Bertsotan  IV. urtea // 109. zenbakia

Udaberriko Bertso Saioak jaialdia Santutxun


Udaberriko Bertso Saioak ekitaldia maiatzeko lau zapatuetan egingo da Karmelo plazan, 13:00etatik aurrera. Gaiak Santutxuko Bertso Eskoleak jarriko ditu eta ondokoak izango dira, egunez egun, parte-hartzaileak:

Maiatzak 7

Andoni Egaña, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sebastian Lizaso.

Maiatzak 14

Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.

Maiatzak 21

Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Oihana Bartra.

Maiatzak 28

Xukan: ‘Iturrian zer dago?’

- Bertsolariak: Anjel M. Peñagarikano eta Iñaki Murua.
- Trikitilariak: Jon Ansorregi eta Andoni Larrañaga.
- Dantzariak: Ainara Olamusu, Idurre Salvador, Iban Argote, Kimetz Larrañaga eta Aitor Sorazu

Bizkaie!

Santutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak sustatzen daben Udaberriko Bertso Saioak jaialdiaren XXI. edizinoa hasi barri da, punta-puntako bertsolariakaz. Igaz ikusle ugari hurreratu ziran legez, Jaialdia leku berean egingo da aurten be, Santutxuko Karmelo plazan. Ikuskizunak maiatzeko zapatu guztietan izango dira, 13:00etatik aurrera. Halan da be, aurtengo jaialdian badago barrikuntza bat: azken egunean (maiatzaren 28an) Xukan taldeko kideek ‘Iturrian zer dago?’ antzeztuko dabe, dantzea eta bertsolaritzea buztartzen dituan ikuskizuna. Bertsolari bik hartuko dabe parte ikuskizun horretan, hainbat dantzari eta trikitilarigaz batera.

Orain arte jaialdia hainbat lekutan egin izan da, Arenaleko kioskoan, Bidebarrietako liburutegian eta Kafe Antzokian berbarako. Azken urteotan, barriz, holako ikuskizunak kalean egin behar dirala erabagi da. Horregaitik, jaialdia Santutxun egingo da barriro, Bilboko auzorik euskaldunenetarikoa dalako eta orain urte asko martxan jarritako bertso-eskolea be han dagoalako. Bilbotarren artean euskal kulturea eta hizkuntzea sustatzeaz ganera, Udaberriko Bertso Saioak ekitaldiak euskaltzaleentzako topagune izan gura dau, uriko bertso-eskolek egiten daben lana bultzatzeko.

Egitaraua

Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira Santutxun, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra eta Oihana Bartragaz batera. Parte-hartzaileen zerrendea Amets Arzallusek, Fredi Paiak, Arkaitz Estiballesek eta Aitor Mendiluzek osotzen dabe.

‘Iturrian zer dago?’

Jaialdia amaitzeko, ikuskizun handia izango da XXI. emonaldiari amaiera bikaina emoteko. Xukan taldeko kideek ‘Iturrian zer dago?’ antzeztuko dabe. Ikuskizun horrek dantzea eta bertsolaritzea buztartzen ditu.