-emonetan egon daitezan.

Gorago azaldutako moduan, sei atal nagusi topauko doguz: literaturea, musikea, artea, eszenea, bertsoak eta ikus-entzunezkoak. Atal guztietan informazino eguneratua eskainiko da: albisteak, alkarrizketak, jaialdi eta azoken ganeko eretxiak, eretxi artikuluak...

Atalik atal

Literaturan, berbarako, argitaratutako liburuen barri emongo da hainbat eretxi jasoz. Antigualekoak izeneko atalean, lagun batek gogoko testu bat ekarri eta haren inguruko hausnarketea egingo dau. Geroago, olerkiak MP3 formatuan sartzeko asmoa be badago.

Musika atalean, besteak beste, Euskal Herriko hainbat talderen kantuak entzun ahal izango doguz Kale Sound izeneko gunean. Horrezaz ganera, disko barrien aurkezpenetarako lekua be egongo da.

Artean, Bidaiarte eta Argazkigela azpimarratu behar dira. Alde batetik, arte galerietako erakusketak on-line egongo dira. Bestetik, Nontzeberriko argazkilarien serieak ikusi ahal izango dira.

Bertsolaritza arloan, aukera ederra izango da Plazan lehiatzeko. Tartean bertso-jolasak be egongo dira eta Hitza Kantu gunean, bertsozaleek gogoko bertsoak bialduko ditue.

Ikus-entzun atalean, oraingoz ez baina aurrerago euskerazko film laburrak sartzeko asmoa dago.

Bidaiak izeneko atalean, munduan zehar ezagututako lekuen barri emoteko aukerea izango dau internauteak, hau da, kulturearen ikuspegitik ahal dala, 200 edo 300 berbatan. Argazkiak be sartuko dira.

Foroetan, barriz, literatura, musikea edo beste gai batzuen harian eztabaidatzeko aukerea emongo da, eta Zirt edo Zart atalean, internauteak Nontzeberrik egindako itaunari erantzun beharko deutso.

Edozelan be, ganerako atalei ezer kendu barik, webguneko atalik interesgarrienetakoa Zeuk Sortu aldizkaria da; internauteak bere sormen-beharrak sartu ahal izango ditu: argazkiak, diseinua, marrazkiak, bideoak, ipuinak edo bestelakoak. Bi hilabetekaria izango da aldizkaria.