Bidaide  I. urtea // 13. zenbakia - 2002ko zemendiaren 1a

Istanbul (II)

Turistearen ikuspegia


Amaitzeko, zer moduz Turkiako lireagaz?

Bueno, ohitura kontua baino ez dala esango neuke. Batzuetan, gatx egiten da horrenbeste dirugaz ibiltea kanbioak eskandalua izaten diralako; kontuan izan euro bategaz 1.200.000 Turkiako lira erosi geinkezala; transakzinoetan kontu handiz ibili behar da, normalean diru partida itzelak erabilten ez badoguz behintzat. Dana dala, saltsa horreek ebitetea be erraza da, ze euroak lekurik gehienetan onartzen ditue.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: German Etxebarria eta Jesus Aldama


German Etxebarriak Turkiako uririk garantzitsuenaren, hau da Istanbulen ganeko kontu interesgarriak ekarri euskuzan aurreko zenbakian eta, oraingo honetan, alkarrizketearen bigarren zatia eskainiko deutsuegu. Honezkero, badakigu kontinente bitan bananduta dagoan munduko uri bakarra dana; orain, barriz, Istanbul uriaren alde turistikoa jorratuko dogu: meskitak, bazar edo azokak, turkiar bainuetxeak eta, batez be, kristinautasunaren eta islamaren, ekialdearen eta mendebaldearen nahastearen ondoriozko kultura aberatsa.

Turkian indar handikoa da turismoa eta duda barik Istanbul da uririk erakargarriena. Istanbulen zer da ederrena, turisteak hutsik egin barik ikusi behar dauena?

Istanbul uri zoragarria da ekialdearen ezaugarriakaz disfrutetako eta, ganera, kultur eskaintza zabala dago; berbarako, mundu greko-erromatarraren monumentu asko bisitau leitekez. Musulman kutsua be edonon topauko dogu, eta gure hotela Santa Sofia edo Topkapi Jauregiaren inguruetan badago, goizeko seirak aldera Muezinaren errezuagaz akordauko gara. Lehenengo, hurren dogun meskitako errezua entzungo dogu (altu eta sendo, bozgorailu eta guzti) eta, geroago, oihartzun edo durundi legez, ganerako meskitetako errezuak helduko jakuz. Goizeko ordu txikietan errezuakaz akordetea ez da bape gozoa, baina errezu horreekaz gureagaz zerikusirik ez dauen munduan sartuko gara bete-betean. Beste alde batetik, Istanbul uri aproposa da Konstantinopla zer izan zan jaubetzeko. Santa Sofia, berbarako, kupula erraldoia da, Konstantinoplaren sinbolo bizia, turkiarrek Meskita Urdina eregi baino mila urte lehenago eregitakoa. Monumentu hau eta Istanbuleko beste 'erraldoi' biak, Soliman Meskitea eta Meskita Urdina, derrigor ikustea da nire gomendioa.

Urian ibiltea erraza da?

Bai. Alde europarra eta asiarra Bosforoak edo ibaiak banantzen ditu, baina zubi asko dagoz eta errepidez, garraio publikoa zein pribatua erabiliz erraz ibiliko gara batera eta bestera. Horrezaz ganera, ferriak be badabilz; hori bai, ferrian ibili gura izan ezkero, ordutegiak kontuan izan. Dana dala, onena oinez ibiltea dalakoan nago. Ibiltariei honako ibilbidea proposatzen deutset: Topkapi Jauregian hasi eta lehorrez uria zarratzen eta babestuten eben harresietan amaitu; Galata zubian batera eta bestera osterea egitea be polita da; historia handiko zubia da eta nobela askotan aitatua izan da: Graham Greeneren 'Orient Express' izeneko nobelan edo Eric Amblerren 'Dimitrosen Maskarea' izenekoan; burua antxinako sasoietan kokatzeko Galata zubia zeharkatzea lakorik ez dago; gogoan izan, 1920tik aurrera, Europatik Istanbulera joian bidaiaria, gehienetan Orient Express trenean joaten zala eta gaur egun oraindino tente dagoan Pera Hotelean egiten ebala lo.

Istanbul urian kokatzea gatxa da ohiko hirigintza planifikazinoagaz zerikusirik ez dauelako...

Egia da, Istanbulen kokatzea ez da erraza; izan be, gorago aitatutako alde europarra eta asiarra ez eze, badagoz beste ingurualde batzuk be. Alde europarrean 'Urrezko Adarra' be badago eta zubi asko hara heltzeko. Mutur baten, alde zaharra dago eta hor topauko doguz Santa Sofia, Bazar erraldoia eta Soliman Meskitea. Beste aldean, uriko alde administratibo modernoa dago, sasoi bateko uriburu politikoa Atatürkek uriburua Ankarara eroan arte. Alde honetan, Istiklal kalea dago; oinezkoentzako kalea da, eta bertan dagoz lehen aitatutako Pera Hotela eta uriko hotelik gehienak dagozan Taxim ingurua. Leku horretan eregi zituen enbaxada eta Europako enpresa gehienak Istanbul Turkiako uriburua izan zanean; ingurualde hori behar dan moduan ikusteko osterak oinez egitea komenidu da, eta pare bat egun behar dira; baina denpora barik ibili ezkero, egun bat be nahikoa izango da tranbiak eta bestelako garraio publikoak erabiliz.

Meskita eta bestelako monumentu ederrez ganera, kaleetako giroa be ez dogu ahaztu behar. Kaleko giro horri jagokonez, Istanbulera egindako azken bidaiaren ganean ze irudi geratu jatzu buruan?

Irudi asko dodaz gogoan, baina ezezagunena, beharbada Eminonu kaiaren irudia da; hortik abiatzen dira Bosforoa zeharkatu eta Asialdera doazen ferriak; moila horretan, gabarra edo ontzi zaharretan otarteko onak erosi geinkez, txitxarroa eta berdela ogi tartean. Inguru horretan sortzen dan giroa sekulakoa da. Beste irudi eder bat goizargia Marmara itsasoan ikustea da; leku aproposena Topkapi azpiko Kennedy Etorbideko lorategia da nire ustez. Bazar ospetsuak be ezin ahaztu. Bazar Nagusia, berbarako, ikusgarria da: kale multzo erraldoia hartzen dau eta oso-osoan gangaz tapauta dago dana; zenbait gune ditu, artisauen edo ogibideen arabera sailkatuta eta, oso oker ez banago, munduko bazar edo azokarik handiena da. Onena, hasikeran behintzat erosteko asmo barik joatea da eta kaleetan zehar hara eta hona ibiltea, kolore, usain, hats eta personakaz disfrutetea. Istanbuleko puntu interesgarrienetakoa da; ganera, Bazar Nagusiaren ondoan egipziar bazarra eta espezieetakoa dagoz, eta honeek be ikusteko modukoak dira. Edozelan be, Bazar Nagusia bera uri bategaz konparetea ez da astokeria; izan be, danerik egin daiteke bertan: errezau, behar egin, jan, edan, erosketak egin eta lo.