Barriketan  IV. urtea // 109. zenbakia

Goizalde Landabaso: 'tristeziari eta etsipenari aurre egiteko idazten dot'

Goizalde Landabaso (Deustu, 1970) kazetari eta idazleak bere lehenengo poema liburua argitaratu dau, 'Jat' izenburuagaz eta Elea argitaletxearen eskutik. Bizkaie! beragaz egon da berbetan.

Noz hasi zinan honeek poemok idazten?

Data zehatzik ez daukie: azken bost edo sei urteotan boladaka idatzitakoak dira. Halanda be, une desbardinetan idatzitakoak izan arren, danak dira nonoren hutsaren ondorengoak.

Hasieratik jakin zenduan liburu bat osotzen zengozala?

Ez. Hasieran momentuak baino ez ziran, minak, etsipenak, tristeziak, deserrotzeak... eragindako sentimentu-taupadak. Korapiloak askatzeko idatzi nituan, obsesino bihurtzeko arriskua eukien gauza batzuei kanpotik begiratzeko. Beharbada pentsetan neban, idazterakoan, min hori be atarako nebala. Eta denbora luzean ahaztuta egon ziran, etxe aldaketa baten barriro topau arte.

Asko biluzten zara poemotan. Hori erosoa da idazterakoan? Eta argitaratzerakoan?

Seguruenik, argitaratzeko asmoz idatzi izan banitu, streap-teasea desbardina izango zan. Idaztean ez naz bape deseroso sentidu, Goizaldek Goizalderi idatzitakoak izan ziralako. Neure begietan sortu eta neurea baino ez zan begiradarako sortu ziran. Argitaratzeko erabagia hartzeko, buruari buelta batzuk emon neutsazan. Gatxagoa izan zan hori erabagitea. Ez nekian hori dana besteen begietan ikusi gura neban. Baina, bestetik, kaxoi baten hautsak jaten ezin ziran egon: bidea egiteko jaio ziran, eta nigandik urrunduteko, eta hegaz egiteko.

Liburuak hiru atal daukaz: Gu, Zu eta Neu. Zergaitik banaketa hori?

Jarraitasun bat sortu gura neban, poemen arteko lotura bat. Bizitzan be holan da: jazoera batzuk ezin dira ulertu beste batzuk barik. Gero beste aukera bat be baegoan: poesia bakotxari izena emotea. Horretarako, baina, 75 titulu bilatu behar nituan, eta pentsau neban hau zala biderik egokiena.

'Gu' atala goxo hasten da, maitemindutako bikote baten poemakaz.

Optimismoa agertzen da, baina hori laster aldatuko da. Bizitza holangoa da. Pelikuletako istorio erromantikoak ondo amaitzen dira beti, ordu bi irauten dabelako eta momenturik esanguratsuenean amaitzen diralako; ikusi beharko litzateke zer jazoko zan pelikulak aurrera segiduko baleu: seguruenik, erromantikotasuna errealidadeak jango leuke. Maitasuna garratza be badala ez deuskue irakasten, ez gaitue horretarako preparetan. Nire lagun batek dino berak erreklamazino orriak gura dituala, engainatua sentiduten dala. Eta arrazoia dauka.

'Zu' atala, barriz, sano gogorra da hasikeratik. Zeu zara 'Zu'?

Ni osotasunean ez naz. Badago ni zatiren bat, instanteren bat, bada hor neure sentimendu-aztarnarik, baina ez neurea bakarrik. Itauntzen badeustazu hori irakurrita ni topauko ete nabeen, ba bai eta ez erantzun behar deutsut. Sano gogorra da hasieran, beharbada bai, baina hori be existiduten da. Gizakiak maitatu beste gorrotatu ez ete dau egiten, ez ete dau atsegin beste desatsegin...? Bihotza beteten deuskuen sentimentuak existiduten dira, une zehatz batzuetan ilargira eroaten gaituenak, baina badira bihotza hustu egiten deuskuenak, infernuaren atzaparretara eroaten gaituenak. Danon barruan dagoz, eta ez dira gu, esan gura dot, hori bakarrik ez gara gu, baina hori be bagara, eta ezin dira baztertu, ez ukatu. Horregaz biziten ikasi behar dogu. Beharbada 'on' eta 'txar' kontzeptuak aldatu edo desagertarazo beharko geunkez horretarako, ez dakit, beharbada bai.

Min handia agertzen da atal horretan, eta irakurle asko identifikauta sentiduko dira.

Mina unibersala da. Persona bakotxak bere erara onartzen dau, baina egon, hor dago. Egia da mundu gero eta praktikoago honetan min horrek ez gaituala hilko bere osotasunean, baina minak akabatu egiten dau gure zeozer beti. Arrakaldu egiten gaitu, eta identifikazinoa sortuko da, bai.

'Neu' atala guztiz alderantzizkoa da. Mina gaindituta, gogortutako nonor agertzen da hor. Emoten dau poemok ez dituala persona berak idatzi, hain da jarrera desbardina.

