Euskaldunok munduan  IV. urtea // 109. zenbakia

Boiseko euskal ikastaroek AEBetako gobernuaren diru-laguntzinoa jaso dabe


Bizkaie!

AEBetako Hezkuntza Sailak 158.859 dolarreko diru-laguntzinoa emon deutso Boiseko Unibersidadeari (BSU) Euskal Ikasketen ganeko ikastaroa egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzeak be egitasmoan parte hartu dau, 150.000 dolarreko ekarpena eginaz.

Pasa dan urtearen amaieran jarri eben martxan Euskal Ikasketen ganeko ikastaroa Boisen. Euskerazko eskolak emoten izan dauz Diana Lachiondo Boiseko euskaldunak joan dan urtearen amaieratik baina 2005-2006 ikasturteko lehenengo lauhilekoan hiru gai jorratuko dabez ikastaroan: batetik, euskerea (oinarrizko mailea); bestetik, euskal zinemagintzea; eta, azkenik, euskal literaturea eta itzulpengintzea. Ganera, euskal emigrazinoaren historiaren barri izango dabe ikasleek, John Bieterren eskutik.

Eskolez gan, unibersidadeak Basque Museum and Cultural Center gunean eta Boiseko Ikastolan praktikak egiteko aukerea eskaini gura deutse ikasleei. Bestetik, Donostian edo Bilbon egiten dan USAC (University Studies Abroad Consortium) egitasmoan parte hartu ezkero, ikasgai batzuk baliozkotuko deutsez.

Horrezaz ganera, Euskal Ikasketen inguruko Jardunaldiak antolatuko dabez BSU unibersidadean 2007 baino lehen eta egitasmo barriaren webgunea martxan jarteko proiektua be bideratuko dabe.