Taiwaneko gorabeherak
Gaua da eta kaleetan sekulako zaparradea dabil. Taipein gau giro ederra dago eta goizaldean, berandura arte era guztietako dendak zabalik egotea normala da. Horren erakusgarri, ‘Gaueko Azokea’, Taiwaneko sukaldari eta ehundaka tripontzien topaleku. Gustu onekoa da ostren tortilea limonada likatsuagaz batera eta ‘etxeko’ postretzat izoztutako esne ezkatak zenbat gura sirope eta barazkiakaz egindako mermeladakaz horniduta. Gozo-gozo dago eta lagunartean pozarren gagoz. Kulturen arteko gorabeherak, ardurak eta Taiwanek bizi dauen egoera negargarria doguz berbagai. Aldaketa giroa igarten da 22,5 miloe laguneko herrialde honetan. Prozesuan ze oinarri finkatu da duda nagusia. Gaua aurrera doa, orduak konturatu barik joan jakuz eta agur esateko ordua heldu da; laster Euskadin izango ditugu eta batzuen eta besteen asmo politikoek herri abegikor eta langilearen balore garrantsitsuena, hau da, ongizatea baztertuko ez daben itxaropenagaz goaz.
Testua: Demelsa Gonzalez.
Argazkiak: Zigor Aldama.
Lehenengoz ezagutu dot bainuontzia ohea bera baino handiagoko gelea. Bihotzaren formea dauka eta zehaztu bako kolorea, akaso larrosa. Iturriak urre-kolorekoak dira denporeak jandako aire-irteerak lez. Ganerakoan, gela eta hotela nahiko ondo dagoz. Moketeak usteldutako aza usaina dauka eta nozonoz ispiluz hornidutako hormako zulotxua kartoi zati bategaz tapauta dago. Argiak dardara bizian dabiz eta gelako entxufeen artean, baltzituta dagoan batera ez hurreratzea komeni da. Hotelak bezeroen kortesiatzat orraziak, jaboia, porno kateak, preserbatiboak eta harrera gunean, inork be erabilten ez dauen ordenadore bat eskaintzen ditu Interneterako dobaneko konekzino eta guzti; suberte ederra cybercafeen bila ibilten garanontzako.
Uri danetan bizimodua gauez egiten da baina Taipei ez da horretan nabarmentzen. Taipeiko gauzarik deigarriena inoiz eregitako edifizorik altuena da, ezaugarri budistak dituan 509 metroko erraldoia. ‘Taipei 101’ eraikina hur-hurretik begiratu ezkero, lepoko mina egiten jatzu, izan be, goiko muturra hodei artean galtzen da. Baimenik barik 89. pisura heltzeko modua baino ez dago baina beheko pisuko lujo handiko merkataritza gunean, barriz, besoak zabalik hartuko gaitue boltsikoko diru apurrak bertan itxi daiguzan. Bosgarren pisuan, Taiwaneko jatetxe baten sarreran, ukutu berezia emon guran, Picassoren ‘Gernika’ koadroaren kopia bat dago eskala naturalean (kolorea egokia izan daiteke baina ez dot ulertzen gerrearen krudeltasunak zelan eragin leikion inori jateko gogoa). Pisu horretan bertan geldituta gagoz Thinktank (independentziaren aldeko burrukan gobernuaren aholkularitzarako erakundea) enpresan behar egiten daben Taiwaneko neska bigaz. Euretako bat lerdena da, etenik bako irribarreagaz hartzen gaitu eta eztia baizen gozoa da; besteak arpegiko larruazala baltzarana dauka, konfidantzea emoten dau eta haren begiek ardurea eta izakera burrukalaria erakusten dabe. Munduko bazter honetan, berbalagunetako batek txineraz ez dakian kasuetan ohikoa izaten da eurenak barik mendebaldeko izenak erabiltea komunikazinoa eta identifikazinoa errazteko. Gure lagunen ezizenak Estela eta Josefa dira eta Zigor eta biok berbetan gengozala Josefa hurreratu jakunean, orduantxe ezagutu genduzan: ‘Nik pare bat urtetan Salamancan ikasi neban gaztelania sano interesgarria otu jatalako’ dinosku ahots sendoa eta tonu lasaia erabiliz.