Hori seguruen da pentsetan dogulako personalidade bakarra daukagula, ez ez da holan. Arpegi asko daukagu barruan eta arpegi bat ezagutu ostean beste danak ezagutzen doguzala pentsetan dogu, edo okerrago, besterik ez dagoala. Jakina, gero ezustekoak datoz. Poemak persona berak idatzitakoak dira, baina egoera eta fase desbardinetan. Askok pentsauko dau personalidade anitzeko personea nazala, apur bat desorekatua. Bizitza honetan aurrera egiteko desoreka apur bat behar da. Apur bat zoratuta egon behar dogu jazoten jakuzanak irunsteko eta aurrera egiteko. Beharbada liburu honek neure alde ilun batzuk erakutsi ditu, baina alde argi asko eta asko be badaukaz, e!


Zenbateraino dira autobiografikoak poema honeek?

Gauza batzuetan badira autobiografikoak, ez danetan, jakina. Egoera guztietan ez nago ni, apurtxo bat lapurra be banaz zenbaitetan, besteen minetatik be edan dodalako. Baina itxiko deustazu ni nazan horreek ezkutauta mantentzen, edo behintzat, irakurleari itxiko deutsagu ni nor ete nazan asmau daian.

Liburu hau argitaratu ostean, zer askatu dozu barruan? Libreago zara zeure bizitza personalaren gainean berba egiteko?

Nire buruaren gainean, eta nire bizitza personalaren gainean berba egiteko beti sentidu naz nahiko libre. Egia da lau haizetara ez dodazala esaten, baina galdetzen deustanari erantzuteko sekula ez dot arazorik izan. Sekretuak be badaukadaz, baina libre sentiduten naz barruak askatzeko. Hori, baina, lagunakaz eta ezagunakaz egiten dot. Egia da lasaitua hartu dodala. Liburua sortzeko prozesuan bete-betean egon naz, eta batzuetan agobioa be sentidu dot. Dana botateko gogoa edo. Eta oin nigandik kanpo dagoanez, pisu hori barik sentiduten naz.

Hiru ataletatik, zeinetan sentidu zara hobeto, libreago?

Kontua da ze da atalak prozesu guztiaren amaieran sortu zirala, eta hortaz poemetaz berba egin beharko geunke. Uste dot minaren ostekoetan erosoago sentidu nazala; odol-isuria orbain bihurtu ahala osatu eta gainditu egiten dozulako.

Berotan idatzitako poemak dira?

Berotan idatzitako hazurdurak dira. Poemek lan handia daukie atzean. Uste dot berotan emoten dozula golpea, berotan emoten dozula barruan daukazuna, eta gero formea hotzean emoten da. Kolpean urteten dauenak ez dau askorik irauten. Bueno idazle bikainek beharbada baietz esango dabe, baina horreetan be ez dot pentsetan holan pasetan danik. Orain berba askori begiratua emonda, arrotz sentiduten naz. Eta badakit nik sortutakoak dirala, nigandik urten dabenak, baina gero eta arrotzagoak egiten jataz.

Maitasun goxoaren gainean baino, maitasun etsiaren gainean berba egiterakoan gustorago?

Nik uste dot tristeziak, etsipenak, minak, orokorrean, gehiago emoten dabela. Ez jat Elton john kantaria asko gustetan baina akorduan daukat berak eukan kantu bat, "Sad songs say so much" eta egia da. Gauza tristeek asko iradokitzen dabe. Eta nik tristeziari eta etsipenari aurre egiteko idazten dot gehienetan. Nigandik urruntzeko ariketea da. Apur bat primitiboa emoten dau, baina pentsetan dot nigandik atarata nigandik urrunduko dirala, nahiz eta nire arrazionaltasunak ondo jakin, beti egongo dirala nigaz hutsune horreek, min-ondorenak.

Hiru autore aitatzen dituzu: Hikmet, Benedetti eta Gibran. Zure eraginak dirala esan geinke?

Asko gustetan jataz, eta sasoi batean asko irakurri dodaz. Gustuko dodazan irakurketakaz oso konpulsiboa naz. Idazle batek idatzitakoa gustetan bajat dana erosten dot. Han-hemenka bilatzen dot, eta egia da batzutan frustrazino handiak hartzen dozuzala, idatzi danak ez diralako bardinak, eta ez dozuzalako bardin hartzen. Hiruretatik gehien irakurri dodana Benedetti da, segurutik gehien argitaratu dabena dalako. Hikmet gitxi topau dot. Kasualidadez liburudenda batean deskubridu neban, bere bizitza irakurri, bere poema bat, eta nahikoak izan ziran. Hikmeten bila denpora luzea emon dot, eta oso gitxi lortu; euskerazko itzulpen bat eta antologia bat, besterik ez. Eta Gibranena be bardin antzean.

Zergaitik ‘Jat’ izenburua? Ahoskatzerakoan, gurago ei dozu ‘jat’, ‘yat’ baino. Zergaitik?

Yat oso samurra egiten jat. Eta ‘jat’, aldiz, gogorra da, zorrotza, zakarra, kolpe baten modukoa. Sonoridade gogorra dauka, sarri, zeozer gogorra esaten zabiltzala emoten dau, eta aditz-laguntzaile hutsa baino ez da. Baina hori baino gehiago be bada. Esan gura dot, beharbada ez dauka esangurarik aditz-nagusi barik, baina ‘jat’-ek indarra dauka. Soinuak emoten deutso indarra, eta horregatik aukeratu neban. Ezer ez diran gauzak be badiralako zer. ‘Yat’ biguna begitandu jatan, presentzia gitxikoa, suabea. Eta liburu honek gordintasun gehiago behar eban.

Julen Gabiria