Bertsotan  IV. urtea // 108. zenbakia

Bertsolamintza´05


Bertsozale Elkarteak bide luzea egin dau 86an sortu zanetik. Bertsolaritzearen zabalpenean eta transmisinoan gero eta proiektu landuagoak garatzen dauz eta eragiten dauen esparrua zabalduz doa eten barik. Bide horretan geldiuneak behar izaten dira lantzean behin, zertan ari garan eta zer gura dogun jakiteko. Ondo pentsau, hobeto eregiteko. Bertsolamintza da gogoetearen estazino hori. Azkenengoa 2002an egin zan, eta bertsotarako gaien inguruan hausnartzeko antolatu zan. Bertsogintzearen esparrutik bideratu zan orduko ha. Aurten transmisinoan sortu da gogoetarako preminea.

Bertso eskolek urte askotako bidea egin dabe, Elkartearena baino esparru anitzagoan, baina bertsoaren eta gizartearen beraren errealidade barrira egokitu ezinean dabiz asko eta asko. Gogoeta sakona egiteko sasoi aproposa. Bertsozale Elkarteak bertso eskolak babestu eta lagundu gura dauz, eta Bertsolamintza barria antolatu dau arlo honetan aurrera begirako apustuak zehazteko. Bertso eskolena mobimentu zabala da, anitza. Askotariko ereduak dagoz euskal herrietan, lagunarteak, gaztetxuak plazara ataraten dabezanak, helduentzako ikastaroak antolatzen dabezanak... Orain 25 urte Amurizaren ekarpen baliotsuagaz egituratzen hasi zan sareak ibilbide oparoa egin dau. Bertsozale Elkartearen proiektuan zutabeetako bat osotzen dau bertsolaritzearen transmisinoak, eta zeregin horretan bidelagun dira bertso eskolak. Aurten mobimentu horri bultzada barria emon gura deutso, eta asmo horregaz jarri dau bertso eskolen zerbitzura bertso gaietarako gogoeta marko moduan sortu zan Bertsolamintza. Eragileen eretxi eta ekarpenak jaso eta datozen urteetan bertso eskolak laguntzeko martxan jarri beharreko egitasmoak definidu gura dauz Elkarteak.

Lau ataletan eta mintegika antolatuta

Gogoeta lau ataletan banatu da: bertso eskolen izaerea, antolaketea, pedagogia arloa eta ekintza osogarriak. Bertso-eskoletako eragileen zerrenda zabal batek parte hartzen dau gogoeta honetan joan dan apirilean hasita. Jente gaztea dabil parte hartzen, bertso eskolen etorkizuna gaurdanik lantzen ari dan jentea. Esperientzia be ez da ahaztuko, eta gai bakotxean ekarpena egin leikien adituen (eta urteetan arituen) zerrendea be osotu da, gogoeta prozesuan hareengana hurreratzeko asmoagaz. Lantzeko atal bakotxak bere mintegia dauka, zortzi-hamar bat lagunez osotuta, eta lan-talde honeetan dabiz gogoetea egiten. Apirilaren 15ean eta 30ean batu ostean, maiatzaren 14an batuko dira ostera be. Askotariko gaiak jorratuko dabez. Izaerearen lan-taldean bertso eskolen tipologia landuko da, esaterako; antolaketan, ereduak, eguneroko administrazino zereginak eta irakasleen gai mamitsua; pedagogian, formakuntzaz eta material didaktikoaz eztabaidatuko da besteak beste; azkenik, ekintza osogarrien lan-taldean, barnetegiak, udalekuak eta Lankugazko hartu-emonak.

Lan-taldeen mintegi honeek Elkartearen egoitzatan ari dira egiten. Bagilaren 4an eta 25ean lan-talde guztiak batuko dira Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, landutako gaiak eta proposamenak talde zabalean aurkeztu eta eztabaidatzeko. Azkenik, garagarrilaren 2an Bertsolamintza Jardunaldia egingo da, mintegietako parte-hartzaile guztiakaz eta gaiagaz interesa euki leiken edozeini ateak zabalik. Bertan aurkeztuko dira gogoeta prozesuak emondako frutuak, landutako gai nagusiak eta egindako proposamen guztiak. Gero, irailean, Bertso Eskolen Topaketan Bertsolamintzaren ondorioak ikusiko dira, orduan aurkeztuko dira-eta Bertsozale Elkarteak datozan urteetan landuko dauzan egitasmoak bertso eskolen esparruan.

Iñaki Aurrekoetxea

Erroteari eragin barik
urunik ez da etorten,
holantxik gabiz gogoetari
lantzean bide emoten.
Bertsolamintzan gai nagusia
bertso eskolak da aurten,
eragileak batuta dagoz
taldean hausnartu daiten,
bertso eskolan dana ez da-ta
bat-batekoa izaten.