Giro itxaropentsua
Iñaki Atxutegi
Bolada interesgarria bizi dogu. Seguru nago hemendik urte batzuetara gogoan eukiko dogula denporaldi hau gure barruan sortutako itxaropenagaitik. Itxaropena da nagusi euskal gizartean.
Aldaketak datoz. Ez dago aurretik jakiterik zenbaterainoko aldaketak izango doguzan. Transizinoak zelan hasten diran esatea oso erraza da, zelan amaitzen diran, barriz, ez horrenbeste. Baina, hori bai, jakin badakigu edo igarri behintzat igarri geinke aldaketak datozela eta onerako izango dirala.
Orain hilabete batzuk esaten neban “sukaldetik” usain gozoa etorrela. Ez daukat behar besteko informazinorik zelako menua izango dogun esateko baina ez da oso azkarra izan behar “bakea euskal erara” menu horretako plateretako bat izango dala esateko. Ez dago jakiterik lehenengo platera izango dan, bigarrena ala postrea. Jakin badakigu gure mahai ganean izango dala hemendik gitxira.
Daborduko urte bi pasatxo daroaguz hildako barik atentaduak dirala eta. Gainditu beharreko markea da hau. Oraindino bonba leherketak izaten dira lantzean behin, kalte personalik eragiten ez dabezanak. Horreek leherketok bertan behera geratu behar dira aurrera joan ahal izateko. Oraindino leherketak izaten diranean, sentimentu arraroa izaten dogu herritarrok, kontu honeek azkenetan dagozala sentiduten dogu. Nekea sortarazoten dabe gure barruan. Eszenatoki zahar baten amaieran egon gaitekezala pentsetan dogu eta ahalik eta azkarren amaitzea gurako geunke barriari ahalik eta arinen ekiteko.
Apurka apurka Alderdi Popularrak eregitako egoera politiko eta judizial berezia aldatz behera doala emoten dau. Kontuak kontu, Espainiako boteretik zein ETAren aldetik gatazkea samurtu egin dala jakinarazoten bada, gero eta errazagoa izango da zeozelako konfidantzea sortzea bake eta normalizazino prozesu bati ekiteko.
Ez dot esaten eta ez dot esan gura di-da konponduko danik indarkeriaren arazoa. Bake prozesuek denporea behar izaten dabe frutuak emoteko. Begiratu, bestela, Ipar Irlandan zer pasau dan: hamar urteko su etenaren ondoren hasi dira arsenalak desegiten. Prozesu luzeak, korapilotsuak eta malkartsuak izaten dira, baina itxaropenez beterikoak, honeen ondorioz lortu beharrekoak benetan merezidu dau eta.
Ez dau emoten, bestalde, ondorengo hilabeteetan Euskadi eta Espainaren arteko estatusaren ganean berba askorik egingo danik. Ez dot uste, halan da be, gaia baztertu egin beharko danik. Indarkeria ez zan berez sortu, lagun batzuk krudelak ziralako. Indarkeria politikoa kopondu bako arazo politiko baten ondorioa da. Beraz, ez daigun ahaztu, zorioneko bakea lortzeko ezinbestekoa izango dala sakoneko arazoari benetako konponbidea emotea. Gogoratu daigun “euskal arazoa” ez dala indarkeriarena, Frantzia eta Espainiako estaduen egituraketea baino, hau da, euskaldunon borondatea kontuan hartu barik eregi zirala estaduak. Gauzak holan dirala, indarkeria amaitu eta berehala etorriko da Euskadi, Espainia eta Frantziako estatusaren ganean berba egiteko unea.